Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/06/28 21:38:47.233 GMT+2

Agur Glasgow, laster arte!!

Erresuma Batuan Nelson Almirantearen Trafalgarreko garaipena ospatzen dugun egun honetan, marinel honi ere heldu zaio aingura altxatu, belak jaso eta lema portu berri baterantz zuzentzeko garaia.

Atzean gelditzen dira hamaika ekaitz, itsaski eta iparreko haize-bolada. Oraingo egonaldi hau benetan gogorra egin zait, liburutegiko amaigabeko egun hauek ez ditut erraz ahaztuko. Asteak joan, asteak etorri, errutina latzean murgildurik jardun naiz. Beti tesia bizkar gainean. Dagoeneko 7 hilabete idazketarekin... luze doa, planifikaturikoaren arabera, baina oso luze egiten. Helburua bertan dago, abuztuaren 15a, ditxosozko eguna, Ama Birjinaren eguna.

Ordurarte lan, baita gogotik lan ere. Baina Euskal Herrian, gure lurrean, etxean. Ez da gauza bera. Glasgowera Abuztuaren 16an bueltatuko naiz berriz, konpaniarekin gainera, dena ondo badoa tesiaren aurreneko bertsioa inprimatzera, zorioneko eguna. Ezin sinestu.

Lagunok, iparreko marinela itsasoratzen zaigu. Beste portu baten bila hor doa, euskal portu baten bila. Eta igande honetan Bergaran baino non hobeto? SAN MARTZIALAK !!!! Niretako urteko egunik onena, apal-apalik, demasako eguna. Gehiegizkoa. Horrela bada, eutsi denok gogor bakoitzak bere lemari, Neptuno lagun izan dezazuela eta tinko lotu belak!

Bloga bloga iparreko marinela!

Nork: marinela.2005/06/28 21:38:47.233 GMT+2
Etiketak: glasgoweko portuan | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2005/06/27 23:18:17.661 GMT+2

Budapestetik bueltan

Kataidun zubia eta erret jauregia

Kataidun zubia eta erret jauregia

Budapestetik bueltan oroitzapen ederrez bueltatu naizela ezin ukatu. Hiri benetan ederra iruditu zait Budapest, ikusgarria. Eraikin apartez josirik dago, erret jauregia, parlamentua, zitadela edo aparteko bederatzi zubi, besteak beste. Kataidun zubia da denetan ederrena eta baita zaharrena ere. Aurrez, Alemanek suntsitu zuten Bigarren Mundu Gerran Ejerzito Gorriaren aurrera egitea gelditzeko asmoz.

Boltxebikeen harira, aipatzekoa da Budapest eta Hungariako iragan komunistak utzi dituen begi bistako aztarnak, bai hirian eta baita jende artean oraindik ere. Ez ziren gozoak izango iraganeko garai haiek, ez.

Konferentzian egindako aurkezpenarekin ere nahiko gustora gelditu nintzen. ELTE University Congress Center (UCC) egoitzan ospatu zen operations management alorrari buruzko konferentzia hau. Areto itzela, zinema zirudien. Jorge Valdanok duela zenbait urte modan jarritako "miedo escénico" kontzeptuaz gogoratu nintzen estradura igo eta mikrofonoa hartu nuenean. Hasierako good morning-a ere kostata... 50 bat pertsona etorri ziren, eta baita galdera zorrotzak egin ere. Egia esateko balio handiko aholkuak eman zizkidaten ikerketarako. Iluntzean konferentziako antolatzaileek egundoko afaria eskeini ziguten Danubioan gora ontzi baten. Esperientzia aparta.

Uda honetan Europatik bueltatxoren bat egitekotan dabilenari Danubio ertzeko perla honetaz ez ahazteko gomendatuko nioke. Hori bai, kontuz supermerkatutako ur-botilekin, tapoi larrosadun botila erosi!!

