2006/11/21 10:53:39.601 GMT+1
Hau ez da benetako agurra, beraz ezta leziorik be zuentzat. Leku-aldatzea, trasladoa edo mudantza egingo dot euskal blogosfera honetan, Goienatik Mahats-Orrietara, informatikak eta teknologiak ahalbidetuz gero. Gipuzkoatik Bizkaira. Eta argi ta garbi gera dadila honek ez deukola zerikusirik Zubiaurreren aferagaz. Neuk ez dot giputzekin harremanak apurtu, ganera Errealekoa naz.
Eta Goienatik joango naz baina ez Debagoienetik. Hamen segiduko dot astelehenetik barikura, betiko lekuan eta betiko moduan. Gura izanez gero, helbide barrian topauko nauzue (oraindino ez dodan arren).
Beste barik, moito obrigado bihotzetik Goienako jenteari abentura honetan sartzen errazteagaitik. Plazerra izan da.
"Ahazteko esango nioke
Ez pentsatzeko iraganaz
Ez dela xamur ulertzen
Agurraren lezioa
Agurraren lezioa."
(Ruper Ordorika)
Azken orduko P.S. Martxan dago jada!! Irakurriko gara alkar: http://www.asapala.org/mahatsorriak/patxilurra
Nork: patxi lurra.2006/11/21 10:53:39.601 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (6)
| Errenferentziak: (0)
2006/11/14 13:32:56.721 GMT+1
Alexander Gabarain uritar donostiarrak "The Daily Basque" egunkarian argitaratu dau oso gutun interesgarria, "Uritartasunaren ikasgai ederra" izenburukoa (jatorrizkoan, "Toda una leción de ciudadanía").
Eskutitzaren amaieran, berba hauek idatzi ditu Alexanderrek (Blogean itzulitakoa): "Neuk, egia esan, uste dot nazionalismoagaz gertatzen dala kolesterolagaz legez, mota onekoa eta txarrekoa dagoala". Bere ustez, Hitler, Franco edo errege espainiar despotak LDL-kolesterolaren modukoak izan ziran, mota txarrekoak. Mahatma Gandhik, Nelson Mandelak eta Eusko Jaurlaritzak HDL-kolesterola bezalakoak.
Hamen testu osoa (Blogean ez itzulitakoa):
"Hay personas que se creen con derecho a repartir patentes de corso sobre conceptos como democracia, cultura, nacionalismo...
Yo, en mis 47 años de vida, nunca me he encontrado con un apátrida, con una persona que no tuviera una nacionalidad, que no perteneciera a un país. Y me pasa lo mismo con el concepto de nación y de nacionalismo. Todas las personas que conozco son de un lugar determinado, tienen una cuna, un terruño, todas hablan una determinada lengua (algunas más de una), todas en definitiva pertenecen a un grupo humano con una cultura, un idioma, una historia... Algunos puede que participen de varias culturas o de varios idiomas, pero nunca me he encontrado con un alienígena que no tuviera una conexión directa con algún grupo humano de todos los existentes en este planeta.
Y el sentimiento de pertenencia a esa comunidad natural, a ese grupo humano, a esa nación, se podrá expresar de muchas maneras, se podrá expresar como lo hizo Hitler, Franco, el Conde Duque de Olivares, Felipe V, Espartero o Alfonso XII, por poner unos ejemplos, o como lo han hecho Gandhi, Nelson Mandela o, ¿por qué no? los representantes políticos del Gobierno del País Vasco. Yo, sinceramente, creo que con el nacionalismo pasa lo mismo que con el colesterol: que hay del bueno y del malo."
Oso ikuspegi sinplea eta manikeoa izan leike (edo izan bada), baina uritartasuna vs. nazionalismoa eztabaida handi honetan interesgarria be bada. Ciutadans-en, "aberribakotasunaren" eta "munduko uritartasunaren" garai hauetan, esan barik doia, gertuago ikusten dot neure burua Gabarain uritar ezezagunarengandik Boadella edo Savater uritar txit ezagun eta fosforeszenteengandik baino.
