Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2009/06/05 08:49:16.787 GMT+2

Euskadi 2020

Hori hamaika urte barru izango da. Luze, beraz. Baina ailegatuko da. Edo, honela jarraitzen badugu, ailegatuko zaigu. Beste hainbeste data (1982ko Munduko Txapelketa, 1992ko Olinpiar Jokoak) heldu eta gainetik pasa zitzaizkigun bezala.

Aurtengo eskaintza: egin dezagun polo subiranista, horrela erakundeak ikusiko du «beste bide bat» badagoela, eta bere jarduna eten egingo du. 2 x 1 hoberik ikusi al du inork inon? Nola esan ezetz eskaintza horri? Alde batetik, behar-beharrezkoa dugun indar metaketari bidea emango genioke, Monzonen Maltzagarako bideari ekingo genioke, abertzaletasuna horren premia betean dagoenean. Bestetik, borroka armatuaren ziklo agortu eta gainditua iraganeko kontu bilakatzeko aukera ere ematen digu eskaintza horrek: abertzaleontzat kaltea baino ez dakarren iraganeko eskema zokoratzeko aukera.

Izan ere, erakundeak, ikusirik euskal gizarteak bere gain hartzen duela erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokaren zama, bidea emango liguke guztioi. Horixe da bolo-bolo dabilen teoria.

Euskal Herria, beste askotan legez, Euskal Autonomia Erkidegoarekin parekatzen dute proposamen hori egiten dutenek. Mendebaldetik eta mendebaldera begirakoa. Ikuspegi murritza, beraz, baita geografiari dagokionez ere.

Nafarroan, aspaldi batu dira nafarrek erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatzen duten alderdi gehienak. Nafarroa Bai osatu zuten, gobernu-alternatiba bilakatu -jeltzaleak ordezkatzea ameskeria liteke mendebaldean, baina eztabaidagai ere ez da ekialdean- eta erabakitzeko eskubidearen aldekoen indar-metaketa eta elkarlana eguneroko ogi bihurtu. Erakunde armatuak berandu baino lehen hartu beharko lukeen erabakiaren zain geratu gabe.

Ipar Euskal Herrian errazago izan zuten elkarlana abiatzeko orduan: Ipar Euskal Herrian gatazka politikoa dago -Hego Euskal Herrian dagoenaren berdina-, erabakitzeko eskubidea ukatzen zaigu -Hego Euskal Herrian ukatzen zaigun bezala-, baina autonomiarik ere ez dute, Hego Euskal Herrian ez bezala. Baina han ez dago borroka armaturik. Egon zen, frogatu zen antzua zela, bazterrean utzi zen. Horregatik, Ipar Euskal Herrian aiseago izan zen polo subiranista abian jartzea, funtsezko bi baldintzak ematen direlako: borroka armaturik eza, eta esklusiorik eza; inork ez zuen inor kanpoan utzi. Kanpoan jeltzaleak geratu ziren, hala erabaki zutelako.

Ariketa xume hori da Enamek egin nahi ez duena: frogatu da borroka armatua antzua dela, erabakitzeko eskubidearen alde gaudenoi kalte egiten digula, bai Euskal Herrian -indar metaketa oztopatu egiten duelako eta etsai politikoari ematen diolako zilegitasun demokratikoa, abertzaletasunari ukatuaz- bai Euskal Herritik kanpora ere, nazioartean «terrorismoaren» aitzakiarekin Espainiak nahi duen oro egiteko askatasuna lortzen duelako.

Aralarrek aspaldi egin zuen hausnarketa hori. Eta hausnarketa orori dagokion legez, ondoren erabakia hartu zuen: inoren zain ez geratzekoa. Horregatik bultzatu genuen Nafarroa Bai koalizioa, horregatik txalotu dugu Ipar Euskal Herriko Euskal Herria Bai koalizioa. Ez dagoelako inoren zain geratzeko astirik.

Horregatik, Mendebaldean gure bideari ekin genion eta horretan jarraitzen dugu, eskua luze elkarlana nahi duen guztiari eta gure jardunaren minutu bat ere ez eskainiaz gu baino puruagoa dela uste eta bazterrean utzi nahi gaituenari.

Bide horri ekingo diogu, indarrak batzeko bideari. Inor bazterrean utzi gabe, baita inor bazterrean uztea normaltzat onartu gabe. Ez da kasualitatea, geure burua ezkerreko eta abertzaletzat dugun bi alderdi elkarrekin joatea Europako hauteskundeetara: Aralar eta Eusko Alkartasuna. Horixe da indar metaketa eguneroko jardunarekin egitea; hori, ezker abertzale zibil eta zabalaren aldeko apustua teoriatik praktikara eroatea. Bide hori nahi duen edonori dago irekirik. Ez erakundeak jantzi militarra uzteko aitzakia bat behar duelako, baizik eta herri honek, aurrera egiteko, beste biderik ez duela sinesten dugulako. Aurrera egitea, abangoardiarik gabe: nor gara gu, nor da inor, subiranista zein den eta zein ez den erabakitzeko? Maltzagarainoko bidean, elkarrekin joan gura dugun guztiok abiatu beharko genuke, ez euren burua buruzagitzat hartu eta gidari lana hartzea erabaki duten batzuek gustukotzat dituztenak bakarrik.

Denborak arrazoia eman digu duela ia hamarkada bat egin genuen apustuan. Denborarekin, herritarren babesa ere etorri zitzaigun eta etortzen ari zaigu. Herri honek beste oinarri batzuk behar zituela adieraziz egin genuen sortze-agiria, eta sorrera-arrazoi haiei fidel jarraitzen dugu lanean. Ez gara gu etorkizunaren beldur, ezker abertzale zibil eta zabala denbora kontua delako: zenbat eta arinago hartu batzuek, aspaldi hartuak behar zituzten erabakiak, orduan arinago. Eta, hainbaten, zabalago ere bai. Ala ezkerretik ere jarraitu nahi dugu aurre egiteko planteamendu guztiak 2020rako egiten?

Nork: oxel.2009/06/05 08:49:16.787 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Autokonplazentzia da alderdi politiko guztien gaitzik nabarmenena.

Beharbada, Europako hauteskundeen ondotik idatzia izan balitz, beste tono batez eta errealismo handiagoz osatua legoke idatzia.

Ezker abertzalearen jokabide menpeko, sektario eta esklusibistaren bidean ez goaz inora, baina Aralarrek ere asko du zuzentzeko.

Nabaizaletasun itsua adibidez. Nafarroa bai eredu gisa EAEn saltzea badagoen bezala, Nafarroan nekez aipatuko luke inork  halakorik, zatiketaren, alderdikerien eta inkoherentzia ideologikoaren eredu bilakatu baita, boterean egon gabe ere. Gero eta lotsagabeago, AHTren edota eredu ekonomiko neoliberalaren defendatzaile, Nafarroa bairen aldeko apustu egin zuen ezkerreko jende askok non sartu ere ez daki... bere bozka.

Beharbada erabakitzeko eskubidea defendatzeaz gain badaudelako beste eremu asko, hori bezain garrantzitsuak edo gehiago, eskuinak (EAJ-EA) eta ezkerrak (Aralar?, Batzarre) partekatu ezinak direnak. Dela garapen jasangarriaz eskuinak eta ezkerrak ulertu behar luketena (Nafarroan bat omen datozen arren), dela gizarte ereduaz edo diru publikoen kudeaketaz, eta abar, eta abar.

EAEn Aralarrek aurrera eraman dituen zenbait ekimen, irudika ezinak dira Nafarroan. EAJ eta EA ez lirateke sekula hortik pasako. Nafarroako Aralarren agintzen dutenek ere, ez dakit interes handirik izango ote luketen zenbait jokabide ustel edo dudazko salatzen.

Asko dago egiteko, hobeto egiteko gehien-gehiena. Apaltasunarena da alderdi politikoek, baita Aralarrek ere, gainditu beharreko lehen erronka.

Nork: Artekaleko.2009/06/12 10:47:30.174 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak