Irakurleek idazleei buruzko datuak irakur ditzakegu han edo hamen, askotan arazo barik. Baina alderantziz gertatzen da be bai, hau da, idazleek badeukie euren irakurleen datuen barri. BBCren kasua da.
Dana hasi zan egun busti batean, Busturian...
Kau da irogarnen harrikaldia. Euria gogor erortzen ari zen Busturian. Ordu bi arinago “It’s just a passenger cloud” komentatu zion bere ingeles partikularraz haren buruari. Iragarpena, haatik, ez zen bete hurrengo eguna argitu arte, hodei ustez iragankorra guztiz pasatu zenean.
Bere burua ez bustitzeko beraz, eta zapatua izanda, hurbil zegoen zapata-denda batera sartu zen. Oinetakoak orokorrean ez zitzaizkion bereziki interesatzen, oskiak are gutxiago, baina plantak egitea beste erremediorik ez zuen izan. Dendaren zapata modeloen erdia, ia, probatu behar izan zuen. Batzuk ondo eta guzti egokitzen zitzaizkion, baina ezer erosi barik atera zen kalera berriro, ama gaixorik zeukala bat-bateko aitzakia gezurrezkoa eta ezbeharrezkoa bota eta agur esan ondoren.
Kanpoan euria barra-barra zegoen oraindik, noski, eta bere gorputza bustitzeari ekin zion burua dendan lapurtutako egunkariaz babestuta eta pentsamenduetan murgildurik. Fred Astaire-ren pelikula famatuaren doinu ezagun hura ahoan, ezin zuen goizean jasotako eskutitz misteriotsua kaskotik kendu. Behin eta berriro bertan irakurritakoa errepikatzen zuen mekanikoki, ezer ez ulertu barik: “Baixant de la font del gat una noia, una noia. Baixant de la font del gat una noia i un soldat.” Katalunieraz idatzita zegoela jakin zuen etxeko entziklopedia batean begiradatxo bat eman eta gero. Txit trebea zen holakoetan, irratiko galderen lehiaketa zale porrokatua baitzen. Mezuaren bidaltzailearen izena, aldiz, ez zuen kausitu inon ere, ez gutunazalean ezta gutunaren azken zatian ere. Sinadura egon behar zen lekuan hiru hizki larri bakarrik agertzen ziren: “BBC”. Telebista kate britainiarra bezalakoa. Dena den, eskutitza Bartzelonatik bidalia zen, azalean irakurri zuenez, eta datu horrek baieztatzen zuen igorle misteriotsuak erabilitako hizkuntza kataluniera izango zela, baina ez zeukan lotura agerikorik Britainia Handiko Erresuma Batuarekin. Zeri zegokion orduan BBC sekretu horrek?
Euripean txistuka, ibili eta ibili zinema areto batera iritsi zen eta bertara sartzea erabaki zuen goiko hodeia pelikula bukatzean desagertuko zelako itxaropenaz. Filma dagoeneko hasita zegoela gaztigatu zion leihatilako andre zahar eta desatseginak, baina ez zitzaion gehiegi axola izan. Pelikularen izenburuaz ez zen ohartu, gutunaren asuntoarekin obsesionaturik, baina areto ilun eta erdi hutsera sartu bezain fite zein zinema-korrontetakoa zen asmatu zuen: Pantailan gizon pare bat, biluzik, hasperenka mugitzen ari ziren bata bestearen kontra, igurtziz bezala, era nahiko bortitzean baina. Ez zen larregi aztoratu eta eseri zen okupaturik ez zegoen leku batean, aukera askoren artean. Lerrokada bi aurrerago, adineko gizon batek desioaz begiratu zion eta begiekin keinuka ari zitzaion. Adeitsu, agurra eskuaz bueltatu zion agureari, baina berehala pantailara bideratu zuen begirada berriz ere. Une horretan aktore bikoteari euren jolasetan zaldi bat batzen ari zitzaion. Eszena honek zinez harritu egin zuen, baina ez zuen lortu haren burutazioak uxatzea. Nor edo nortzuk arraio izango zen edo ziren BBC hori edo horiek? Bat-batean, gakoa izango zen datu batez oroitu zen: lehengusina Gidoiaren azken aurreko mutil-lagunaren anai bat Bartzelonara joana zela bertako unibertsitatean ikasteko. Amorru handiz, ozta-ozta erdietsi zuen mutil haren izenaz gogoratzea, eta B-z hasten zen. Lehenengo eta bigarren abizenez, ordea, ideiarik ez. Asaldatuta, zaldia eta bikote jostariak pantailan laga zituen eta, ikusle edadetuari haren telefono zenbakia apuntaturik utzi izan gabe, etxerantz irten zen erdi lasterka.
