Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/09/01 20:30:59.501 GMT+2

Vanessa eta neu

Vanessa guztiak ez dira bardinak: Vanessa Sánchez kazetari fina eta haren abots ederra batetik, beste batetik Julen Gabiria -ren ertzain izandako lagun horren neskalagun "freskoa" eta beste batetik Errondabide, Barrenka edo Iturribideko martziano oihukalari koloretsu eta plataformadun horiek.

Imajinatu azken hauetako bateri euskarazko eskola partikularrak emon behar deutsazuzala... 2002/10 /03

Bolada batean neska bati euskarazko eskolak ematen ibili berri naiz eta, sinetsi nazazue, ahaztezina suertatu zait. Denbora galtze hutsa izan da, haren gurasoen dirua tristeki xahutzea, kasu galdua, alferrik aritzea, erabateko porrota. Eta txarragoa dena, hankabiko honek nire pazientzia birrindu du, bera tratatu ondoren erretzeari ekin diot ostera ere, lagunek argaldu naizela behin eta berriro gogorarazten didate, ama arras kezkaturik daukat. Eta okerrena da ni neu ere larritzen hasia nagoela, inoiz nire buruari egin ez dizkiodan galderak orain maizegi etortzen ari zaizkidala: zer gara, nondik gatoz, nora goaz,... Kontatuko dizuedana irakurri eta gero sinetsiko nauzue, bat ere exajeratzen ez nagoela ikusiko duzue, zuei ere gauza bera gertatuko zitzaizuela ulertuko duzue.

Vanessa euskal hiri baten auzo erdaldun batean bizi da, A ereduko hamabost urteko munstroa, telebista zale porrokatua, “Big Brother”-ren ikusle fidela eta OT-k (“Operación Triunfo”) degeneraturiko izaki hori. Izan ere, birritan pentsatu gabe telebistako casting-etara bere burua aurkezten du era konpultsiboan. Bost axola zaizkio jende ilara amaigabeak, euria, eguzkia, gosea, hotza,... edo bera adin-txikikoa izatea. Azkenean hartuko dutela sinesten du, hura bezalako neska plataformaduna eta piercing-duna norbaitek noizbait apreziatuko duela. Ez da neska itsusia edo, baina... hasteko, sekula entzun dudan ahotsik desatseginena dauka, oso (erdal) hiztegi murriztuaren jabea da eta idaztean ortografia kaxkarra baino kaxkarragoa erabiltzen du. Hezibideaz ez gara luzez mintzatuko; “kaixo”, “agur” edo erdal baliokideak entzutean inespresiboki, aluzinaturik begiratuko zaitu eta oso gutxitan erantzungo dizu. Sakeleko telefonoari engantxaturik bizi da, noski. Eguneko ordurik gehienak igarotzen ditu lagunei mezuak bidaltzen eta baita haiengandik jasotzen ere. Kolore bizi-bizidun sega-poto afrusa dauka, jakina, eta, jotzean, melodia gorrotagarri horietako batek torturatuko zaitu. Tamalez, buruan sartuta daukat, eta Pauloven txakurraren moduan erreflexuak baldintzaturik ditut dagoeneko. Inoiz metroan-edo soinutxo madarikatu bera aditzen badut, jartzen dudan hiltzaile aurpegiarengatik, atsekabeak prebenitzeko kartzeleratu behar izango ninduten, zin dagizuet. Klaseetan behin eta berriro jotzen zuen ditxosozko tramunkuluak, nire onetik atera arte. Hasieran euskaraz errieta botatzen nion baina, bukaeran, ikasle alferrontziak nire erdal biraoen hiztegia aberastea lortu du.

Dena den, Atxaga nor den ere jakinarazten lortu ez badut ere, astearte eta osteguneroko bi ordu horiek baliatu ditut atzeraturiko nire gustuko liburuak irakurtzeko, marizarpailak sakelekoaz hizketan jarduten zuen bitartean. Liburuak bata bestearen atzetik irensten nituela ikusita, bere etxerako bidean irakurtzeko material berri bila liburudendatik pasatzen amaitu nintzen. Moralari eutsi nahian, liburudendariei beti esan diet ikaslearentzat zirela erositakoak! Gizarajoa ni! Hala ere, inbertituriko diruarengatik ohorezko kliente izendatu behar izango nindutela askotan pentsatu dut, egunen batean komentatuko diet.

Baina nire amesgaiztoaren mutil-lagunaz ez dizuet ezer aipatu, ezta? Jaungoiko maitea! Hura martzianoa! Ile laranjak gorantz tente-tente, hainbat piercing, txakur mehatxagarriak dituzten elastikoak estu-estu soinean, praka erdi eroriak, plataformadunak ere bai... zintxo-demonio uniformatuta txoritxoa. Israel izena dauka gainera, izorra hadi! Vane x Isra. Inskripzioa auzoko bankuetan, hormetan, kabinetan, ... edonon topa dezakezu. Martzianoak, jakina, plater hegalari galaktikoa dauka. Hori-horia, goitik behera eta behetik gora “makeatuta”, “Estopa” eta enparauak egunez eta gauez jo eta ke, errekaz bestaldean ere entzuteko moduko bolumenean ipinita. Hura zen seinalea klaseak amaitzeko, inoiz hasten baziren. Vanek ziztu bizian biltzen zituen eskuko telefonoa eta bere gauzak eta, agur esan barik noski, alde egiten zuen Bisbalen azkeneko abestiaren doinuak etxeko atarian zain zeukan OVNItik barreiatuta entzutean.

Gorrotatzen ditut eta egun batean, egiatan diotsuet, nazkagarriok akabatuko ditut. Indarkeriaren aurka nago, zezenketen aurkakoa ere banaiz, baina hau Jainkoak agindutako gehiegizko proba suertatzen ari zait. Egunen batean...

Bi urte geroago hemen nago, hiriaren ondoko espetxe famatu honetan. Mota eta kolore guztietako basapiztiak inguruan ditudala: zuriak, horiak, beltzak, gorriak, urdinak, moreak,... Beno, moreak ez, baina ulertuko didazue. Gameluekin bizi naiz, piromanoekin, engainaturiko etorkinekin, hauek engainatzen zituztenekin, garrantzi gutxiko txorixoekin, zapore handiko txistorrekin, abiadura handiko trenekin, politoxikomanoekin, polikiroldegiekin, ezpatak irensten dituztenekin, sua ahotik jaurtitzen dutenekin, ...

2004/10 /03 Two years later.

Eta okerrena, errugabea naizela, hemen denok garen gisan (bereziki sua ahotik botatzen dutenak). Baina neure kasuan are errugabeagoa, epaileak besterik pentsatzen badu ere. Nerbio krisialdiak jotakook, gainera, ez genuen kartzelan egon behar. Gaixoak gara, ez gaiztoak, gaixo gizajoak baino ez. Abokatua ere ezaguna da, geure ezaguna behintzat, zehazki lehengusuaren neska-lagunaren nebaren bikotekide eskoziarraren mutil-lagun ohia, aspalditik hemen inguruan bizi dena. Hark aterako nau hemendik, fijo.

Bo, onartzen dut kontua hasiera-hasieratik joan zitzaidala kontrolpetik pixka bat. Beno, eta neure burua ere beldurtu nuela nire jokaerarekin apurtxo bat. Ados. Denok gara gai inoiz gure burua harritzeko, ezta? Gizakiak oztopoak gainditzeko duen ahalmena da, ustekabeei aurre egiteko eta bizirik irauteko dugun sena, uharte bakartietan arazo handirik gabe moldatzeko denok barnean dugun Robinson Crusoe txiki hori, azalaren kolorea aldatzeko denok dugun Michael Jackson hura, aurkikuntza zientifiko itzelak egiteko denok barruan ditugun Marie Curie eta Pierre Curie horiek...

Bai, alkoholikoa naiz. Gaixorik nago. Eta zer? Egunkariko gurutzegramak egin ditzaket oraindik. Amaren urtebetetze egunaz gogoratzen naiz perfektuki. Bera ez nireaz, dirudienez. Baina ziur aski lanpetuta ibiliko delako. Seme-alaba guztiak giltzapean ditu, santu horrek. Den-denak mertzerietan lapurtzeagatik. Hori bai, ebasten zutena beti pobreei ematen zieten, kolorezko hariak, kremailerak eta abar. Ni izan ezik. Neuk ez ditut sekula gustuko ukan kremailerak. Amorrortuko jaietan txiza egitean eduki nuen “istriputxoa” eta gero, beti ere.

Eta beharbada ni ez nintzen nor Vaneren etxean era horretan sartzeko, irrintzika. Lehendabiziko asmoa Veracruz-eko mariachia kontratatzea zen. Baina aurreko egunean taberna zulo zikin hartan amaitu ginen hamalau mexikarrak eta hamabostok, zeharo horditurik. “Otro tequilita, ‘mano, otro tequilita” Mozkor halakoak! Azkenik, nik neuk egin behar izan nuen lan guztia, bakar-bakarrik. Hori bai, Cupido-k lagunduta. Isra “desagerrarazi” genuen lehenik eta behin, Martitzerako bueltan txakur mehatxagarridun kamisetekin batera bidaliz. “Adio martziano maitea! Adeu txakurtxoak! Vane azkenean nirea izanen da!”. Oso ongi antolaturiko plana zen. Eta ez genion, inolako momentutan, inori inoiz inon kalterik egin nahi. Vane-taz maitemindu nintzenetik behinik behin. Ez duzue ba inoiz entzun gorrototik amodiora urrats ñimiño bat baino ez dagoela?

Nork: patxi lurra.2005/09/01 20:30:59.501 GMT+2
Etiketak: harrikaldiak | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Martzianoen inbasioa da. Bai, gure artean daude...

Ikusten ez duguna esistitzen ez dela pentsatzeko joera daukagu... eta ni ez naiz joaten Vane eta Isra joaten ohi diren diskoteketara, ezta jantzirik erosten haiek erosten duten dendetan... Bai, kaleetatik bai ikusten ditudala, baina beti lau martziano besteriz ez zirela pentsatuz...

Eta horregatik holako webgune baten helbidea pasatu zidatenean (lagun baten lagun baten ezezagun batek aurkitutakoa, gora internet!), kriston sustoa hartu nuen, gure hirietan unibertso paralelo bat dagoela ikusita... eta ni enteratu gabe, neng! ! Gero buruan bueltaka... ea benetako unibertsoa beste hori izango dan, eta &8216;arraroa&8217; ni izango ote naizen (Matrix ikusi genuenetik beti esnatu nahian?).

Eman bueltatxo bat martzianoen planeta horretatik helbide hauetan... Hori bai, astronauta jantziak eraman kutsaturik ez izateko, ingurune kaltegarria da eta!!

http://www.bakala007.blogspot.com

http://www.kiesweb.ya.st

Brrrr... beldur naiz. Hobe dut betiko tabernara jo, han salbu egongo naiz eta...

Nork: Parrokianoa.2005/10/06 11:43:59.921 GMT+2

"Zorrotz-Morrotz" auzo-aldizkaria (Zorrotza/Bilbo). 2005eko ekainaren zenbakia. **Antonio García**ri egindako alkarrizketa, "Rebeder" Tunning Clubeko presidentea danari. 29. orrialdean:

(Aldizkarian itzulia): "Automobila oso gustukoa dut, zainetan gasolina daramadala uste dut".

Holako zeozer gertatuko jako egunen batean Josu el makinetori edo "kie" horietako bateri. Egunen batean, beste martziano bategaz borrokan, odola baino gasolina isuriko jako zaurietatik. Puzkerrak ihes-hoditik botatzen hasiko da, eta gasolinaren-depositoaren abotik, aldiz, edan behar izango dau. Marrak-eta, batek daki, motorraren zuloren batetik edo sartu behar izango ditu. Belarriak, erretrobisoreak. Begiak, faroak.

Egunen batean, martzianoak kotxearen zati bihurtu dira, automobilan guztiz barneratuta, atara ezinik. Gaixotuko direnean nork tratatu behar izango ditu? Sendagileak? Mekanikoak?

Nork: patxi lurra.2005/10/27 18:59:36.575 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak