Ahuntz bi
"Egunkaria"ren zuzendariari eskutitzak bidaltzen hasi zanean ezagutu neban Juan Luis Fernandez Gutierrez ahuntz enkartatua. Haren gutunak beti piztaileak, biziak eta polemikoak ziran, ez dakit gogoratuko zarien. Egunotan, aspaldiko partez, "Berria"n argitaratu egin deutsie azkena, "Ni ez naiz demokrata" izenburu iradokitzaileduna, Italiako Pescopagano-tik bidalia. Hamen pasarte galduezin batzuk:
"Nire mentalitatea ez da XXI. gizaldi honetakoa, duela lauzpabost mendetakoa baizik, XV.ekoa gehienbat. Hortaz, antidemokratikoa baino areago predemokratikoa naizela esan liteke. (...) Euskal eta espainiar abertzaleei garbi adierazi nahi diet ez diedala nigan ahalmen moralik aitortzen ez aitortuko eta, ondorioz, beren legeak niretzat hutsaren hurrengo direla. (...) Izan ere, ni aspaldi autodeterminatu nintzen."
Bigarren ahuntza, zelan ez, Pako Aristi kazetari, idazle eta pentsalari bikaina. Atzo berton irakurria: "Esandakoa betez gero, ez dago sakelako telefonoaren beharrik. Helikopterorik ere ez daukat, beharrik ez dudalako sentitu".
Eta beste hau: "Amets handi bat esateko: nik Euskal Herria independente ikusi nahi dut, jode! Baina behingoz! Mendeetan ari gara hemen bueltaka! Nazio bat bere estatuarekin, eta kito. Gero borroka egingo dut, noski, estatu horren aurka, ni ideologikoki anarkista naizelako. Baina eduki nahi dut estatu euskaldun hori, gero topiko guztiak hankaz gora jartzeko".
Beste xarnego bat
Eta beste gutun bidaltzaile ohiko bat berau, Alberto Martinez Silva Basaurikoa: "Iragan eguaztenean Jon Maiaren berbaldian bizi izan guztiz atsegina izan zen. Eta, hark lez, nik ere armairutik ateratzeko gogoa sentitu dut, biluzteko gogoa, Gaztelatik etorritako guraso maketoen semea nauzuela esateko gogoa... eta harro nago, euskalduna naizelako, nire familiako lehen euskalduna naizelako."
Aurkikuntza bat
Peru Magdalena Arriaga idazlea, margolaria, musikaria... "Matraka" gehigarriaren atzealdeko alkarrizketa horietako batean: "Benetako zoroak dira bizitza guztia juzgatzen ematen dutenak. Koitaduak."
Eta: "Sortzaileak ez dira gazteak nortasun agirian ipintzen duenagatik, baizik eta zabaltzen dizkiguten leihoen freskuragatik, ausardiagatik, basatitasun horregatik. Pako Aristi da gaztea, Mikel Laboa da gaztea, Xabier Silveira..."
Azkenik, "Nori egingo zenioke zuri egin zuri egin dizugun elkarrizketa hau?" galderari erantzunez: "Kondor bati, adibidez."
Erantzunak
Ez nekien hemen aipatua nengoela.
"Ahuntz enkartatua"? Polita da izendapena. Gainera, ahuntza gogokoen dudan aberea da.
Ongi segi!
Gianluigi di Ferdinando (Juan Luis Fernández Gutiérrez)
Nork: Juan Luis Fernández Gutiérrez.2007/07/17 16:15:57.917 GMT+2