Nork: marinela.2005/06/27 23:18:17.661 GMT+2
Etiketak: marinelaren bitakora | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2005/06/17 17:15:35.306 GMT+2

Hungariara

Budapestera bidaia biharkoan. Londresera (Luton) lehenengo eta handik Hungariako hiriburura, Danubio handiaren ertzera. Ez naiz Budapesten sekula izan, aurreneko aldia da. Esan didatenez eta ikusitako argazkien arabera hiri polita dirudi. Bai bitxia, Buda eta Pest auzoek osatu zuten Budapest, baita Obudak ere geroago.

Historiaz beteta dago, antza, komunismo garaiko hamaika pasarte eta ondare, eta baita bainuetxe ugari ere. Baina edozerren gainetik beti Danubio ibaia hiriko ardatz.

Konferentzia batera (EurOMA 2005) noa argitaratutako nire ikerketari buruzko txosten baten inguruan aurkezpentxo bat egitera. Hori asteartean izango da. Ea ordurarte turismo apur bat egiteko beta dugun. Honaino ere ekarriko ditut hango gorabeherak. Easyjet ondo porta dadila.

Nork: marinela.2005/06/17 17:15:35.306 GMT+2
Etiketak: mundua eskoziatik | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/06/11 13:51:47.314 GMT+2

Gleneagles

Aurtengo San Ferminetako txupinazoak arerio gogorra izango du eguerdiko telebistako berrietan. Izan ere, urtero bezala G-8ak, munduko zortzi nazio boteretsuenak biltzen dituen taldeak, hiru egunetako bilerari hasiera emango dio uztailaren 6an. Britainia Handira heltzen da oihartzun ikaragarridun ekitaldi hau antolatzeko txanda, Eskoziara alegia. Burrunbetatik urrun, apaltasun keinu bat balitz bezala natura erdian kokaturiko herrixka batek hartuko ditu zortzi agintari santu hauek.

Natura erdian, herrixka baten... non dago tranpa? Erresuma Batuko luxuzko hotelik famatuenean hartuko dute ostatu mandatariok, Gleneagles ostatuan, Perthshire-en.

Ia 200 milioi dolarretako aurrekontua du zortzi jaun goren hauen egonaldiak, txantxa ona britainiar zergadunontzat. Gutxienez kontraesan itzela da, lotsagabekeri, zentzugabetasun edo adar jotze berbak erabili ezean, salbatzaile hauek munduko txirotasun, gose, zor edo gaixotasunei irtenbidea aurkitzeko horrenbeste diru gastatu behar izana, milioika dolar pikutara. Sekula ateratako sasi-elkartasunez beteriko argazkirik garestiena zortzi hauena dudarik gabe, bestelakorik lortuko balute gaitzerdi.

“Royal Suite” bakoitzeko 2200 euro behar al dira erabaki zuzenak hartzeko? Badirudi logela garestiagoen premian dabiltzala, 30 urtetan G-8ak hirugarren munduaren mugak zabaltzea soilik lortu baitu; erosotasun handiagorekin agian hobe...

Kontuak kontu, ikustekoak izango dira Britainia Handiko eta mundu osoko hainbat taldek antolaturiko hamaika protesta ekitaldiak. Segurtasun neurriak ere tamainakoak, hamar mila poliziatik gora. Hau dena zortzi hauek behingoz ikus dezaten beraiek direla mundu honetako kalteen benetako iturri.

Aste honetako Berrigaran argitaratutako artikulua

Nork: marinela.2005/06/11 13:51:47.314 GMT+2
Etiketak: glasgoweko portuan | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2005/06/06 23:07:26.750 GMT+2

ERREALAREN etorkizuna

Errealaren azkeneko urtetaz luze jardun gaitezkela ezin ukatu, azkeneko 6 urteak ez dira nolanahikoak izan-eta. Niri bapatean Xabi Alonso, Gipuzkoarena, De Pedro, Aranzabal edo Zubieta XXIko komisio eta subentzioak bezalako gaiak datozkit burura, beno, baita bigarren postu hura ere...

