"Gutxiengo izan eta gutxiengo gisa bizitzen ohituak gara, eta gutxiengo gehiengotua izateko uneak ere zalantzan jartzen ez gara, ez, herrenak. Horregatik antolatzen ditugu Durangoko Azokaren egokitasunaren gaineko eztabaidak, behingoz gehiengo izateak arrotz sentiarazten baikaitu. Herri zokoren batean beste zazpi lagunekin hitzaldi bat entzutearen egokitasunaren eztabaidarik ez dugu egingo, azaldutako hori oso ohikoa eta ez oso osasuntsua izan arren. Baina zazpi baino gehiago elkartuz gero, beharbada neoliberalismoari men egin diogu, eta hori, aizu, ez da ona". Lander Garro (nabarra aldizkariaren 57. zk) Lau urtean behin euskaldun batzuk batzen gara Bertsolari Txapelketaren Finalean, besteak beste eta egun batez bada be, geure ugartean (edo ugarteetan) Robinson Crusoe bezain isolaturik baino jente multzo handi baten barruan geure burua ikusi ahal izateko. "Zenbat Gara?" galderaren aurrean "lau, bat, hiru, bost, zazpi" ez baizik eta "13.000" erantzun ahal izateko. Azken finean, egun batez bada be, hain txikiak ez zentitzeko. Lau urtean behingo bultzada da, aixe sarrera sakona. Urtean behingo Durangoko txutea legezkoa, ajeak gora-behera.
Egun ederra izan zan, zinez. Emozinoz betetakoa. Eta hasteko, neure mendebaleko euskararen maistra izan zan **Zuriñe Iarritu aurkezle lanetan ikustea, haurdun xamar egonda eta guzti! Aupa zu! BEC-tsolaritzari jagokonez, aldiz, badakizue: Andoni Egaña** izan da aurtongo "belarritakoduna" (Mikel Elortzaren berbetan), neure ustez merezitakoa. Eta bigarrena, belarritakodunordea beraz, bizkaitarra dogu, Unai Iturriaga jauna (Berandu da gelditzeko!). Hirugarren postuan, aukeran, Amets Arzallus ipiniko neuke neuk, eta laugarren, Jon Maia (itzela atzoko pankarta: Aurten, "gordoa" altuak. Karidaderik gabe, Jon!).
Atzoko aje bakarra, baina, oinaztar eta ganboatarren arteko hamaikagarren batailatxoa. Maialen Lujanbiok bertso ederra bota eban honeri buruz, oinaztar/ganboatartasunaren ganetik bertsolaritza euskaradunok batzeko esparrua izan daitekeela gogoratuz. Baina askok gurago izan eben justu kontrakoa egitea eta, partida etxean zala aprobetxauz, mendeku txikia hartzea bisitari batzuekin, alegia. Euren leinu edo etorkiaren arabera. Zer izan zan bestela txintxo/gaizto sailkapen manikeoaren arabera gogoz txalotze/txistukatze hura?
"Oinaz eta Ganboa, Agramondarrak eta Beamondarrak. Lehen hala; orain hola. Orain bonet ferdeak, zuriak eta gorriak. Lehen, Mikel Aingeru nafarra, fraka urdinak eta fraka gorriak. Lehen Nafarroa Beheretik Bizkai Garaira; orain Bizkai Beheretik Nafarroa Garaira." (Gabriel Aresti, "Atzesku eta aurresku").
PD Artaldetik ihes egitera nor ausartzen da, Gabriel?
Erantzunak
Earra izan zen bai eta gozatua ere tamainakoa. Giroa aparta, lau urtean behin gustora irensten da horrelako bertso-gaindosi bat, primerako kalitateko bankete baten gisara. Belaunaldi berrien inkorporazioa, gaien tratamendu irekia, melodia berrien zirrara, finalerako egoitza berria... berritasun asko ekarri ditu azken txapelketak eta egoki uztartu dira. Urte askuan!
Nork: loremikele.2005/12/20 14:27:58.878 GMT+1
Horixe galdetzen dau gaurko egunkarian Haritza Camblong-ek. Bere gutunetik atarata, galdera interesgarri gehiago dago: "BBK txistukatzen zutenen artean, ez ote zen banketxe hortako bezerorik? BECetik ateratzean gazteleraz mintzatzen zen jendearen artean, txistuak bota zituztenik ba ote zen?"
Atzo, Fermin Etxegoienek be aintzat hartu eban gaia bere "ekografian", Miren Azkaratek entzundako "sekulako txistu hots altisonantea" aipatuz. Halaber, "duela gutxi arte izan dugun emakume euskaltzain bakarra" dala gogoratuz. Eta Andres Urrutia Euskaltzaindiako burua txistualditik at gelditu zala komentauz.
Azkenik, Unai Iturriaga Elkarriren aldizkarian "Bertsolaritzan ezker abertzalea gailentzen delako kritika hau denboraz kanpo eta oso ezagutza txikiarekin egin da."
Denporaz kanpo? Ezagutza txikiagaz?
Nork: patxi lurra.2005/12/21 18:54:12.094 GMT+1