Mela-mela eginda iritsi bezain pronto, Gidoiari dei egin zion. Haren azken aurreko mutil-lagunaren anaiaren abizenek (izena isilpean gordeko dugu badaezpada ere) ez zuten bat egiten sinadura enigmatikoarekin, baina lehengusinak oso informazio garrantzitsua eman zion: bazegoen idazle kataluniar bat Balbino Bruguera izena zuena. Kaka zaharra! Nola ez zen askoz lehenago konturatu ba! Justu egun haietan bere liburu bat irakurtzen zebilen. Telefonoa eskegi eta korridorean aurrera korrika egin zuen, plisti-plasta, logelara ailegatu arte. Gau-mahaitxoaren gainean bezperan utzitako liburua eskuetan hartu zuen eta azal-hegalean idazlearen zuri-beltzezko argazki pean irakurri ahal izan zuen idazlearen izen osoa: Balbino Bruguera Castellfollit. B.B.C. Horrek azaltzen zuen dena! ...baina zergatik idatziko zion hain mezu bitxia idazle honek berari preseski? Dena ez zegoen argi. Telefonoa atzera hartu zuen eta lehengusinari ditu zion. Orduan izebak erantzun zuen, Gidoia zinemara joana berri zelako minutu bat edo aurrerago. Hau kasualitatea! Izebari kontatu zion zelan bera ere arratsaldean zineman egon zen, eta nahiz eta pelikula osorik ikusi ahal izan ez, asko gustatu egin zitzaiola ikusitakoa. Bestalde, izebak ezin zion aparteko informaziorik eman buruhausteari buruzkoa. Beraz hobe zuen telefonoa eskegi, eta horixe egin zuen izebari parrokoaz galdetu ondoren.
Gainera, bazekien zer egin. Idazlearen taktika bera erabiliko zuen berak ere. Beste eskutitz misteriotsu batez erantzun zion: “Hau dok, hau dok, hau dok umorie. Kontsolatzeko, kontsolatzeko euskaldun jentie. RAI.”. Sinatzeko orduan, haren izen –abizenen hasierako hizkiak erabili zituen ere bai, Ramona Arrieta Iturbe alegia, “Ramoni” ingurukoentzat. Amua uretan zegoen jadanik, Bruguera jaunak hozka egitea falta zen bakarrik. Eta ez zen larregi luzatu; hiru bat hilabetetxo geroxeago Ramonik telefono dei bat jaso zuen etxean gauez.
- Bona mignit, ...RAI?
- ...
- *Disculpi, jo sóc...*
- BBC?
- El mateix.
Jarraian Bruguera jaunak kontatu zizkion nondik norako guztiak. Nola azken liburuaren salmentak ez zihoazen ongiegi, nola seme nagusiak La Caixan egiten zuen lan, familiaren urteetako tradizioa apurtuz (birraitona poeta, aitona liburuzaina, aita idazlea), nola Bartzelonan ezin zen arnasarik hartu, nola Barça-ren azkeneko urteak nahiko pattalak suertatzen ari ziren eta nola lehenengo gutuna arreta deitzeko bidali zion, SOS moduan. Bai, baina zelan zekizkien Ramoniren helbidea eta telefono zenbakia? *"Fàcil, perqué tots els escriptors (i totes les escriptores) conèixem les dades dels nostres lectors (i de les nostres lectores)."* Ez bide zen bidezkoa izango irakurlek dena jakitea idazleen bizitzei buruz eta alderantziz ezer ez.
Lasai gelditu zen Ramoni azalpen hauekin guztiekin, baina Bruguera jaunari proposatu zion zita bat: bide erdian gelditzea idazleak nahi zuen guztiaz mintzatzeko, hain atsekabetua ikusi baitzuen. Busturiatik Bartzelonarako tartearen erdiko puntua Zaragozako probintziaren nonbait egongo zen, eta bertan zehazki gelditu ziren.
- *Bona idea, però...et puc dir Ramoni?*
- Bai jakina. Lotuko gara eta baldintza bakar bat ipiniko deutsut... Balbino esan deikezut?
- *Clar! I quina condició és aqueixa?*
- Biok bizikleta modelo bera erabiliko dogula bidaiarako.
- D’acord.
Idatzi artikulu bat