Errealaren lehendakaritza dago jokoan. Horrekin batera hamaika kontu: Harrobiak izan behar duen garrantzia, atzerritarren papera, lehenengo taldearen helburuak, planteamendu ekonomiko berriak, Errealaren nortasuna, hitz batean, hurrengo urtetarako estrategia.

Nire iritziz, beti nire ustetatik abiatuz, aurreneko baldintza Errealarentzat talde lehiakor bat izatea da. Harrobiko gazteekin hobe, baina argi, hauei posturik oparitu gabe. Gauza bat Errealaren harrobi-filosofiaren pisua da, eta beste bat Espainiako aurreneko mailan lehiakor izatea. Zer da hobea hamaika gipuzkoarrekin hamalaugarren postuan amaitzea, edo atzerritarrekin UEFA jokatzea? Hori da argitu beharrekoa.

Harrobikoak kamiseta gehiago maite duela esan ohi da, garra handiagoa erakutsi ei du koloreen alde... horrek aspaldiko kontuak direla deritzot. Orain koloreen gainetik dirua dago, eta gipuzkoarrik zintzoena ere, talde "handi" batek txanpon batzuk eskeiniz gero hor doa birritan pentsatu gabe. Horregatik diot harrobia neurri justuan baloratu behar dela.

Gibelalde, Fuentes edo Santos jaunak ez du eginbehar errezik aurkituko uztailaren 1ean. Behintzat harmailetan ilusioa berreskura dadila, magiaz beteriko arratsalde horiek berreskura daitezela... beti Erreala.

Nork: marinela.2005/06/06 23:07:26.750 GMT+2
Etiketak: mundua eskoziatik | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2005/06/02 23:24:44.556 GMT+2

TESCOko apal artetik

Arratsaldeko zazpirak dira, euria eta haize fina dihardu kalean, udaberria noiz etorriko gabiltzala dirudi udaren atarian... Scotland.

Gaur erosketak egitekotan noa TESCOra, Erresuma Batuko supermekatu katai erraldoia, denok ulertzeko, Euskal Herriko Eroski. Hiru urte pasa arren etxe alboko TESCOn erosketak egiten, oraindik ere bertako produktuek harritu egiten naute, harritu baino askotan ikaratu...

Dendara sartu bezain pronto barazkiekin topo egiten dugu. Ikusgarria bertako itxurakeria, bai, hori besterik ez baita, itxurakeria. Barazki denak garbi-garbi, kolore dizdiragarriz jantzirik, tatxarik gabe, perfektuak, marrazki bizidunetan bezela... edo laborategi baten eginda bezela...

Tomateak gorri-gorriak, denak tamaina berdinekoak, seinaka arramatxo batekin loturik. Sagarrak, laranjak, marrubiak, kiwiak... denak kalibre batekin neurtuak bezela. Txundigarria da porruen garbitasuna, luzera eta lodiera bereko sortak, zuztar gabeak, CAD-ez diseinaturikoak dirudite, ene bada!

Barazkiak atzean utzi eta zer aurkituko... okela eta arraina poliespaneko bandejetan salgai. Hemen ez dago gure ohiko harategi edo arraindegirik, poliespanetan aurkezturiko produktu tristeak baizik. Agian hezkuntza kontua izango da baina amuarrain bat izotzetan baino filmaz inguraturik dagoen tokian konfiantza gutxi. Arrain gizarajoak goibel itxura izaten duela iruditzen zait askotan. Momentuan moztutako okela, lukainka, urdailazpiko edo legatzik ez da ezagutzen inguruotan.

Itxaropentsu supermerkatuan barrena jarraitu eta egundoko dilema bati aurre egitea tokatzen zaigu oraingoan: Produktu organikoak edo "arruntak". Baina zergatik desberdindu? Garia ez al da beti gari, edo artoa beti arto? Organikoak ez diren produktuak erostean hobe norbere buruari saskian zer sartzen ari garen ez galdetzea... urte batzuen buruan ikusiko ditugu ondorioak, dudarik gabe.

