Volgako Batelariengan, beste behin, oso eztabaida mamitsua piztu egin da. Abiapuntua **Iñaki Segurola*ren "Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo"* liburua izan zan, Juanjo Olasagarrek "luze eta zabal" (Volgatarren estiloan) kritikatuta. Hamahiru erantzun jaso dau mezuak orain arte, blog horretan errekorra dana, txarto gogoratzen ez banaz. Eta eztabaidaren piztaileen artean Juan Luis Zabala, Gerardo Markuleta, Iban Zaldua, eta Juanjo Olasagarre eta Iñaki Segurola eurak dagoz. Esan legez, mamitsu-mamitsua.
Botatako mezuen artean, neuk ulertutakoaren arabera, Herria versus Hiria norgehiagoka zaharra eta konpondubakoa dago. Ahari talkan, hiritarrek eta Herriek alkarren aurka egiten (ei) dabe, modernotasunak eta tradizionaltasunak, estetikak eta identitateak, Kursaal edo Euskaldunako jatetxeek eta sagardotegiek, Euskal Hiriak eta Obabak, Inoren Ero Ni-k eta Kaxianok, Oreka TX-k eta Artze anaiek,...
Inork ez dau zaharra izan nahi, askok hizkuntza zaharra baztertzen daben modu ber-berberan, baina fondoan iraganaldiak haurtzaroa edo garai onak ordezkatzen ditu gehienontzat. Eta sasoi zaharrekiko lotura ez dogu guztiz galdu nahi, eta hizkuntza zaharrei atxikituta segitzen dogu. Agian badaezpada be. Bernardo Atxagaren "Lekuak" edo Juanjo Olasagarre beraren "Ezinezko maletak" honen adibide dirala uste dot.
Baina zelan uztartu banguardia eta tradizinoa? Gaur eta atzo? Harrituta begiratzen dogu zelan Ruper Ordorika bat "Hiru Truku" moduko proiektuan sartu zan edo zelan Aitor Aranak argitaratu eban modernotasun guztien ikurra dan mundu homosexualean erabilteko hiztegia... hizkuntza zaharrean.
Eta hau guztia idaztera animau naz, azken finean, Pedro Almodovarren Volver pelikula ikusi eta gero. Aje guztien ganetik, atzo eta gaur uztartzeko ahalegin ederra dana neure ustez. Petak erretzen dituen eta herri mantxego txiki batean bizi dan pertsonajea adibidez. Ados, geure esparrutik kanpo gazteleraz egindako lana da, Julio Medemen pelikulak be zelabait geure esparrutik kanpokoak diran legez. Baina geurean Antzerkiola Imajinarioa, Karidadeko Benta, Zazpiak Batman, Mihiluzeak, Zenbat Gara, euskarazko bitakorak,... baditugu. Edo atzo argitaratutako hau bezalako artikulu ederra.
Bizi gara!
Idatzi artikulu bat