Izenburu erakargarri hori atzo, zapatuan, Maider eta biok Basaurin ikusi genduan eldarnioari jagoko, Karra Elejaldek sortutako azken antzezlanari hain zuzen be.
Lasai hurbildu ginan antzokira, ikuskizuna "La cabra tira al monte" ("Orhiko xoriak Orhira laket") lanaren bigarren zatia-edo izango zala jakinda. Aretoa nahikoa beteta egoan, Elejalderen zain, eta hau azkenean atara zan, apur bat berandutxo. Antzezlanak (edo neuk) "gitxiagotik gehiagora" jo eban, denpora aurrera jun ahala, eta amaiera apoteosiko xamarra izan zan.
Lelengoa ikusi baldin badozue, bigarren hau antzekoa edukiko dozue oso. Aurreko gaiak ataratzen ditu bata bestearen atzetik (edo, hobeto esanda, bata besteagaz itzulipurdika): Elexa (maiuskulaz) eta Aita Evelio (...elio, ...elio), drogak (legalak eta ilegalak), sexua, zorotasuna eta Dr. Caprune bere psikiatra argentinarra, aberats dirudunak eta gixajo dirubakoak, modaz pasata egoan komunismoa (EHAK-ri esker gaurkotuta deukoguna), Goardia Zibila eta abar.
Eszenaratzea, arras kaotikoa, guztiz delirantea, jeniala. Hogeita bost (25) pertsonaje ezbardinena egin behar dau Elejaldek, berak bakar-bakarrik, batetik bestera ti-ta pasatuz, gatxa baino gatxagoa dana (Extrak beste lan hartaz gogoratu ginan). Kapela izanez gero, bera kentzeko modukoa, alegia.
Istorioa (bai, badago gidoia) "Titanic" itsasontzi "pijo"aren hondoratzea kontatzen dau (edo), modu berezi eta xelebreaz kontauta, zelan bestela. Amaieratik hasikerara, albo batera, gora, beste albo batera, behera,...
Laburbilduz, konbentzionalismo guztien ganetik eta planeta guztien azpitik hegal egiten dauan aztia da Elejalde, ahuntz aluzinogenoa benetan, zineman baino askoz hobeto antzerkian. Ondo etorri ahuntzen topagune honetara!
Idatzi artikulu bat