Errioxa ardoa Eskozian ere Errioxa ardoa dela ezin ukatu, gaitzerdi, honi behintzat ezin ezer egin... beno, hori salneurria hirukoiztea ez bada arazoa, noski.

Saskia erdi beteta ordaintzera joan eta £15 (€20) ia ezer erosi gabe, hau da hau marka! Ideia bat egiteko, Euskal Herrian eurotan ordaintzen dugun kopuru bera hemen libratan ordaintzen da, hau da %30 garestiago (Ogiak euro bat balio badu hor, hemen libra bat).

Abantailaren bat... beno, dendariak zure produktuak poltsetan sartzea ez da gaizki etortzen, jejeje!!

Nork: marinela.2005/06/02 23:24:44.556 GMT+2
Etiketak: glasgoweko portuan | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/05/30 22:55:58.352 GMT+2

LIVERPOOL

Glasgowetik urrun jaso nuen Liverpool-ak Txapeldunen Liga irabazi zuenaren berri, "Reds"-ak Europako txapeldun, Xabi Alonso tarteko.

Anfield road-eko taldearen garaipen honek Ingalaterra mendebaldean kokaturik dagoen Merseyside-eko hiriburuan iaz bizitako hamaika abentura eta pasadizoak ekarri zizkidan gogora.

Hiri ederra da Liverpool, eraberritze prozesuan burubelarri murgildurik dagoen historiaz beteriko hiria. Mersey ibaiak itsasoarekin bat egiten duen lekuan kokaturik dago, itsasoari zabal-zabalik. Itsasoarekin elkar-bizitze honek islada esanguratsua izan du Liverpool-eko historian. Adibide aipagarri bezala Cunard eta White Star Line (Titanic) itsasontzi konpanien egoitza nagusiak bertan kokaturik egon zirela adieraz daiteke. Itsas merkataritzan ere oihartzun handia izan zuen haren portuak, gaur egun oraindik ere ikus daitezke zaharberriturik makina bat biltegi kai inguruan dock famatuak sortuz, dudarik gabe Liverpool-eko turismo gune nagusiena.

Baina Liverpool-eko historian merkataritza eta itsas-konpainien gainetik badu beste zerbaitek pisu handiagoa: Futbola eta musikak.

Everton eta Liverpool dira hiriko talde nagusiak, batez ere bigarrengoak lortu du osperik aipagarriena futbol historian. Musikan berriz nola ez aipatu The Beatles talde ospetsua, Liverpool-eko laukote handia. Oraindik ere Mathew street-en dago ikusgai The Cavern club famatua, non talde honek bere aurreneko pausuak eman zituen. Benetan hunkigarria ostegunero The Merseyside Beatles taldeak bertan ematen duen emanaldia, Lennon eta konpainiaren lirikak zuzenean eskenatoki hortan entzutea aparteko esperientzia da.

Liverpool-eko txokoak, bertako gau amaigabeak... hiri honek badu zerbait berezia, ez dira erraz ahazten bertako oroitzapenak. 2008an aukera bikaina izango dugu Liverpool bisitatzeko, Europako kultur hiriburua izango da-eta.

From me to you, bertan ezagututako lagun denei eta gau amaigabe bezain ahaztezin haiei eskeinia, bizitzaren esentzia. Baita The Cavern-eko une bakar haiei, we'll never walk alone.

Nork: marinela.2005/05/30 22:55:58.352 GMT+2
Etiketak: marinelaren bitakora | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/05/17 12:12:54.523 GMT+2

Hegazkina eta Ryanair

Ryanair, easyjet, flyglobespan ... azken boladan oihartzun handia hartu duten hegaldi merkedun konpainien adibide motz bat baino ez dira hauek. Merkeak direnik ezin ukatu, adibide bezela Glasgowetik Londreserainoko ordu beteko hegaldiak (kostu denak barne) €6 balio du. Pentsa, €6 soilik!

