Hendaia Frantzia da aker askorendako eta Otsagabia, Espainia. Ederto. Baina badagoz Ipar/Hego Euskal Herriaren inkomunikazinoa eta alkar-ezagutza urria apurtzen dabilzan ahuntzak. Behi dunduak baino arraroagoak direnak. Ahuntz horietako bat Urepeleko ertzaina da, ezin bitxiagoa morroia...
Ertzaina haiz eta Urepelekoa, bat egiten zailak diren bi ezaugarri horiek dituk. Beti izan hintzen haur "ezberdina", ez hobea edo txarragoa, baina bai pixka bat aldrebesa. Behi dundua, urdina eta absurdua bezalakoa mendi aldeko larreetan goiti eta beheiti.
Kau da bigarnen harrikaldia, agrazei tzua? Alegratan naz.
Ertzaintzarat sartuko hintzela hire aitari esan hionean, ez zen batere harritu izan. Bera jendarma, aita (hire aitatxia) suhiltzaile edo "pompier" izandakoa, familiako kontua zan, usadio zaharra. Beraz hire aitak ongi jina egin zian polizien mundurat, harro-harro. Zergatik ertzaina ordea? Hegoaldezaletasuna aspalditik jiten zitzaian, nondik nehork ez zekiela. Beti hegoaldetarra izan nahi izan duk, eta familia osoak bazekien. EiTB baserrian arras ongi hartzen zenutenez, kolkoan soinu hegoaldetar horiek hasi ziren sartzen hire buruan, eta fite hasi hintzen bertze aldean bezala mintzatzen. Dotoreagoa zelakoan edo, bertzerik bage, gipuzkoar azentua biziki gustukoa eduki dualako beti. Hegoaldetarra izaitea plazer heukan, baina zehazki doneustiar bilakatzea zen hire ametsik handiena. Gurgull mendian beheiti eta goiti patruilatzea, Hego Euskal Herrian harat eta honat gaizkileen gibeletik ibiltzea. Hortaz, senideei Arkauterat joango hintzela esan hienean ustekaberik ez zuten.
Arkauten, aldiz, errealitatetik at hire munduan sarturik segitu huen. Behe Nafarroan baino behi dunduagoa hintzen Arabako akademia hartan bertze ertzaingai haiendako. Hitaz trufatzen ziren gupidagabeki, "Obelix" izena paratu ziaten, handia, biboteduna eta "frantziarra" haizelako. Nehoiz ez hintzen haserretzen, eta ez zitzaian burutik ere pasa izan "erromatar" ero haiekin guziekin liskarretan hastea eta haien kaskoak banan-banan biltzea. "Basurdeak", berriz, gusturat irensten hituen, jatun on horrek, txiki-txikitatik sabeldarraioa izan haizen hori. Azken finean, "Obelix" ezizena ongi xamar heukan paraturik.
Haatik, ederki kostatu egin zitzaian hire moduko euskaldun praktikanteak kausitzea akademian, gutxiengoan egonda gehiengo erdaldun peto-peto edo euskahuldun horren barruan. Saioa baztandarra izan da hire salbazioa, "Falbalá" izengoitiz bataiatu zutena, neska lirain eta lagunkoi maitagarri hura. Auzokide onek etxetik at egiten duten moduan, zuek ere berehala elkartu zineten lur arabar arrotz haietan, eta babesa batak bertzeari eman zenioten hasieratik.
Zorte ona eduki duk bada Saioa ezagutu eta gero. Gainerat, berak lagundu hinduen Doneustiarat joan hintzen lehendabiziko aldi hartan. Beti pentsatu izan duk Easo Ederrean haginlari onak daudela, fama ona daukate behintzat herriko baserritarrendako (kaletarrek Beaurdox-eko odontologoak nahiago dituzte), eta hagineko minaz hasi hintzan hartan hiria ezagutzeko aukeraz baliatu hintzen. Egun hartan, gaizki ulertu batek hire bizitza markatu zuen, onerako.
Erreferentziazko haginlari konkreturik ez heukan, eta Saioarekin baterat Gartzeizko autobusetik Doneustian jaitsi ondoren, hasi zineten kalez kale erdialderantz denden kartelei begirat. Halako batean, "Hortz klinika" omen zioen kartela ikusi eta horren azpiko atetik sartu hintzen. "Egun on"; "Baita zuri ere"; "Can I help you?"; "Bon, bai. Doktorearekin egon behar dut"; "Neu naiz doktorea ba, hartzen eta bestelako animalien medikua"; "Mantxut? Zu ez al zara haginlaria?"; "Dentista ni? Hau da pelutxeak konpontzeko denda bat. Hartz klinika, osos de peluche. Baina hortzetako medikua behar baduzue, zoazte bla-bla-bla"; "Mila esker eta barka. Au revoir". Gaizki ulertu (edo gaizki ikusi) baino ez zen izan, hagineko minak eraginda ziur aski. Dendari atsegin hari esker, donostiar espezialista trebe batengana joan ahal izan hintzen, problema konponduko zian eta horrela eutsi ahal izan hion herriko baserritarren mitoari. Ospatzeko asmoz, gaua pasatzeko ostatua hartu eta Saioarekin oheratu hintzen. Jo eta ke ibili zineten logelan, hagineko minari agur errateko modurik hoberena aukeraturik. Karrikan, bizkitartean, beltzez jantziriko promoziokide eta bertzelako lankide batzuk su eta gar praktikak egiten ziharduten, birziklatze-kontainerrei pilotak jaurtika eta ozen barrezka.
Hortik aitzinerat, behin eta berriro sexu-topaketak errepikatu dituzue eta lagun hutsak izateari behin betikoz utzi diozue. Udan, Igeldo azpiko harkaitzetan urpekari ibiltzen zarete, itsas txakur bizardun, itsas elefante, hegalabur eta olagarroei zuen artekoaren berri emaiten. Larrazkenean, Artikutzako urtegian windsurfa egiten gozatzen duzue, baita Eugi, Beloki, Ogearra edo Irratiko oihanetan barna beleekin solasean. Neguan, Lakontzako badia izoztuaren gainean irristatzerat joaiten zarete Santa Larako uharteraino.
Udaberrian, atseden hartzen duk lanera itzuliz. Lanean, egun bakoitietan trafikoa zuzentzea, itsuei karrika zeharkatzen laguntzea eta Atrium Museoa zaintzea, eta egun bikoitietan atxilotu ez torturatuak ospitaleko larrialdietako zerbitzuetarat laguntzea, Mendizorrotza futbol estadiorat joaitea (igandea baldin bada), manifestaldietan haserrea piztea (larunbatetan) eta ENA agiriak tramitatzea dira hire eginbeharrak. Horrezaz gain, Agure Enean guardiak egiten dituanean, turista herbeheretarrak hire ondoan paratzen dira argazkiak ateratzeko, Buckingham Palace-n egongo balira bezala.
Ekia dirdiratsua agertzen da hire bizitzan, Urepeleko ertzaina, baina ez ahaztu adixkideei deitzeaz, noizik behinka. Mus txapelketa antolatu nahian gabiltza, baina hi falta haiz. Non hago?
Erantzunak
Harrikaldiagaz ez dakit, baina pertsonaiagaz behintzat gelditu da Anjel Lertxundi, eta horretaz idatzi eban lehengo egunean egunkarian. Eta erantzun ederra izan zan berea: Urepelekoaren aurrean, Urberuagako ertzaina. Ekarri asko, Andu!
Nork: patxi lurra.2005/10/10 14:38:51.882 GMT+2