Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2012/01/13 08:39:48.071 GMT+1

Mugituko ditugu

Goiena, 2012.01.13

Handia izan zen larunbatekoa Bilbon. Alde bateko lana ondo ari da garatzen, hiru urtean ez da egon (agerian behintzat) atzera pausurik. Beste aldeari kostatzen ari zaio. Rajoy ez da ausarta, hobe amets handirik ez egitea. Baina leloa ere ez da, komeni zaionean zerbait egingo du.

Eta komeni zaio, Europak ez dago soilik Espainiako defizitari begira. Iritzi publikoa oso muturrera joanda dauka eta estu hartuko dute. Baina leloenak ere badaki ETA desagertzea ezinezkoa dela zientoka preso espetxean dauden bitartean; eta zirrikituak ireki beharko direla, berandu baino lehen. “Estatuak jakingo du eskuzabal izaten” entzun izan diegu.

Hori baino lehen, ordea, eskubideak daude. Eta Bilbon eskubideak aldarrikatu ziren. Espainian diote legea bete behar dela. Hemen ere horretan gaude: espetxe politikaren gainetik berma daitezela legeak presoei aitortzen dizkien eskubideak. Eta horretarako ez da behar presoen urratsik; nahikoa da gizalegea, behin jakinda jardunbide armatua amaitu dela betiko.

Udazkenean EAEko hauteskundeak espero daitezke, giro eskasa politikariei ganora eskatzeko. Baina aurten gauzak mugituko dira, mugituko ditugu.

Nork: mikel.2012/01/13 08:39:48.071 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2011/12/16 08:37:59.375 GMT+1

Debagoieneko Tobera

Goiena, 2011.12.16

Bizarra uzten hasi nintzenean ingurukoek ez zuten ezer somatu. Gehienez ere botako zidaten: “Hainbeste denbora libre eta bizarra egiteko astirik ez?” Baina bizarra mostatxo bihurtu zenean azalpenak ematen hasi behar izan nuen, begirada arraroak ikusten bainituen. “Antzerki moduko bat... Arrasaten... Gabonetan...”

tobera-1

Orain argitu da misterioa. Tobera bat egingo da Amaia antzokian, abenduaren 28an. Debagoienean lehen aldiz emango da -Bagara ekimenaren baitan- Zuberoan gorde eta Lasarten suspertu den herri-antzerkiaren molde hau. Kontua da gizartearen arazoak azaleratzea eta umorez jorratzea, konpondu edo gainditu asmoz, beti ere elkarbizitza hobetze aldera.

Debagoiena komunitate gisa sendotzea da azken helburua, jarduera ekonomikoan izan duen garapena gizarte ehunean ere gerta dadin. Mendetako historiak sortutako gizarte ehuna izan da garapen ekonomikoaren oinarri, baina hamarkada gutxi batzuk nahikoa izaten ari dira gure ekosistema ahultzeko eta ongizatea bera kolokan jartzeko.

Antzerki umoretsuak ez ditu aje guztiak konponduko, baina lagundu diezaguke gure arteko liskarrak gainditzen, elkarrekin aurrera egin dezagun.

Nork: mikel.2011/12/16 08:37:59.375 GMT+1
Etiketak: bagara elkarbizitza | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/11/18 08:37:29.221 GMT+1

Otero Kulturaten

Goiena, 2011.11.18

Joan den asteburuan inauguratu zen Xabi Oteroren erakusketa Arrasateko Kulturaten. Xabik berak aukeratutako argazkiak eta diseinu grafikoak daude ikusgai.

Otero argazkilari hasi zen, duela 40 urte. Argia zuen tresna, euskal kultura gai nagusi, eta gizakia helburu. Bere artxiboak baditu 70.000 argazki, milaka batzuk artelanak eta gehienak dokumentalak. Argazkiarekin batera diseinua landu zuen, eta bereak dira 80. hamarkadan famatu ziren hainbat logo eta hormairudi.

Argazkiek eraman zuten liburugintzara eta baditu 200 inguru argitaratuak. Gehienak euskal kulturaren bueltakoak, esparru bakoitzeko adituen testuekin. Hain zuzen aditu horiekin eraiki duen sareak eman dio Xabiri herrigintzarako sekulako tresna. Puntan ibili da Praileaitzeko altxorra gordetzeko borrokan eta berak bultzatu du berriki EHUn egin den jardunaldi bat euskaldunon jatorriaz. Izan ere, azken gai honetan dabil murgilduta Xabi nazioarteko ikerlari ospetsuekin, ea gure iraganaz dagoen hipotesi interesgarri eta mesedegarri bat berresterik dagoen.

