Aita Donostia-Autonomia-Udaletxea ibilbidea Euskal Herriko Manifestodromoa dan arren, "Bilbon ez da protestatzen".
Edo hori behinik behin pentsetan dau hirugarren Alonso batek (Xabi eta Fernando dira beste biak), Alfonso Alonsok alegia, Gasteizko auzapez txit agurgarriak. Gaurko egunkariak dakar: "Alde nahikoa ateratzen dit Bilboko alkateak, hark gaztetxe batzuk bota dituelako eta nik bat ere ez. Alabaina, Azkuna EAJkoa denez, Bilbon ez da protestatzen".
Egia esan, **Iñaki Azkuna**ren aurkako protesta batzuk naïf xamarrak dira, neure auzoan irakurri neban grafitti honen modukoak: "Azkuna, ez izan hain astuna". Euskaraz eta guzti, baina indar barik.
Askoz zuzenagoa eta zorrotza zan Iruñeko grafitti bikain hori, Yolanda Barcinari dedikatutakoa: *"Barcina, sólo creas discordia".* Ederra! Euskal Jai gaztetxe desagertuan pintau eben.
Beraz, bilbotarrok, protestanteak izan gaitezen. Ez daigun bakarrik laga Julen Gabiria Azkunaren aurrean, beste hartan legez (aupa Julen!). Eta Aste Nagusian, banderen egunean, itzul gaitezen garai on horietara eta danok kalera, La Bastilla hartzera!
Seriotan, esanguratsua iruditu egin jatan "Urban Circuit " hori zala eta inon irakurri neban alkarrizketa bat. Auzokide batzuei galdezka ebiltzan hedabide batean zorioneko kotxeen lasterketa horreri buruz. Botxotar baten erantzuna zan ez zala jungo lasterketa horren aurkako protestetara, nahiz eta kontra egon. Arrazoia, "betikoek" antolatzen ebela.
Gora Sartaguda!
Erantzunak
Guztiz ados: Bilbon ez da Azkunaren kontra behar beste protestatzen, eta behar beste diot, batzuek egiten dabelako (Sorgintxuloren bueltan Santutxuko gazteek edo Kukutzaren alde Errekaldekoek egiten dabena ahaztu barik!). Merezi daben alkatea daukie Bilbotarrek? Alonsok be arrazoi apur bat badu (behingoagatik onartuko diogu hori). Azkunak partidoko karneta ez balu, Bilboko jeltzaleek zer esango eben? Eta Radio Euskadiko "panfleteroek" (Lapitz & company)? Azkunak partidoko karnetik ez balu, igual jeltzaleek "zentzura mozioa" jarriko eben, Arabarren estilora. Eta Radio Euskadiko tertulianoek Sorgintxuloren aldeko kanpaina egingo eben, Iruñeako Euskal Jairen aldekoaren antzekoa. Noizko prepotentziaren aurkako kanpaina antolatua?
Nork: Auzokidea.2005/10/02 19:45:43.657 GMT+2
"Berria"k domekaro ataraten dauan "Igandea" gehigarrian azaltzen da neuretzat pertsona ezezaguna baina oso interesgarri bateri egindako alkarrizketa. **Jesús Fernández Naves** dau izena gizon honek, abadea izandakoa, eta hainbat borrokatan ibilitakoa: Asturies, Argentina eta Gasteizen langileen alde eta azken urteotan mugimendu antimilitaristan.
Alkarrizketa osoak merezi dau (bertsino digitalean ez dago), baina pasarte batean Gasteizko gaztetxeari buruz galdetzen deutsie, eta haren erantzuna hauxe:
"Gazteriaren gaur egungo arazo nagusietako bat da indibidualismoak jota dagoela (...) Gaztetxeen aldeko borroketan, beste askotan bezala, jakitun izan behar da etsaia barruan daukagula. Gaztetxeak irabazi ahal du, baina aurkaria ez da soilik Udala."
Bat nator beragaz. Zenbat jente konprometitzen da benetan (eta parte hartzen dabe) gaztetxeen bezalako ekimenetan? Zenbat gaztek paso egiten dabe inolako konpromezutaz? Aurkariak ez dira soilik Azkuna, Alonso edo Barcina, baizik Mikel eta Ainhoa axolagabe horiek guztiak be bai, neure ustez.
Nork: patxi lurra.2005/10/02 20:55:15.802 GMT+2
Axolagabe bat naiz, Mikel edo Ainhoa izan daiteke nire izena, eta ez dut lotsarik gainera.
Ez gara orain gure burua harrikatzera dedikatuko, edo? Oraindik ere maila ezberdineko ardurak daude, eta nik ez ditut talde berdinean sartuko Barcina, Azkuna eta enparauak Mikel eta Ainhoarekin. Hemen bakoitzak bere pekatutxoak ditu: Mikel ez da gaztetxean inplikatzen, Ainhoa ez da Bilboko kotxe karreren kontrako manifestaziora joan eta Patriciak ez du zezenketen aurkako enkarteladan parte hartzen. Baina ez dezagun ahaztu Barcinak itxi zuela Jai-Alai (Azkunak Sorgintxulo), Azkunak antolatu duela Bilbon aspaldian egin den astakeriarik handienetakoa (kotxe karrerataz ari naiz, baina beste batzuk ere bururatzen zaizkit) eta Alonsok ordaintzen dituela Gasteizko zezen plazako triskantzak. Bakoitzari berea, beraz.
Axolagabekeria neurtzeko orduan kontu izan dezagun neurgailuekin, denak poltsa horretan sartuko ditugu eta, baita munduko pertsona iraultzaile, eskuzabal eta aurrerakoienak ere.
Jesus Fernandez Navesi egindako elkarrizketa oso interesgarria izan zen, bai. Hala ere, ezkortasun puntu bat nabari zitzaion, gehiegizkoa (baikortasunik gabe, utopiarik gabe, akabo).
Nork: Auzokidea.2005/10/03 20:52:35.896 GMT+2
Bakoitzari berea, horixe baietz:
"Alonsok be arrazoi apur bat badu".
Hala da, Auzokidea. Eta batean bale egin ondoren hurrengoan kale egiten dogula, egi borobila.
Baina Bilbon, zorionez, protestatzen da. Durangon abenduan "Ametsen baratza" liburua aurkeztuko dabe, Sorgintxulo gaztetxearen itxieraren 1. urteurrenean. Julen Gabiria, Unai Elorriaga, Sonia González, Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Urtzi Urrutikoetxea, Juanra Madariaga, Asisko Urmeneta, besteak beste, egongo dira testuez eta argazkiez jositako lan honetan parte hartzaileen artean. Salmentagaz lotutako diruaren zati bat 78 auzipetuentzat izango da. (Neuk ale bat oparituko neutsan hirugarren Alonso txit agurgarri horreri.)
Azkenik, **"Euskal Jai Iruñeko gaztetxearen azken egunak"* liburu ederrak, atzeko partean, testu hau dakar: "Mi más profundo desprecio por los asesinos de sueños. No nos vais a parar"*. Iruñean be protestatzen da, Gasteizen legez.
Nork: patxi lurra.2005/10/04 14:09:52.716 GMT+2
Protestatzen ez dan Bilbo honetan, eguaztenean egon dira EHNEk deitutako nekazariak eta baserritarrak Botxoko kaleetan euren eskubideen alde. Ardatz klasikoa (A.Donost.-Aut.-Udal.) baztertuta, hori bai, eta Gran Via hobetsiz.
Aste honetan be, jakin dogu Easo Ederrean Egiako gaztetxea Ertzaintzak hustu egin dauala eta bota egin dabela. Beste bat Hego Euskal Herriko zerrendarako: Barcina, Azkuna... eta **Odón**. Bakarrik falta haiz hi, Alfontso!
Eta, azkenik, Iruñean "Elkorteingelesa" zabaldu dabe protesta artean.
Bizi gara!
Nork: patxi lurra.2005/10/28 12:45:31.539 GMT+2