Nork: patxi lurra.2006/11/14 13:32:56.721 GMT+1
Etiketak:
doministikuak
| Permalink
| Erantzunak (3)
| Errenferentziak: (0)
2006/11/12 12:52:42.699 GMT+1
Felix Iñurrategi Baltistan fundazinoaren aurkezpenean, Euskalduna Palace-n, orain dala 5 urte-edo, aktore bikote txit barregarri honek aldarrikatu eban alpinismoaren beste mota bat. Telleria eta Martinezek iradokitzen eben hamalau zortzimilakoak igo ordez zortzimila hamalaukoak egitea. Hamalau metroko altuerako "tontorrak" igotzea alegia, 8.000 holakoak.
Pellori (2006/05/16) beste hainbeste gertatuko jako. Konparatiboki, 8.000 zentimetroko (80 metroko) mendiak berandako Himalayako haiek bezalakoak izango dira, bien sur! Hauek izan dira bere lelengo lauak:
2006/06/23: Lumentza/Kalbaridxo mendia (117 m.), Lekeitio: Itsas-mailatik, kranpoi eta oxigeno-bonbona barik.
2006/08/04: Urkiolamendi (1009 m.), Abadiño: Urkiolako mendatetik (720 m.).
2006/10/13: Pagasarri mendia (673 m.), Bilbo: Larraskitu auzotik (100-200 m.).
2006/11/01: Saibi gain (946 m.), Abadiño: Urkiolako mendatetik (720 m.).
Argazkiak sartzen ikasiko dodanean, balentria hauen testimonio grafikoa edukiko dozue.
Nork: patxi lurra.2006/11/12 12:52:42.699 GMT+1
Etiketak:
doministikuak
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2006/11/07 18:02:46.656 GMT+1
“'El vascuence no puede acomodarse a la vida moderna (...) Bilbao hablando vascuence es un contrasentido”.
Ezin esan, Don Miguel, orain dala 105 urte zeuk botatako goiko hori bete egin danik, profezia zuzena izan danik.
"Galiar" menperaezinak 105 urte hauetan tematu dira bizimodu modernoari egokitzen eta zeure urian zentzua bilatzen"baskuenzeari" .
Gaur egun, zeure jaiolekutik oso gertu, Zamudioko Atarian, euskarazko liburuekin ondo hornitutako denda baino megadenda zabaldu dabe orain dala ez asko. Apur bat haratago, Plaza Barrian, zer eta Euskaltzaindiaren egoitza nagusia dago. Itsasadarra zeharkatzean, San Bixente kalean, Tenplua bera. Bizitza modernora bikain egokitutako parroki zinema izandakoa, nondik igaro diran bizitza modernora ondo egokitutako musikari hauek edo antzezle hauek, Bilbon sortuak eta "baskuenzea"gaz ondo lotutakoak. Ahuntz hauen kabia dan geure Tenplua.
Halaber, Don Miguel, Julen Gabiria, Paddy Rekalde, Urtzi Urrutikoetxea edo Patxi Iturregi moduko idazleak azken urteotan "baskuenzez" ondo baino hobeto erretratatu egin dabe ezagutuko ez zenduan Bilbao hau.
Errematerako, egunotan abian ipini dabe orain arteko bigarren blog komunitatea baskuenzezkoa Mahatserrian, Tomaterrian orain dala urte batzuk sortutako beste horren ondoren. Are gehiago, batzuk lelengo euskarazko telebista katea sortu nahi dabe urian.
Zer dan bloga, dinozu? Zer dan telebista? Esan daigun bizitza modernoak ekarri deuskuzan tresna bi dirala, Don Miguel, euskaraz eginda be zentzua deukienak.