Erakusketan ez dago hori guztia, baina bai Xabiren bihotza. Abenduaren erdira arte duzu ikusteko aukera.

Nork: mikel.2011/11/18 08:37:29.221 GMT+1
Etiketak: argazkia kultura diseinua euskal | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/11/03 07:28:43.721 GMT+1

Diputazioak

ARGIA, 2011.11.06

(Aldizkarian kabitzen zen testua letra zuzenean dago. Puntu batzuk gehiago azaltze aldera, blogean oharrak erantsi ditut letra etzanean)

Krisia luzatzen ari da eta defizit publikoa murrizteko administrazioa mehetu beharra aipatzen da. Aldundiak kentzea proposatu zuen Rubalcabak eta horrek gurean berpiztu egin du lurralde historikoen auzia. Bestalde, ETAren adierazpenak ateak ireki ditu gehiengo berriak osatzeko. Osagaiak baditugu koktela prestatzen hasteko.

Aldundi soberanoak

Espainiako legedi gorenean –Konstituzioan- euskal aldundiak dira eskubide historikoen jabe eta hortik datorkie, esaterako, zergak biltzeko eskumen berezkoa. Eusko Jaurlaritzak estatus juridiko ahulagoa du, Murtziaren parekoa. Horregatik, erabakitzeko eskubideari oinarri juridikoa bilatu nahi izan zaionetan, eskubide historikoetara jo izan da. Bestalde, ez da ahaztu behar inoiz hegoaldeko lau lurraldeak bateratzekotan, formularik egingarriena izan daitekeela lau aldundien konfederazio bat.

Ez da gorrin foruzalea, kontu praktikoa baizik. Espainiak egin dezala nahi duena, baina guk ez genituzke aldundi soberanoak ukitu behar euskal eskubide historikoen jabetza beste erakunderen bati aitortzen ez zaion bitartean.

Esparru funtzionalak

Zerbitzu publikoen antolaketa asko garatu da azken hamarkadetan, baina antolaketa esparruak oraindik zaharrak dira. Udala berez ez da unitate funtzionala, gehienak txikiegiak direlako, eta batzuk handiegiak. Eta foru hauteskundeetan oraindik partidu judizialak erabiltzen ditugu, nahiz inork gutxik dakien zein diren ere.

Horiek baino egokiagoa da esparru funtzionala, 50.000-100.000 biztanle tarteko zonalde geografikoa, ezaugarri komunak dituena. Gipuzkoan eta Bizkaian erraz uztartu daiteke eskualde eta mankomunitateekin, eta Araban zein Nafarroan ere ez litzateke zaila.

Gipuzkoa ezagutzen dut ondoen, hemen 9 esparru funtzional edo eskualde bereizten dira ondo: Debagoiena, Debabarrena, Urola-kosta, Goierri, Tolosaldea, Beterri-Donostialdea, Donostia, Oarsoaldea, Bidasoaldea. Kalkulatzen dut Bizkaian izan daitezkeela dozena inguru, Araban lau eta Nafarroan zortzi bat. Guztira 33/34 esparru eta 200 inguru hautetsi. Guzti-guztira.

Hautetsi gutxiago

Administrazioa mehetzeko kontua ez da maila bat edo beste kentzea, daudenak arrazionalizatzea baino. Horretarako ezinbestekoa deritzot hautetsi gutxiago izateari. Nola? Bada kargu ezberdinen arteko inkonpatibilitateak ezabatuta. Batzar Nagusietako kide bat aldi berean Legebiltzarreko kide izanda, gastua erdira dator. Eta ez luke doble lan egin behar. Hautetsien lana ez da kudeaketan aritzea, horretarako daude administrazioko teknikariak. Hautetsiek norabidea jarri behar dute eta jarduera kontrolatu.

Administrazioko teknikariek ardura gehiago hartu behar dituzte kudeaketan, hautetsiari politikak ezartzea dagokio baina ez kudeatzea. Gaur egun energia asko xahutzen da hautetsien eta teknikarien arteko lehian, esparru berean aritzen direlako.

Bide batez, hautetsi bera maila ezberdinetan egonda, bateko eta besteko ikuspegiak integratu egingo lituzke, erakunde arteko gatazkak leunduz.

Zirriborro bat

Demagun hegoalde osoan hautes-prozesu bakar bat egiten dugula lau urtetik behin. Hautes-esparrua litzateke esparru funtzionalen araberako eskualde edo distrito urbanoa. Hor aukeratuko genituzke 6-8 hautetsi eta horiek osatuko lukete mankomunitatearen gobernu kontseilua. Udaletan teknikariak bakarrik leudeke, mankomunitateak ezarritako politikak gauzatzen.

Udalerriak eskualdearen auzune bihurtuko lirateke, eta hor partehartze zuzeneko formulak bultzatu behar dira. Baina soberan daude milaka zinegotzi elkar oztopatzen eta udalak 'gobernatzen', gobernu edo parlamentuak bailiran. Udalerri/auzuneak kudeatu egin behar dira, eta ondo, baina ez 'gobernatu'.

Hautetsi horiek beraiek osatuko lukete, beste eskualdeetakoekin batera, lurraldeko Batzar Nagusia, eta hortik irtengo litzateke Aldundia. Honen funtzio nagusiak lirateke zerga bilketa, mankomunitateen koordinazioa eta Jaurlaritzarekin adostutako eskumen banaketan dagozkionak kudeatzea.

Hainbat politika bateratu egin behar dira, eta Aldundiak ezin dira izan Jaurlaritza txikiak. Horregatik behar da eskumen banaketa zehatza, oro har egitura bateratuaren mesedetan.

Azkenik lurralde bakoitzeko Batzar Nagusiak izendatuko lituzke bere kideen artetik Legebiltzarrean legozkiokeen ordezkariak. Eta ez guztiek kopuru berdina, hori apurtzeko ordua ere etorri da. Lurralde bakoitzak pisu bat dauka populazioan eta barne produktuan, beraz, horien edo antzeko parametroen arabera ordezkari portzentai bat behar luke izan goi ganberan.

Kutxabank-en sorrera izan da azken adibidea EAEn. Hiru kutxen indar-erlazioa honela geratu da: Bizkaia 57, Gipuzkoa 32, Araba 11. Hiru lurraldeena, orotara, ez da urruti ibiliko. Nafarroa txertatuta, ariketa egin dut soilik populazioarekin eta hau irten da: Bizkaia 41, Gipuzkoa 25, Nafarroa 23, Araba 11.

Hasiko gara serio hitz egiten?

Nork: mikel.2011/11/03 07:28:43.721 GMT+1
Etiketak: mankomunitateak administrazioa soberania | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/10/21 11:54:02.207 GMT+2

Zaharkitua

Astelehenean idazten dut Goiena papererako zutabea, eta oraingoan Aieteko ekitaldiari eskaini nion. Arriskutsua zen, astean bertan urratsak egon zitezkeelako, eta juxtu atzo iluntzean etorri zen ETAren adierazpena.

Esan ohi da ez dagoela gauza zaharragorik bezperako egunkaria baino. Internet asmatu zenetik, seguruenik ez da egongo gauza zaharragorik paperean oinarritzen den blog bat baino. Birpentsatu egin beharko dut honen funtzioa.

(Esan gabe doa niretzat ere atzoko adierazpena poz-iturria dela, aro berri baten hasiera, eta abar.)

Nork: mikel.2011/10/21 11:54:02.207 GMT+2
Etiketak: eta adierazpena | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2011/10/21 08:25:54.876 GMT+2

Oraingoan bai

Goiena, 2011.10.21

Ez da oso luzea baina bai mardula bere sinpletasunean. Eta ez da asko aldentzen orain baino lehen ezagutu ditugun proposamenetatik, baina oraingoak hurrenkera argia ezartzen die aldeek egin beharreko urratsei. Itxura guztien arabera, Donostiako konferentzia mugarria izan daiteke -oraingoan bai- atzera bueltarik ez duen bidean.

Bi arrazoi ikusten ditut baikortasunerako. Lehena, ezker abertzalea etengabe aurrera egiteko erakusten ari den erabaki argia, sasi guztien gainetik. Ze irudipena daukat orain baino lehen abiatu diren prozesuetan ez dela egon oraingoan nabari den barne-sendotasuna esparru horretako kolektibo ezberdinen artean.

Eta bi, bake konferentzia berak eman duen irudia: nazioarteko ordezkari garrantzitsuak, mugaren bi aldeetako alderdi gehienak, euskal sozialisten derrepenteko ziaboga... Indar asko ikusi dut hor metatuta, nahikoa –espero dut- adierazpenak eskatzen dituen urratsak eragiteko.