Hegazkin batera igotzeak betiko zalantzak sortarazten dit, segurtasunarena, hain zuzen ere. Estatistikek argi goraipatzen dute garraiobide honen segurtasuna: 11 milioietan soilik batek izan omen du istripuren bat . Autoarekin berriz, 5000 bidaietatik batek. Estatistika hauen arabera, segurtasun neurri denekin 3000m-ko tontor batera igotzeak arrisku gehiago omen du, hegazkinean bidaiatzeak baino. Honen ildotik, New York-en urte betean erasoren bat (lapurreta bat adibidez) jasateko probabilitate handiago omen dago. Oraindik ere hegazkinaren segurtasuna zalantzapean jartzen duenik badago, ea honako datu esanguratsu honekin zer pentsatzen duen: 15000 urtetan zehar egunero bidaiatzea beharko litzateke istripuren bat jasateko. Ez da txantxa.

Hala ere, hegaldi merkedun konpainia hauen hegazkinen kontura, hauek ere estatistika hauen barruan sar al daitezke? Edo kostuak murrizteko ahaleginetan, adibidez, hagazkinen segurtasun neurri eta mantenimenduan ere dirua aurreratzen dute?

Galdera honi erantzun zuzen bat ematea ez da erreza. Pariserainoko bidea Ryanair-eko langile batekin egin nuen behin. Hark, inongo lotsarik gabe, bere lankideek beti konpetentziarekin hegan egiten dutela esan zidan. Estatistiken gainetik hausnarketa horrekin gelditzen naiz.

Ryanair-ekin guztira lau orduko bi hegaldien aurretik idazten ditut honako hauek. Beti bezala hegazkina hartzeko urduri, ezin aldatu, estatistiken gainetik bada zerbait gehiago.

Ah! Amaitu baino lehenago datu bat: Concorde-ak estatistika guztiak hautsi zituen, 10000 hegaldietan istripu bat izan zuen, ene bada!

Nork: marinela.2005/05/17 12:12:54.523 GMT+2
Etiketak: glasgoweko portuan | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/05/12 20:20:03.958 GMT+2

Badatorrela, badatorrela!!!!

Pazkoak Bergaran! Bergara jaixetan! Hemen dira beste urte betez gure herriko jaiak, Pazkoak. Erret Mintegitik behera Bitorianatxoren etorrerarekin batera hasiko zaizkigu parrandarako egun bikain hauek. A ze zoramena!!

Glasgowen desberdin biziko ditugu martitzerainoko egun paregabe hauek, bihotzarekin bai, baina... urruntasunetik. Herri-minarentzat egun aproposak izan ohi dira honako hauek, koadrilarekin bizitako hamaika abentura, gaupasaren bat edo beste... oroitzapen ederrak. Glasgow inguruan ere bagara bai bergaratar koadrila majoa, hortaz, aurreko urteetan bezala saiatuko gara gure herriari, gure jaiei, gure herkideei omenalditxo xumeren bat egiten.

Txalogarria iruditzen zait jaiak suspertzeko azkeneko hilabeteotan astero elkartzen dabilen herri ekimenerako taldearen lana, baita talde honek bultzaturiko ekintzak ere. Penaz entzuten dut, pena biziz, jaiak direla-eta beste urte batez kanpora joango direnen berri. Jai egitaraua mugatua omen da askorentzat. Jakina gureak ez direla San Ferminak, baina horra hor diferentzia, hauek gureak direla, geure geureak. Memoriak kale egiten ez badit behintzat, Pazkoetako unerik ederrenak ez dira inongo egitarauan azaltzen, norberak sortutakoak dira, konpania onean, jarrera egokiarekin, hamaika eratan, auskalo nola. Gure esku dago jaiak alaitzea, kalean giroa sortzea, egun hauek aprobetxatzea.

