**Jose Angel Jiménez iruinsemeak eta Juan Gautier madrildarrak "Sanfermines 78" dokumentala pantailara ekarri deuskue azken asteotan. Hasi, jakina, uriburu foraletik hasi dira, eta berton oraindino ikusgai dago (Golem Yamaguchin). Baina Nafarroako Mendebalean be emoten dabe, Bilbon (Multi zinemetan), eta hamen aukera eduki dot lana ikusteko. Zertaz da pelikula? Lehenik eta behin, dokumentalaren "etxeko ukitua" komentau gura dot, Botxoko Multietan behintzat DVD formatuan** emoten dabenez. Muntaiaren kalitatea, baina, bikaina da.
Mamia, bestela, askok ezagutuko dozue: 1978ko San Ferminetan, inguruko egunak tentsino handikoak izan eta gero, Espainiako Polizia Iruñeko zezen-plazara sartu zan, amnistia eskatzen lagun batzuk zebiltzalako atxakiaz, eta ondorengo liskarretan **German Rodríguez** gaztea hil egin eben.
Hilketaren arduradun zuzena zein izan zan ez dabe argitu, 25 urte baino gehiago pasa ondoren. Ezta argituko be, hildakoaren familiak ez epaiketarik ez justiziarik lortu ez ebalako. Beraz, pelikularen amaiera badakizue ordurako ez zenekitenok.
Baina neure ustez mamia da benetan interesgarria dana (muntaia ederraz aparte). Ahari talka beste behin pantailaratuta, benetako gertaeretan oinarrituta. "Euskal Pilota. Larrua harriaren kontra" lana burura etorten jatan beste dokumental hau ikustean. Eta ahari talka trajiko honetan, aker talde bateko buruak, **Martín Villa*k (orduko Barne Ministroa) emon eustan azpititulua egiteko behar nebana: "Gureak akatsak dira, besteak krimenak"*. Poliziak edo sistemak eragindako hilketak huts egiteak baino ez direla, alegia, eta besteenak (ETArenak, 1978an bereziki ugariak) krimenak. Despeinau barik!
Bestela, aitortu behar dot "Transizinoa" deitutako garai hark asko erakarten nauela. Bizarren estetika hura, orduko telediaridxoak, Lemoizko asuntua, lelengo hauteskundeak (horretaz lainoetan legez gordetzen dot zeozer buruan, 1971an jaio nintzanez), amaren Citröen Dyane 6 urdin deskapotablea, "Bai estatutuari" pegatina horiek, "Presoak kalera, Amnistia osoa" pintada mitikoak, "La Muralla" eta "Aita-semeak" abestiak,... Gaur egun, "27 horas" edo "Sanfermines 78" moduko pelikulak ikusten ditut atsegin handiz. Nahiz eta garai haiek gogor xamarrak izan (Gasteiz-Montejurra-78ko Sanferminak-Tejeroren kolpea). Azken finean haurtzaroko garaiak ziran horiek neuretzako, eta askotan nahikoa nostaljikoa naz (Zizpurua!). Blogeratuko dodan hurrengo Harrikaldiaren pertsonaia garai hartan ainguratuta gelditu zan, hain zuen be.
Amaitzeko, Nafarroako Gobernuak dokumentala diruz lagundu dauala azpimarratu nahi dot. Ahuntzaren konportamendua eduki dabe oraingoan. Ongi!
Eta dokumentalaren egileek kreditoetan sartutako keinua be, goraipatzekoa da. Lanean parte hartutako euskaldunei berton erdaraz egin izana eskertzen deutsie, pelikula egitea erraztearren. (Dana dan, azpititulutxo batzuk sekula ez dagoz soberan).
Erantzunak
Kaixo Patxi:
Ez dakit Donostira iritsi ote den, baina ikusteko gogoa daukat.
Aio.
Nork: iturri.2005/10/24 22:24:31.921 GMT+2
http://www.eibar.org/blogak/iturri