Uriaren zaindaria danak mirakuluak egiten dituela ateo dongeenek be onartu behar dabe. Bestela, zelan azaldu Unamuno plazan egunero gertatzen dana?
Geure etxetik gertu, urrutirago joan barik, oso ekosistema xelebrea sortu da azken asteotan, fededun ez direnek eta kanpotarrek ziur aski nekez sinets dezaketenak. Zazpi Kaleetako metroko sarrera/urteera dan Unamuno plazan, bazter batean, Iturribide kaleko izkinan kokatuta dago Arrarotasun Handiko gizaTalde hau.
Bihar, urriak 11an, **Andra Mari Begoñakoaren eguna izango da, egun “berezia eta garrantzitsua” ganorazko bilbotarrendako. Bihar berton be Zea Mays**en kontzertua egongo da, ganora bako bilbotarrendako tentazino ederra.
Alde batetik, Botxoko kinkirik handienetakoak batzen dira egunero izkin hartan. Hasteko, ijito / buhame / motxaile koadrila bat, etxe bakoitzeko onena. Komertzial lanetan ibilten dira 24 orduz, beti be saltzen daben merkantzia primerakoa dala argi erakutsiz, eurek be kontsumitzen dabe-eta. Eurekin batera, Bilbaoko azkenetariko junkee-ak biltzen dira, zaldiak, HIESak eta minbiziak akabatu ez dituzten horiek.
Auzokide hauen ondoan, "Aitama" delicatessen denda kokatuta dago. Gutiziak, ardau onak, salgai garestitxoak,... Urteak daroiaz tentazino-denda honek lehen aitatutako uritar horiekin alkarbizitzan, ezinezko oreka batean, mirakuluzko ekosistema sortuz. Borobiltzeko, orain dala aste batzuk Aitor Diego bitxigileak denda aldatu dau Dendarikaletik bazter animatu honetara. Zilarra lantzen dau artista honek, eraztunak, lepokoak eta abar eginez. Tentazino gehiago!
Eta lehen esan moduan, tentazinoa be ekarriko deuskue bihar uriaren seme-alabak diran Zea Mays (Artoa) taldekoek, Tenplua -n egingo daben kontzertuaren bidez. Ez dot Errekaldeko Aiora **Begoñako Andra Marigaz konparau egin nahi, ezta hurrik emon be. Kontua da Mari Jaia**ren ohorez ospatutako Aste Santuan, talde bilbotarrak kontzertua emon ebela, eta ordutik errekaldetarrak be mirakuluak egiteko gai izango dirala pentsetan hasi naz. "Sortuz grabitatearen aurka" deuko izena euren azkeneko diskoak. Grabitatearen kontra jaio? Ezin leike! Asier, Iñaki, Ruben eta Aiora mirakuluak egiten edo bestela sorginkeriatan ibiliko dira...
Neu Arrasaten ibiliko naz lanean eta bihar ezin Tenplura joan, baina kontauko deustazue zer iruditu kontzertua. Neuri behintzat Aste Nagusikoa gustau egin jatan.
Txibediamo!
Erantzunak
Ekosistema horretako pare bat ale ahaztu zaizu, kolore asko ematen diotenak:
Nork: Felix Rodrigez Iturri.2005/10/11 11:29:32.633 GMT+2
Kronikarik ez dot egingo, ez naz hortan abila. Baina barikukoa ona izan zan. Kafe Antzokia (tenplua?) lepo, jentea gogotsu eta taldea beste horrenbeste.
"Sortuz grabitatearen aurka", kriston diska egin dabe eta barikuan oso argi utzi eben urtetako eskarmentua.
Ez zendun Arrasatetik entzun Aioraren ahotsa?
Nork: Auzokidea.2005/10/13 18:24:10.787 GMT+2
Sekulakoa da diskoa, bai horixe. Felix Rodriguez Iturri-k utzi deusta eta gustura baino gusturago entzuten dot. Ohiko indarra deuko eta ganera abesti mantso borobil hura egin dabe.
Orain dala urte pare bat egon nintzan Tenpluan euren kontzertua ikusten eta itzela izan zan. Amaieran atara zan Pi-LTn egondako teklatu jole zoro hura, txorakeriak egiten, eta hola amaitu zan.
Zergaitik "Tenplua"? Aker batzuek "Kafe Batzokia" deitzen ei deutsie. Neuretzako ahuntzen beste topagune bat da, bariku eta zapatu gauetako erromes askoren amaierako puntua. Baita astean zeharreko euskaradunon erreserba espiritual bat be. Liderra jun izan jaku, Jose Angel Irigarai, baina gogoan deukogu. Zenbat gara, Auzokidea?
Nork: patxi lurra.2005/10/14 18:33:23.596 GMT+2
Ondo, ondo. Ez neban tenpluarena ulertzen, baina kontramanifestazio moduan onartzen dot. Neuk be nahiago dodaz holako guneak, noizbehinka hara batzeko balio daben bitartean behintzat. Zenbat garen ez dakit, baina gero ta gehiago garela bai! (baikorrak ez bagara, akabo)
Nork: Auzokidea.2005/10/15 19:30:23.749 GMT+2