Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2006/01/08 21:12:06.458 GMT+1

Xarnego

Ni bi munduetakoa naiz. (Jon Maia)

Xarnego

Gaurko egunkarian irakurri dot berari egindako alkarrizketa, beste behin mamitsua. Xarnegotasunari buruz berba egiten dau Maiak eta barriro identifikau naz bertsolari-kantari-pentsalariagaz: *Nik konplexuak eduki ditut nire familiaren jatorriagatik, bertsotan ari nintzela behin tipo bat mikrofono aurrean "extremeño puta", eta "mantxurriano" eginez hasi zitzaidan... eta hori adin batekin ez da erraza. Nik abizenagatik eduki ditut konplexuak eta gauza itsusiak egin ditut nire familiarekiko, baina konturatu nintzen mementotik saiatu naiz kontrakoa egiten. Hortik aberasten.*

Neu be bai. Bi edo gehiagotakoa. Eta Karidadeko Bentariagaz arras identifikauta sentitzen naz. Gustura irakurten ditut berak idatzitakoak, "Nabarra" aldizkarian hilabeteroko bere artikuluak adibidez. Eta Bertsolari Txapelketa Finalean bere aldekoa izan nintzan nagusiki, bertsolari moduan baino (ez naz bape aditua hortan), pentsalari gisa oso gustukoa deukodalako.

Armairutik ataratea ez dala zaila bakarrik homosexualentzako, alegia. "Riomundo" liburuaz (zain deukot) aritzen da be bai, noski. "Inork ez du kontatu etorri ziren haien bizipena hemengoen hizkuntzan" , gogorarazten dau. Eta egia da. Gaur amaitu dodan "Lekuak" liburuan, Bernardo Atxagak ekarten deusku "Declaración de Guillermo" kapitulu ederra, gai honeri buruzkoa hain zuzen be, baina hemengo beste hizkuntza batean idatzitakoa. Bertsolari Txapelketa Finala dala eta, "oraingoan ere abuelak zortzi ordu eman zituen telebistaren aurrean." Ze polita, ezta? Oroitu naz amataz, gurasoak aragoiarrak zituena eta orain 60 urtetik gora dagoela euskara apur bat ikasten dabilena (amatxi izatearren izango da?). Eta Otsagabiataz gogoratu naz, geure ezkontzan Maider eta bioi testua euskaraz irakurri euskunean amak. Azkenik, "Liburua da integratu diren guztiei omenaldi bat", Maiak. Moito obrigado!

Bestela, Jon Benito-k idatzitako beste honetaz gogoratu naz: "Zer zor diegu, zer zama uzten digute, zer barkatu behar diegu, zer eskertu, zertara konprometitzen gaituzte gurasoek? Zenbateraino baldintzatzen dute gure etorkizuna, zenbateraino gure aukera eta erabakiak?"

Eta Xarnege musika talde gaskoi-euskaldunaren lehen diskoaren beste honetaz: "Xarnego" ezkontide mistoen seme-alabei deritze, baita bi kulturak elkar bizi direneko lekuei ere. Batzuetan, hitzari mesprezuzko zentzua ematen bazaio ere, geuk bere alde positiboena hartu nahi izan dugu: Xarnege bi kulturak (euskaldun eta gaskoiena) ezagutu eta maite dituena da."

Amaitzeko, Mikel Morris: "Euskalduna naiz, bai horixe, euskaraduna alegia, baina ez naiz Hegoaldeko baskoa. Hori ezinezkoa da. Horrelaxe da Europa. Estatubatuarra nahiz brasildarra zein australiarra izan ninteke, baina nekez bizitza honetan behintzat izango naiz baskoa. (...) Hemen, kasurik hoberenean, euskaraz dakien amerikarra (edo yankia) izango naiz hil arte; baina, behintzat, eta horixe jakin bedi, amerikar euskaltzale amorratua."

Atzo, Durangoko Andra Mari elexpe ederrean "xarnego" batzuk ikusi nituen, baita "aborigen" batzuk be, batzuk inkluso labeldunak izango ziranak, euren burua "euskaldunzahar"tzat hartuko dabenak. Dan-danak Baskistango hizkuntza nagusian berbetan. Eta gaztetxean, beste hainbeste.

eta euskaldun barria

Jon Maiak ederto tratatzen dau kontu hau be bai: "Euskaldun berri terminoa bakarrik erabili beharko litzateke estatistiketarako, bestela ez diot zentzurik ikusten pertsona bati bizitza osorako etiketa hori jartzeari. (...) Euskaldun berri asko ikusten dut aurkeztu orduko barkamen eske bezala, zerbait txarra izango balitz bezala."

Patxi Lurra be luze aritu zan honeri buruz beste hartan.

Indautxuko AEKn irakasle eduki neban Manolo "xarnego"ari dedikauta, esker onez.

Nork: patxi lurra.2006/01/08 21:12:06.458 GMT+1
Etiketak: ahuntzak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak