Aste honetan, azkenean, Iluminados por el fuego pelikula ikustera jun gara. Azken Donostiako Zinemaldian estreinatu eben, irailean, eta ordutik ikusteko gogoekin ibili naz.Are gehiago Deustuko aretoetan "Laster" ekarriko ebela esaten hasi ziranetik... orain dala hilabete pare bat edo gehiago.
Merezi izan dau itxarotea. Pelikula, berez, kalitate handiegikoa ez bada be, istorioa oso interesgarria da. Esteban Leguizamón pertsonaiaren (Gastón Pauls) begietatik kontatzen dau Falkland-Malvinasko Gerra, edo hobeto esanda honek sortutako ondorio batzuk, beti be sentimenduen aldetik. Eta horixe izango da film honeri zelabait ezaugarri terapeutikoak emoten deutsazana, lehenik eta behin ikusle argentinarrei. Mezu anti-gerrazale argi eta garbia deukon lan honek gudaren krudelkeria erakusten dau, eszena lausoen bidez bada be (eskertzekoa dana).
Baina lurraldeen eta aberrien gaia be plazaratzen dau, zelabait nonork argentinarrak engainau egin zituela salatuz. Nonor hori Leopoldo Galtieri diktadorea izan zan, pelikulan esplizitoki erakusten dabena. Eta argenitar herria, biktima nagusia. Burujabetasunaren auzia, dana dan, ez da konpondu gerraren amaieragaz. Gaur egun be ez dira gitxi Malvinetako argentinartasuna aldarrikatzen dabenak, antza Nestor Kirchner gaur egungo presidentetik hasita. Adibidez, Interneteko eztabaidagune honetan argi ikusten da urak oraindino nahasi jaisten dirala. Bestela, oso esanguratsua da filmean erakusten daben gaztelerazko pankarta, gaur egungo Falklandetan ikusgai dagoena: *"Argentinos: serán bienvenidos cuando dejen de reclamar nuestra soberanía"*.
Sasi-munduko uritarrek erabilten daben lelo nagusietakoa da lur puxka baten alde ez dauala merezi borrokatzea. Eta fondoan egia da, baina errealitateak erakusten dau historia osoan zehar utopia ederra baino ez dala. Gibraltar edo Laila-Perejil irlatxotik hasita Irakeraino, Trebiñu, Nafarroa eta Ipar Euskal Herritik igarota. Danok deukogu inperialista txiki edo handi bat barruan.
Idatzi artikulu bat