Horregatik, mundua hankaz gora jartzen ari den honetan, gauza ederra da gurean ilusioa pizten duten albisteak jasotzea, gero eta sarriago. Gurdiari denok bultz egiteko ordua da, oraingoan bai, koska hau gainditu dezagun.

Nork: mikel.2011/10/21 08:25:54.876 GMT+2
Etiketak: konferentzia bake | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/09/23 08:25:14.164 GMT+2

Ziabogen ordua

Goiena, 2011.09.23

Batasuna ohiaren ziaboga osatzen ari da iragarritako norabidean. Estrategiari buruz, inoizko argien mintzatu ziren Bateragune epaiketan Arnaldo Otegi eta Rafa Diez bide soilik politikoen alde eta borroka armatuaren zamatik libratu beharraz. Eta, hitzetik ekintzara, Bilduri ardurak eta erabakiak hartzea tokatu zaionean ikusi ditugu ziabogaren onurak, Kutxa Bank egitasmoan nabarmen.

Badirudi ziabogaren azken kolpeak izango direla presoen posizionamendua eta erakunde armatuaren agurra, eta horiek burutzean etorriko dela helmugarako txanpa indartsua.

Beste trainerua, estatu espianiarra, ez da ziabogan hasi ere egin. Hainbeste errepikatuta norabide egokiarena, orain inork ez du adorerik esateko biratu beharra dagoela helmugara iristeko. Zaila, beste behin ere hauteskunde kanpainan egonda.

Eta ziaboga hasten ez duten bitartean lehengoak jarraitzen du, Bateraguneren epai ankerra adibide. Epaitegiak bahituta daude bunker politiko eta mediatikoaren eskutan eta lelo zaharrekin diraute, begi bistakoa ikusi gabe.

Kontua da ziaboga egin eta helmugara bidean jarri denak duela abantaila estropada irabazteko. Itsaso txarrenarekin ere.

Nork: mikel.2011/09/23 08:25:14.164 GMT+2
Etiketak: diez bateragune arnaldo kutxa otegi rafa bank | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2011/09/16 10:09:34.221 GMT+2

Adostasunari gorazarre

Goiena, 2011.09.19

Finantza-sistema espainiarra hankaz gora jarri dute azken bi urteotan. Espainiar bankuak eta munduko merkatuak bat etorri dira kutxen eredua suntsitzeko interesean eta gobernuak irmo gauzatu du haien agindua.

Ekosistema eraldatuan ia ezinezkoa da finantza-jardueran lehiatzea kutxa egiturarekin. Agian 2008ko bategitea gauzatu izan balitz, kutxa hark irauteko aukera izango zukeen. Oraingo egoeran ez zen posible gainditzea aldi berean lege araudien oztopoak eta kontsentsu politikorik eza.

Eta aukeratu da bide posible bakarra: ekosistemak lehenesten duen tresna (bankua) baliatu finantza-jarduerarako, jabetza eta kontrola kutxen eskutan mantenduz, gizarte ekintzari eusteko helburuarekin.

Bildurekin lotu den akordioan bermeak sendotu egin omen dira. Dokumentuen faltan, ezin jakin zenbatekoa izan den eragin hori, baina norabidea gizarte nahiarekin bat datorrenez, izan bedi ongi etorria.

Gainera akordioak badu beste balio erantsi handi bat: adostasuna bera. Oso gauza gutxitan jartzen dira ados gure lau alderdi politiko nagusiak eta, kutxen inguruko katramilak gogoratuta, ezinezkoa lortu da oraingoan. Are gehiago hiru kutxetako gehiengo sindikala ere Kutxa Bank-en alde jarri denean.

Seguruenik ez da inork amestutako egitasmoa, eta baditu arriskuak. Baina hain zuzen herritarron, bezeroon eta langileen artean kontrolatuko dugu bankua. Gure inplikazioa erakunde berriarekin, hori da arriskuak sahiesteko bermetik sendoena, paperetatik haratago.

Nork: mikel.2011/09/16 10:09:34.221 GMT+2
Etiketak: kutxabank bildu | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/09/01 08:02:40.409 GMT+2

Kutxa Bank: honezkero bai

Aspaldi egin nuen amets eskal kutxen bategitearekin, euskal banku publikorantz. Hasieran laurena espero nuen, Federazio bat osatzen baizuten. Baina, beste esparruetan nola, nafar kutxa aldendu egin zuten bere agintariek Federaziotik, oraintsu Sevillara eraman duten arte.

Porrotak eta erasoak

Beste hirurek elkarrenganako bidea hasi zuten 1990-91n, lurralde bakoitzean kutxa munizipala eta probintziala batu ondoren. Eta bidea hastearekin bat hasi ziren trabak eta oztopoak, handik eta hemendik, orain arteko ahalegin ezberdinak hutsean uzteraino.

Ezintasun horretan, ordea, ingurumaria aldatuz joan da eta bereziki azken hiru urteotan erabat bestelakoa bihurtu da. Krisia baliatuz, Espainiako bankuek eta gobernuak aurrezki kutxen aurkako gurutzadari ekin zioten eta, hainbeste estutu dituzte, dagoeneko ez dela bakar bat ere geratzen ohiko moldean iraungo duenik. Guztiak daude banku bihurtzeko bidean, finantz-ekosistema espainiarrean bizirik iraungo badute.

Eredu propioa?

Euskal kutxek, kaudimen handiari esker, bazuten tartea lehen erasoei eutsi eta eredu propio bat lantzeko. Baina lan hori, kutxen zuzendaritzetatik haratago, herrigintza sendoan kokatzen da. Izan ere, kutxen batzar nagusietako herri ordezkariek onartu behar dute haien bilakaera, bi hereneko gehiengoarekin.

Egin zitekeen, duela bizpahiru urte, aditu talde bati egitasmo bat eskatu eta gero egitasmo hori adostu erakunde, alderdi eta sindikatuen artean. Agian lortuko zen, sendotasun finantzarioari beste sendotasun instituzional hori erantsita, Espainiako gobernu eta bankuen afrontu guztiei aurre egitea. Baina ez da egin.

Realpolitik

Eta orain Kutxa Bank da aukera bakarra. Bermeak badaude kutxen bankua izan dadin, bestelako esku-hartzerik gabe. Eta, gaur posible den heinean, seguru da hiru Gizarte Ekintzek iraungo dutela eta haziko direla, bategitearen abantailei esker.

Noski, ametsaren zati batzuk galdu dira bidean, ahaleginak hutsean geratu ahala. Baina Kutxa Bank egitasmoan oraindik geratzen dira, inon geratzekotan, euskal banku publikoaren haziak, herrigintza indartsuak noiz ernaraziko. Bestalde, ziur nago ahalegin honek kale egingo balu hurrengoa txarragoa litzakeela.

Horregatik desio dut –eta espero- Kutxa Bankek jasoko duela irailean hiru batzar nagusien onarpena.

Nork: mikel.2011/09/01 08:02:40.409 GMT+2
Etiketak: publikoa banku kutxak | Permalink | Erantzunak (9) | Errenferentziak: (0)

2011/07/22 08:19:50.929 GMT+2

Opor giroa

Goiena 2011.07.22

Ez da giro oporren bezperan. Eraso betean dabiltza merkatuak estatuen aurka. Ahulezia ekonomikoa non, han agertzen dira harrapariak, rating agentziak aurrez prestatutako bazka jatera. Gero eta txotxongiloago ikusten dira agintariak, ezarritako gidoia antzesten talentu eta konbentzimendu eskasarekin. Une batez ere ez zaie nabaritzen erasoei aurre egiteko adorerik.

Eta bitxia da oso nola merkatu librea, urte oparoetako zoroaldian sekulako aberiak eragin eta gero, are zoroago jokatzen ari den krisiaren erdian, libreago eta berekoiago, inongo aginte publikoren kontrolik gabe. Inondik ere, garai txarrak dira lirikarako.

Baina oporrak datoz, eta abuztuan arazoak konpondu ez dira egingo baina bai lausotu eta urrundu. Marrazoek ez dute atsedenik hartuko baina gai arinagoak nagusituko zaizkigu eguzkiak bigundutako kaskezurrean, eta lagunarte gozoek anestesiatuko digute adimena gutxiago sufri dezagun.

Tarteka gogora dezagun udagoienak ekar ditzakeela kontu pozgarriak euskal gizartearen bilakaeraz. Eta irailerako apuntatu: gizabanakook merkatuari aurre egiteko dugun arma bakarra da harekiko menpekotasuna gutxitzen joatea.

Ondo pasa uda!

Nork: mikel.2011/07/22 08:19:50.929 GMT+2
Etiketak: merkatuak rating agentziak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak