Banderekin nahikorik ez deukogu, antza, gizakiok identitate sinbolo gisa animaliak be erabilten ditugunean. Azken urteotan kotxeko pegatetan erakusten ditugu, Europako hego-mendebaleko bazter animau honetan.
Osborneko zezenagaz hasi ziran espainiarrak (beste batean blogeratuko dot zeozer "festa nazionala"ri buruz), eta atzetik jun ziran kataluniarrak eta astoa. Euskaldunak luzatu ginan apur bat, baina azkenean batzuk ausartu ziran eta, urteetako banaketa guztien ganetik, ardia luzitzeari ekin eutsien Tolosaldean. Eta arrakasta lortu dabe, bai horixe, gaur egun arditxoak edonon ikus daitezkeelako.
Momentuz hor gelditu da kontua, baina imajinatzen hasita, zein izango zan ba galiziarrek erabiliko eben ikurra? Olagarroa? Akaso. Euren auzokide portugaldarrek, argi dago, oilarra paratuko eben. Asturiarrek, agian, behia. Okzitaniarrek (*moltes gràcies, Jordi!*), azeria.
Eta ahuntza? Hori aragoiarrendako, zelan bestela. Kuxkuxeatzen, hango blog batean artikulu hau irakurri dot. Asuntoa da Zaragozan egin behar daben "Expo '08" horretarako maskota aukeratu dabela, eta ahuntz bat baino ttantta bat izango dala, itxura bitxia deukon ttantta bat hain zuzen be. Izen bila ibili ziran, eta aragoieradunek "Chisla" (ttantta) proposatu eben, blog hartan azaltzen dabenez. Azkenean ez dabe irabazi, "Fluvi" izen txit afrusa hautatu dabe eta.
Neu gelditzen naz blog horren izenagaz: *"El rincón del Somardón". Beharbada pentsauko dogu aragoiera hizkuntza txikia eta pobrea dala. Txikia bada, baina pobrea? Chisla hura ederra bazan, adi Somardón horrek zer esan nahi dauan: "Somardón: (Ar.) Persona que sin hablar u ocultando sus intenciones hace lo que le da la gana."* Tumatxa! Aupa ahuntzak!
Erantzunak
Dirudienez, dendeari gustatzen zaio bere aurrean nork gidatzen duen jakitea, edo bere atzean doanari haiek nongoak diren esatea. Ez zaigu gustatzen guztiz anonimoak izatea. Matrikula zaharrekin errazagoa zen kontua, guztiok bait geneukan gure lurraldea hortxe idatzita (edo kotxearena behintzat). Ala ere ezkertzekoa da moda honetan gendea animaliekin identifikatzen hasi izana, eta ez banderekin. Errealidadetik gertugo dago hori ere, errepideak askotan zoologikoak ematen dute eta... (Aste Santuan kasu)
Nork: parrokianoa.2006/04/21 10:53:02.978 GMT+2
Arrazoi, Parrokiano, errepideak zoologikoak dira. Baina askotan identitate sinboloek eta geure berbek ez dabe bat egiten. Esate baterako, gidari batek "Astoa!" deitzen deutsanean beste gidari bateri ez deutsa "kataluniarra" deitzen, beste gauza bat baizik.
Bestela, Xavi-k Aran-etik kontau deusta basurdearen pegatak erabilten dituztela berton. Eskerrik asko, Xavi!
Nork: patxi lurra.2006/04/23 21:37:24.738 GMT+2
www.goiena.net/blogak/patxi
Ene! Gaur bertan ikusi dut kotxe bat nere etxe paren aparkauta basurde pegata zeukala, eta horixe pentsatu dut: nongoa izango da hau ba? Aran-ekoa beraz!! Oso basurde sinpatikoa zen...
Nork: Basurdea ikusita.2006/04/24 09:37:16.415 GMT+2