Nork: patxi lurra.2006/11/07 18:02:46.656 GMT+1
Etiketak:
botxokaria
| Permalink
| Erantzunak (4)
| Errenferentziak: (0)
2006/11/02 18:11:18.560 GMT+1
Partido de la Ciudadanía dalakoak Kataluniako hauteskundeetan hiru eserleku lortu ondoren, "Kataluniako uritar" hauek blog honendako inspirazino iturri emonkorra baino emonkorragoa izango dala susmatzen dot.
Gaurko uritarkeria, alderdikide horietako batek bota dau: "No importan las lenguas, sólo los ciudadanos".
Hasteko, kezkatzekoa da: bat nator esaldi horregaz. "Txepetx", "Xamar" eta ekohizkuntzalari asko aspaldi dabilz esaten: "Axola dabe hiztunek, ez hizkuntzak". Hau da, hizkuntzak kode hutsak dira, letren konbinazinoak, berba-sistemak,... Hiztunek emoten deutsegu kode horiei bizitza edo heriotza eta abar eta abar. Neuk be nahiago ditut euskal hiztunak euskara baino.
Baina ziur aski uritar hauek beste gauza bat esan nahi eben. Munduko edozein aireportutan holakoak botako deutsiez poliziei: "Neu uritar librea naz, nazinoak ez dira existitzen!" Eta euren pasaporteak poliziaren aurpegi harrituaren aurrean puskatuko dituzte hamaika zatitan. "Uritarra baino ez! Librea!!" Apur bat Zaldieroaren M'Ongolo eta Gizon Jakintsuaren alkarrizketen moduan.
Edo Yemen-en oporretan, hango "M'Ongolo"ei oihukatzen hizkuntzak ez dirala inolako oztoporik izan behar, hiztun batzuk beste batzuk baino gehiago ez dirala, danok bardinak garela,... alkar ulertu ezinik.
Gutuna bidaliko deutset esperantoz, hizkuntzek mezua ez baldintzatzeko, hauteskundeen emoitzengaitik zorionduz. Gaurtik aurrera aspertzerik ez da izango!
Nork: patxi lurra.2006/11/02 18:11:18.560 GMT+1
Etiketak:
uritarkeriak
| Permalink
| Erantzunak (3)
| Errenferentziak: (0)
2006/10/30 19:10:16.386 GMT+1
Jose Mari Bakero: "Lehen nahikoa zen iparraldekoa, indartsua eta lagun koadrila ona izatea lehiatzeko eta partidak irabazteko. Orain hori ez da posible. Horretan hausnartu behar da, eta taldeak etxean babes handiagoa izan behar du".
Miguel Fuentes: "Taldeak etxean jokatzen duenean nabaritzen duen presioa gakoetako bat da. Beste zelaietan, zaleek dena ematen dute euren taldea animatzeko. Horren inguruan hausnartu beharra dago".
Atzo Miguel Angel Lotina estreinatu zan Anoetan. Sekula ez bezalako jokoa egin eban taldeak eta (kasualitatez?) inoiz ez bezalako aupadak jaso zituen harmailetatik.
Beste modu batean esanda, sekula ez bezalako aupadak jaso zituen taldeak harmailetatik eta (kasualitatez?) inoiz ez bezalako jokoa egin eban.
Arrasateko lankide batek Grezian egon barri da eta esan deusta Delfoseko orakuluan ikusi dauala ederto sufridu bai baina salbatu egingo garela azkenean. Hordago txikira!
Nork: patxi lurra.2006/10/30 19:10:16.386 GMT+1
Etiketak:
txikira
hordago
| Permalink
| Erantzunak (3)
| Errenferentziak: (0)
2006/10/25 18:09:06.889 GMT+2
Gaurko egunkariak alkarrizketa mamitsua dakar, alkarrizketatua Pascal Gaigne musikaria dalarik. Ezaguna da tipoa euskal musikaren mundutxoan, besteak beste Itoiz, King Mafrundi, Amaia Zubiria eta Labrit-egaz ibilia baita.
Halaber, zinemarako lan egin dau, eta orain dala gitxi pantailaratutako "Azul oscuro casi negro" pelikula txit ilunerako egindako musikagaitik saria lortu dau Pascalek barriki.
Hau esanda, benetako ahuntz baten aurrean gagozala deskubridu dot gaurko egunkaria irakurrita, gentlemen and ladies: Caen-en (Frantzia) jaioa, Auxerren bizi izandakoa (orain Donostian), Normandiakoa izatez eta "kasualitatez", gurasoak bretainiarrak, seme-alabak euskaldunak...
Adi alkarrizketaren azken galdera eta erantzunari:
Bizitzaren erdia baino gehiago Euskal Herrian eman duzu, baina oraindik ere nazionalitate sentimenturik ez duzula diozu. Azalduko zenuke?
Hausnartzen dut noizean behin horri buruz, eta gero eta urrunago sentitzen naiz sentimentu horretatik. Nire nortasun agirian frantsesa naizela jartzen du, baina ez naiz hala sentitzen, ezta euskal herritarra, ezta espainiarra ere. Nire errealitatea hori da. Horrek ez du esan nahi hemengo arazoak interes handia sortzen ez didanik, baina kultura arloan batez ere.
Beharbada, Pirinioetakoa naizela esan dezaket... Bitxia da, egunotan Frantzian zioten Euskal Herrian bizi den musikagile frantziar batek irabazi duela soinu bandaren saria, Espainiako zinema ordezkatzen...
Esandakoa, benetako ahuntza. Piriniotakoa.
Nork: patxi lurra.2006/10/25 18:09:06.889 GMT+2
Etiketak:
ahuntzak
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2006/10/22 20:13:10.998 GMT+2
Ona ala euskalduna? Zer da garrantzitsuagoa: Herriko anbulatorioko medikua ona ala euskalduna izatea?
Nafarroako eremu euskaldunean bizi dan geure senide euskaldun abduzituak argi deuko: Osagile ona izatea gura dau, eta bost axola jako euskalduna, errusieraduna edo esperantoduna bada. Urrutiko intxaurrek liluratuta, euskaldun konplexudunek esan gura dabena, fondoan, sendagilea ona eta euskalduna izan ezin litekeela (!). Ona izateko gazteleraduna izan behar dala (!). Euskara? Behiekin eta gainontzeko animaliekin ibiltzeko, bai eta ilobekin mintzatzeko be.
Holako zeozer gertatzen ei jako Bizkai Buru Batzarreri: Euren ustez Bilboko alkategai hoberena (Iñaki Astuna) aurkeztuko dabe datozan hauteskundeetan, euskalduna ez izan arren. “Ona” ala euskalduna? Eurek “ona” aukeratu dabe.
Beraz, Elebideren zerbitzua estrenatu nahi badozue, badakizue botxotar horiek. Edo Behatokia nahiago badozue, orain arte sekula erabili izan ez arren, orain deukozue aukera beste botxotar horiek.
PD Ezin da izan anbulatorioko medikua ona eta euskalduna izan aldi berean? Ezin da Bilboko alkatea "ona" eta euskalduna izan?
Nork: patxi.2006/10/22 20:13:10.998 GMT+2
Etiketak:
botxokaria
| Permalink
| Erantzunak (4)
| Errenferentziak: (0)
2006/10/14 09:41:49.684 GMT+2
Lelengo eta bigarren ereduak
"Aita izan diren bertsolari asko dago, eta beren martxan jarraitu dute plazaz plaza." Oihane Perea, bertsolaria eta ama.
"Ni beti etxetik kanpo ibili izan naiz. Edo ez, jendeak uste bezainbat. Ez dakit. Baina ez dut gure umeen hezkuntzan eragin ez izanaren sentsaziorik." Andoni Egaña, bertsolaria eta aita.
(Nabarra, 67.zk, 33.orr.)
Hirugarren eredua
"Haurren hizkuntza?" galdetzen dau neskato baten abotsa. "Euskaraz bai, baina zuek zer?", helduei zuzenduz.
Lehengo egunean entzun neban Euskadi Irratian Oarsoaldeko elkarte batek egindako iragarki bikaina, goiko pasarteak zituena.
Zer atxakiak emongo dituzte guraso euskaldun selektiboek?
Mikro-nazinoak
Nazino euskaldun bat eraikitzen amestu baino lehen (????), galdera marka guztiekin, sortu daiguzan familia, koadrila, futbol talde, osasun-zentru eta kultur etxe euskaldunak. Mikro-nazino euskaldunak eraiki daiguzan.
Nork: patxi lurra.2006/10/14 09:41:49.684 GMT+2
Etiketak:
doministikuak
| Permalink
| Erantzunak (5)
| Errenferentziak: (0)
2006/10/12 12:44:15.746 GMT+2
Espainiarrik espainiarrenek “hispanofobia” edukitzea leporatzen deuskue nazionalista periferikooi. Hots, Alex Valverdek baino Alex Vinokourovek irabaztea gurago dogula, lehengo egunean futbolean Suediak Espainiari irabazi izanaz poztu ginala, saskibaloian espainiar selekzinoak garaitu izanak grazia handirik ez euskula egin eta abar.
Eta arrazoia deukie gehienean. Baina danok txintxoak baldin bagara, espainiarrik espainiarrek onartu behar izango eben nazionalista, abertzalea edo patriota izateak hori dakarrela askotan: zeure herria goraipatu ez ezik beste aberri batzuk gitxiestea, batez be hurbilekoak. Maila txikian, horixe da gasteiztarrek bilbotarrokin egiten dabena, nafarrek gipuzkoarrekin, azpeitiarrek azkoitiarrekin...
Eta espainiarrik espainiarrek onartu behar dabe eurak be “euskalfobiak” eta “katalanfobiak” (frantsesfobiak, ingelesfobiak, yankifobiak, judufobiak, mairufobiak,...) jota dagozala. Bestefobiak edo kanpofobiak jota, geu legetxe. Baina espainiarrik espainiarrenei kostatzen jakie onartzea, batzuetan “munduko uritartasuna”ren euren ipuinagaz be jungo jatzuez. Zorionez, kotoi froga egitea oso erraz eta eskuragarri deukogu gutariko inork: Zoiaz oporretan “atzerrira” eta topau espainiar talde bat. Ur sakonetan murgilduz gero, euren “munduko uritartasun” guztia azukrea kafean legez desagertzen da luze baino lehen. Edo begiratu egiezue kirol lehiaketak dagozanean. Ez dabe “mundutarrek” irabaztea gura. Eurek, geuk legez, euratarrek garaitzea gura dabe, euren tribukoek eta ez ondoko tribukook. Ermuko “argiztatu” hauek edo Boadella guztiek esaten dabena gora-behera.
Beste kotoi froga batzuk? Begiratu egizue non gelditzen dan espainiarrik espainiarren munduko uritartasuna urriaren 12, uztailaren 25 eta abenduaren 6etan guztietan. Antolatu egizue Gibraltar - Euskadi futbolean, lagunartekoa bada be. Ofizialdu egizue geure selekzino periferikoak eta itxaron Espainia – Katalunia norgehiagoka gertatu arte. Eta nork asmatu ditu “guiri”, “sudaca”, “gabacho” edo “moro” bezalako berba moderno, ireki eta “mundukouritarrak”? Kotoiak ez dau engainatzen. “Gora gu ta gutarrok” planteamendua ez da euskaldunon kontua bakarrik.
Aupa Schumacher! Hordago ttipirat!
(Itzultzailearen oharra.- Schumacher: Zapatagile, Cordonnier, Zapatero).
Nork: patxi lurra.2006/10/12 12:44:15.746 GMT+2
Etiketak:
txikira
hordago
| Permalink
| Erantzunak (4)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak