Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/07/04 19:19:30.811 GMT+2

Irlandan gozo

Goienkaria, 2008.07.04

Hogeita sei urteren buruan itzuli gara etxekoandrea eta biok Irlandara. Ohi bezala, egunero izan dugu euria, baina baita eguzki tarteak eta ateri-une dezenteak. Eta edozein kasutan, eguraldia ez zaigu oztopo izan Irlandaz gozatzeko.

Guinness eta Smithwick's gura adina edan, kale dendaz bete eta koloretsuetan galduta ibili, itsasertz eta laku-ondo zoragarrietan samurtu, Connemarako Michael eta Maria-ren etxeko sutondoan turf (peat) errearen usainetan solastu… Apenas izan da astebete, baina nire neuronek sekulako atsedena hartu dute, ohiko borroketatik libre.

Eta sentitu dut Irlandak oraindik guk baino areago gordetzen duela bizitzaren alde ludikoa. Agian irlandarra banintz, neuk ere bizkar emango niokeen Europa agin zorrozdun honi.

Nork: mikel.2008/07/04 19:19:30.811 GMT+2
Etiketak: guinness ireland connemara | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/06/28 09:52:05.211 GMT+2

Tribua bidegurutzean

Tribua bidegurutzean

Argia, 2008.06.29

Ekainaren 15ean ari naiz idazten, ezin jakin zer gertatuko den 27an EAEko Legebiltzarrean. Ez dut uste, hala ere, arnas luzeko analisi hau hankaz gora uzteko moduko ezer gertatuko denik hor. Hurrengo Jaurlaritza besterik ez baitago jokoan.

Ze tribu?

Euskaldunon tribuaz ari naiz, euskaraz natural bizi nahi dugunon giza multzoaz. Bidean ibilki, puntu komun batera iritsi gara: gure identitatea ez datza genetikan edo geografian, horiek berezkoak ditugu, generoa, garaiera edota bizkarreko garatxoa bezalaxe. Gure identitatea datza guk hautatu dugun kultur nortasunean, eta horren ardatza hizkuntza da. Gure tribuaren kasuan, euskara.

Ze historia?

Jatorri ezberdinetatik gatoz, eta ez dugu historia komunik. Horregatik, ez diogu historiari behar baino gehiago erreparatzen. Gure aurreko euskaldunen historiak balio lezake, gehienez ere, eskarmenturako. Eta ez da gutxi.

Erakusten du, esaterako, ez dugula asmatu nortasuna babesteko aginte-egiturak garatzen. Ezta ere garatu direnetan gure nortasuna txertatzen. Eta bi gabezia horiek eragin dutela, nagusiki, gure egungo ahuldadea.

Ahul?

Bai, ahul, eta hobe dugu gure buruarekin gezurretan ez jardutea. Asko garen tokian ere ez gara nagusi, eta inguru askotan apenas garen. Ez gaude ordea hilzorian. Baditugu gune indartsuak eta sare zabala, nola erabili da kontua.

Enegarren bidegurutzea

Bidegurutzean gaude, asmatu ezinda nola egin aurrera. Kulturgintzan eta herrigintzan txukun gabiltza, harrokeriarik gabe, baina politikak egiten digu kale. Gehienok argi dugu bonbak jarri eta zergatiak euskaraz azaltzea ez dela norabide egokia. Jarrera itun zaleak ere ez daude onenean, ez dira lirikarako garai onenak. Matxinada demokratikoarena, berriz, ezin esan indartzen ari denik. Orduan, nondik?

Hegemonia

Mundua datorren bezala, kultur nortasunean oinarritzen den komunitateak hegemonia du giltzarri, hegemonia lortzeko estrategietan dauka biziraupenerako aukera bakarra. Hegemoniak esan nahi du gizartean gailentzea, eta eskatzen du indar, prestigio, presentzia, eragin eta itzal handia izatea. Gizarteko kultur tribu ezberdinen artean lehena jartzea. Gure bidearen hurrengo geltokia hori da, euskaldunon tribua izan dadila hemen primus inter pares.

Beraz…

Akabo konplexuak eta harrokeriak, kitto indarkeria eta setakeria, utikan mespretxuak eta agoniak. Datozela liderrak eta lobbyak, ideietan berrikuntza eta garaitzeko abilezia, landu ditzagun ausardia eta sormena. Erakuts dezagun besteekiko errespetua eta gidari gaitasuna, eta lortuko dugu gutarrak aurrean jartzea.

Zehatzago

  • Euskaldunon tribuak askatu beharra dauka egitasmo politikoetatik, bakar batek ere ez digu ezer bermatzen, batzuen baitan kokatzea kaltegarri zaigu. Frankismoaren amaieran abertzaletasunaren apustua egin zuen tribuak, eta horrek eman du eman beharrekoa; ez da gutxi izan, baina ez gara iritsi hegemoniara. Areago, bide horretatik ez gara iritsiko..

  • Aurrera egiteko soberan daukagu ideologia, utz dezagun zama hori aldean. Eta haren ordez erabil dezagun teknika: asertibitatea, egoera gatazkatsuak kudeatzeko; marketina, guk daukaguna besteei saltzeko; pertsonen garapen teknikak, liderrak egiteko.

  • Barne sareak trinkotu ditzagun, teknologia alde daukagu. Zantzu ugarik adierazten du euskal amarauna iruten hasia dagoela, eta hori da bidea. Hedabide tradizionalak ere hor behar ditugu, gaurko morrontzetatik libre. Amaraun sendoak ahalbidetuko ditu ekimen indartsuak, lobbyak, sinergiak eta sinkroniak. Hegemonia, finean.

Teknokrata? Mesedez, ez horretan gelditu.

Nork: mikel.2008/06/28 09:52:05.211 GMT+2
Etiketak: norabidea euskara | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/06/27 08:08:15.268 GMT+2

Ino udaletxera

Goienkaria, 2008.06.27

Sinadura eman nuen, baina gero ezin udalean agertu, lan-kontuek Donostian lotuta. Zilegi bekit orain pulpito hau erabiltzea, ekimenarekin bat natorrela adierazteko.

Arrazoi ugari dugu boladan haserre ibiltzeko. Espainiar estatua bere aurpegirik beltzena ari zaigu erakusten euskaldunoi, eta gurekiko ia dena da debekua, kartzela eta ukazioa. Baina ni Inorenak bereziki asaldatu ninduen, indar erakustaldi gisa egin zutelako. Ino kargutik kendu behar zuten eta, bide normalak antzu agertu zirenean, ez zuten inongo begirune etikorik izan bide anormaletara jotzeko. Inpunitatea dute, Espainiako iritzi publikoa mendean hartuta.

Indarraren kontra, duintasuna gelditzen zaigu. Eta irmotasuna. Duintasun irmoz nahi dugu Ino Arrasaten, alkate.

Nork: mikel.2008/06/27 08:08:15.268 GMT+2
Etiketak: alkate arrasate | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/06/20 19:07:40.467 GMT+2

Eguraldi kontuak

Duela lauzpabost urte sekulako uda beroak egin zituen. Eta orduan klima aldaketaren gaineko hipotesiek zioten eguraldia tropikoetatik poloetara ari zela mugitzen. Beraz, labur esateko, guri zetorkigula Errioxako klima. Pentsa nolako albiste ona zen hori mahatsa sartu berria nintzen honentzat!

Baina gutxi iraun dit zorionak. Azken hiru urteetan udaberri erabateko txarrak egin ditu, juxtu mahatsondoa loretik frutara ari denean. Eta gorrinarekin sekulako sustoak hartu ditugu, eta borroka galantak egin behar izan, azkenean emaitza erdipurdikoak lortzeko.

Aurten ere kaltea egina dago. Ea loteriak zer dakarkigun Sanmigeletan! Bide batez, nire elkartasuna errioxarrei. Haien sanoa guri etorri partez, gure gorrina joan baitzaie hara.

Nork: mikel.2008/06/20 19:07:40.467 GMT+2
Etiketak: errioxa mahatsa | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2008/06/13 08:36:59.589 GMT+2

Apalago

Goienkaria, 2008.06.13

Botako diogu grebaren errua hango edo hemengo gobernuari, garraiolariei edo Maria Santisimari. Eta lasai geldituko gara, hiritar zentzuzkoaren kontzientziarekin. Baina alferrik da.

Urte osoan jan nahi dugu tomatea, munduko beste puntatik ekarri behar bada ere. Ez dugu autoa geldirik uzten, ezta deskuidatuta ere. Ordaindu dezakegun guztia nahi dugu, juxtu eta larri ibili behar badugu ere. Eta aski zaigu norbaitek alarma txikiena piztea dendetako apalategiak husteko, atzetik etorriko denaz akordatu ere egin gabe. Hori bai, zerbait okertzen bada, aurkituko dugu nor izendatu errudun.

Ingurukoa jan, gutxiago eta hobeto mugitu, ahal baino maila bat beherago ibili, lankidetzan antolatu… Badago bizitzeko beste modu bat, apalago eta alaiago.

Nork: mikel.2008/06/13 08:36:59.589 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2008/06/06 08:21:38.351 GMT+2

Tranbiaren zain

Goienkaria, 2008.06.06

Azken GOIENKARIAk zekarren azpiegituren publi-gehigarrian, arretaz erreparatu nion tranbiaren gaiari, ea publizitateaz gain informazio zerbait ba ote zetorren. Eta aurkitu nuen aspaldiko leloa Garraio Sailburuaren ahoan: 'Hobe da ondo adostutako proiektua, horrek eraikitzea atzeratuko duen arren'.

Izango dira 10 urte tranbiaren egitasmoa abiatu zela, eta badatoz 4 lehenengo proiektua jendaurrean erakutsi zenetik. Eta, gezurra badirudi ere, oraindik alegazioak jasotzen ari dira! Horren atzean daude gure udalen egoera politiko bihurria eta beste hainbat arazo. Baina, atzerapenaren ondorioak larriak dira: ibarra kohesionatu gabe autopistak jarriko digu mundua eskura. Gasteiz edo Donostia Oñati baino eskurago. Txarto gabiltz.

Nork: mikel.2008/06/06 08:21:38.351 GMT+2
Etiketak: garraioa debagoiena tranbia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/30 07:44:33.911 GMT+2

Korporazioa

Goienkaria, 2008.05.30

Ohituta geunden EMECECE esaten, eta Debagoienean zaila egiten da Mondragon izenarekin hori ordezkatzea. Beraz, zilegi bekit korporazio hitza erabiltzea, zuek jakin dezazuen zertaz ari naizen.

Hain zuzen, albiste izan da kooperatiba taldea bi kidek alde egitea hautatu dutelako. Ez naiz sartuko joan direnen arrazoietan, eta edozein kasutan zorte ona opa diet. Baina, denon hobe beharrez, bai eskatuko nioke korporazioari indartu dezala bere lidergoa, behar direnean har ditzala erabaki zailak ere, eta izan dadila taldearen gidari sendoa. Entzuna baitut –barrukoen ahotik- badituela ahulezia horiek korporazioak. Ezin izan diezaioten esan, taldetik doazenek, Facundo Cabralek zioen hura: ‘Ez da ni banoala, baizik zu gelditzen zarela’.

Nork: mikel.2008/05/30 07:44:33.911 GMT+2
Etiketak: irizar mcc mondragon | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/05/23 08:34:58.908 GMT+2

Biktimak

Ez gara ondo ari, alde bakoitza bere biktimak goresten, besteenak ahaztuta. Uste dut ez dela iritsi orria pasatzeko garaia, oraindik biktima berriak sortzen ari bai dira.

Ez dakit 'terrorismoaren biktimak' izenpean bakoitzak zer sartzen duen. Ez dut ulertzen nola esan dezakeen Maixabel Lasak Jaurlaritzaren izenean onartezina dela lotzea bakea eta marko juridiko berriaren aldarria. Galeriarako?. Kontraesankorra da aldi berean entzutea Kursaalean Goardia Zibila gu defendatzeko dagoela eta Legebiltzarrean torturatu egiten duela. Nahaspila izugarria ikusten dut gai honetan, despiste galanta; batzuk borondate oneko inozo, besteak arrantzale maltzur.

Berradiskidetzea beste zerbait da, sakonagoa. Eta hasten da biolentziak amaitzen direnean.

Nork: mikel.2008/05/23 08:34:58.908 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/05/16 07:41:32.974 GMT+2

Boto okerra

Goienkaria, 2008.05.16

Palestinak Hamas alderdiari eman zion garaipena azken hauteskundeetan eta Mendebaldeak ez du gustuko emaitza. Eta inongo disimulurik gabe, Israel, EEBBak eta Europa zigortzen ari dira palestinarrak oker botatu zutelako. Ospitaleak erregairik gabe gelditzeko zorian dira egunotan, besteak beste.

Debagoienaren botoa ere ez da sarri goragoko batzuen gustukoa izaten. Gogoratu bestela, Ino Galparsoro ez dela bakarrik Arrasateko alkatea, Mankomunitateko lehendakaria ere bada. Eta Debagoiena narrutik ari da ordaintzen bere boto okerra. Momentuz legealdi honetan egin beharreko lan asko hankaz gora gera daitezke sortu den giroarekin. Bestalde, autopista edo tren lasterrak albo batera, noizko Olandixoko tunela edota ibarreko tranbia?

Nork: mikel.2008/05/16 07:41:32.974 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/09 08:41:16.659 GMT+2

Goliat

Goienkaria, 2008.05.09

Ino alkatea kartzelan sartzea indar erakustaldia izan da, Goliat erraldoiak dira egungo estatuak. Espainiakoa, esaterako, gai da iritzi publikoa edonora eramateko, eta horrek erabateko inpunitatea damaio zernahi egiteko. Gai jakinetan, legebiltzarra jar lezake aho bakarrean eta komeni zaizkion legeak egiten, neurrira. Epaile eta auzitegiak ere zordun ditu, gehienak aisa lerratzen dira gobernuak markatutako estrategiara, bakarren bat aurrean jarri ere bai.

Hori guztia egun dute Inorekin. Harrika ibili, kakaztu, eta botoekin kendu ezin zioten alkatetza Garzonekin galarazi. Bale, ona da ohartzea nor dugun arerio, zenbateraino den indartsu. Eta, erne, gogora dezagun Goliat borrokatzeko David txikiak ez zuela preziso boxeoa aukeratu.

Nork: mikel.2008/05/09 08:41:16.659 GMT+2
Etiketak: ino kartzela garzon | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak