Are gehiago, zerbait egin beharra ote daukat? Horixe buruan izan nintzen abenduan Berradiskidetze sozialerako gune irekian. Lokarrik antolatu zuen BECen eta 200 bat lagun egon ginen han, goizetik eguerdira bitartean. Egia esateko ez nekien oso ondo zertara nindoan, baina sentsazioa izan nuen hara elkartuko ginen guztiok bat gentozela herri honetan berradiskidetze prozesuan gutariko bakoitzak inplikatu beharra duela.
Metodologia berezia izan zen eztabaida egiteko Lokarrikoek aukeratu zutena: open space deitu zuten. Lehenengo eztabaida gaiak proposatu zituen jendeak, gero eta eztabaidagai gustukoenaren arabera taldeka banatu ginen eta amaieran konklusioak atera eta post it banatan eskegita laga genituen esaldi bana arbelean. Asmoa zen eztabaida taldeetan zehar mugitzea, entzutea, parte-hartzea. Bitxia izan zen metodologia, eta jarraipena eman behar zaiola uste dut; era horretako “kedada” gehiago behar ditugula uste dut. Ze, elkarbizitza, biktimak, giza eskubideak, biktimarioak, barkamena, errekonozimendua… gutxiago edo gehiago, guztien ahoetatik atera ziren berbak izan ziren, baina susmoa daukat abiapuntua adostu beharra dugula aurrera egiteko; izan ere, berradiskidetze horrek zer esan nahi duen ba ote dakigu? Gutariko bakoitzak berradiskidetze prozesu horretan zer ekarpen egin dezakegu?
Baketik-ek esaterako “Berradiskidetzeari buruzko 2012 indarguneak: bost proposamen” aurkeztu ditu. Eta, bizikidetzaren berradiskidetze-prozesu bat bultzatzeko gogoeta horretan aipatzen diren bost proposamenetako bat Gizarte zibilaren eremuan lan egitea da. Dioetenez, “desberdinen arteko elkarrizketa-, topagune- eta formazio-eremuak sortzea proposatzea etika erreferentzia izango duen eremua partekatzeko”.
Bada, ados nago horrekin: berradiskidetzea, azken baten, elkarbizitza era normalizatuan egin ahal izatea delako. Eta, horretarako, gizarte zibilari antolatzea dagokigu. Elkarrekin bizi besterik ez dugunez, ahal dela, elkarri errespetatuz egin dezagun. Horregatik, garrantzitsua deritzot era horretako ekimenetan parte hartzea. Gizartea beti joaten delako gobernuen, erakundeen, alderdi politikoen, aurretik eta kasu honetan ere, eta politikoki akordioak lortzea gehiegi kostatzen denez, herritarron arteko elkarbizitzarako akordioa adostu behar dugula uste dut. Berradiskidetzea eremu sozialean kokatzen delako, maila pertsonalean eta hor, barka eskaerak ere erabaki pertsonalak direnez, dagokionean etorriko dira, baina, landu egin behar dira horretarako egoera egokiak eta bai Lokarrik zein Baketikek jorratzen dituzten ekimenek lagungarriak izango zaizkigu.
Idatzi artikulu bat