Herritik kanpo gaudenon izenean hitzegitea atrebentzia handirik ez bada behintzat, herrian jaietaz gozatzen geldituko zareten denoi bihotzez zorionak eta Pazkoa ederrak igaro ditzazutela!! Eguneroko arazoak baztertu eta jaietan murgildu, gero gerokoak.

Mahoizko blusa jantzi eta tira kalera!!

(Kontuz Bajoiak...-eko mozkorrekin...)

Nork: marinela.2005/05/12 20:20:03.958 GMT+2
Etiketak: mundua eskoziatik | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/05/12 19:42:17.320 GMT+2

Maitasunaren gainean ote?

Bazen behin txori zoragarri bat, hego bikain eta kolore liluragarridun luma ederrez jantzia. Dudarik gabe aske hegaran egiteko jaioa zen txori hura, ingurukoak alaitu eta txunditzeko sortua, alegia.

Horrelako baten emakume batek txoria ikusi eta harekin maitemindu zen. Ahoa bete hortz gelditu zen txoriaren hegaldia ikusterakoan, bihotza kontrolik gabe taupadaka, guztiz hunkituta. Txoriak berarekin hegan egitera gonbidatu zuen emakumea, eta biak zoriontsu jardun ziren laino artean. Emakumeak txoria adoratzen zuen, baita irrikaz miretsi ere.

Orduan emakumeak zera pentsatu zuen: Agian txoriak urruneko mendiak ezagutu nahi ditu! Ideia honek emakumea ikaratu zuen. Txoriak sortarazten zion hura beste txoriren batekin berriz ere ez sentitzeko ikara, alajaina. Eta txoriaren hegan egiteko ahalmenak jeloskor sentiarazi zion.

Penak jota, txoria harrapatzeko tranpa bat jartzea erabaki zuen, horrela txoria berarekin betirako egongo litzatekelakoan.

Bakarrik sentitu zen

Hurrengo egunean txoria emakumearengana bueltatu zen, bera ere maiteminduta zegoenez, emakumea berriz ikusteko desiatzen. Txoria tranpan erori eta emakumeak kaiolan sartu zuen.

Emakumeak egunero ikusten zuen kaiolan preso zegoen txoria. Han zegoen bere grinen fruitua. Bere lagunek ere munduan dena zuen pertsona zela esaten zioten behin eta berriz. Hala ere, egunen poderioz ustekabeko eraldaketa bat ematen hasi zen: Emakumeak jada txoria zuenez, eta ez zuenez hura gehiago konkistatu beharrik, txoriarengan interesa galtzen hasi zen. Txoria berriz hegan egin ezean, bere bizitzako arrazoirik garrantzitsuena galtzean, nahigabeturik ahultzen hasi zen, zatartzen. Elikatzeko ezik emakumeak ez zion jaramonik egiten.

Goizalde baten txoriak bizia galdu zuen. Emakumea sakonki tristetu zuen gertaera honek, txoria burutik ezin kendu gelditu zen. Ez zuen kaiolako garaietan pentsatzen, laino artean alai hegan ezagutu zueneko egun haietan baizik.

Bere sentimenduetan sakonduz gero, emakumeak txoriaren gorputza baino bere hegan egiteko askatasuna eta hegoen mugimendu eder hura nahiago zuela ikusiko luke.

Txori gabe, bere biziak ere zentzua galdu zuen, eta heriotza etorri zitzaion ate joka: Zergatik etorri zara? Galdetu zion emakumeak.

Berarekin zeruan zehar berriz ere hegan egin dezazun - erantzun zion heriotzak. Nahi bestetan askatasunez urruntzen eta bueltatzen laga bazenio, are eta gehiago adoratu eta maite izango zenuen txoria. Orain, nire laguntza behar duzu berriz ere hura aurkitzeko.

Nork: marinela.2005/05/12 19:42:17.320 GMT+2
Etiketak: poeta itsasoan galdua | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak