Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 26. artikuluak dioenarekin lehenbailehen bete dezala agindu zion Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari joan zen urriaren 22an. Artikulu horrek dioena oso zehatza da: “Debeku da pertsonek, sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun gutxiago edo gehiago dutela edo sexu-objektu soilak direla adierazten duen publizitate-iragarki oro egin, eman edo erakustea, eta baita emakumeen aurkako indarkeria justifikatu, horri garrantzia kendu edo horretara bultzatzen duen oro ere”.
Lopezen gobernuak indargabetu zuen Defentsoriak ikerketa txostena egin zuen 2008an, EAEn argitaratzen diren eta era horretako iragarkiak publikatzen dituzten egunkarien jokabidea aztertzeko eta salatzeko. Defentsoriak jakinarazi egin zien bai komunikabideei, eta baita Emakunderi eta Gobernuari ere txostenak jasotzen zuena eta baita jasotako ebazpenenak ere. Izan ere, gobernuari dagokio, legez, arau-hausteak eta zehapenak betearaztea. Hala esaten da 2005eko Berdintasun legean ere.
Hala ere, gaur gaurkoz iragarki mota horiek egunkarietako orri asko betetzen segitzen dute. Diru iturri garrantzitsua dira egunkari horientzako eta, enpresa pribatuak direnez, badirudi legearen gainetik daudela. Estatu kontseiluak ere iragarkiak debekatzearen aldeko jarrera erakutsi du. Ia urtebete beranduago bada ere, azkenean esan du “autoerregulazio” eskariak ez duela ezertarako balio izan eta “lakra horrekin amaitzeko, arautzea ezinbestekoa dela”. Gertatzen dena da, EAEn araututa egon badagoela, eta Berdintasun legeak ere arau-hausteak egoten badira zigorrak ere definitzen dituela, baina, borondate politiko garbirik gabe, legeak egin bai, baina sarri askotan adornurako izaten dira.
Euskal sozialistek, gaia Legebiltzarrean eztabaidatu zenean adierazi zutenez, era horretako iragarkiak debekatuz prostituzioaren aurka jotzen zen eta, hori dela eta, prostituzioaren inguruko lan talde bat sortzea zela zioten eman beharreko lehenengo pausua. Ez nago ados. Iragarki horiek, kasurik gehienetan, ez dira prostituzioan lan egiten duten emakumeek sortutakoak. Ez daiteke izan emakume batek era horretako hizkuntza erabiltzea bezeroa erakartzeko. Ez naiz inozoa. Badakit gizon askok era horretako lizunkeriak (zerbait esateagatik) gustuko dituztela, baina iragarki horietan erabiltzen den hizkuntza iraingarria baino askoz ere gehiago da. Muga guztiak gainditzeraino iritsi da eta ez nabil moralinaz, pertsonarekiko errespetuaz ari naiz.
Prostituzioan ari diren emakume eta gizon asko ere kexu agertu dira, sexu iragarkiak euren negozioaren erakusleiho direlako eta debekatu ezean euren negozioa iragartzeko modurik ez dutela izango esaten baitute. Horrekin ere ez nago ados. Iragarkiak sexistak dira baita “ohiko” merkatuan ere eta egiten segitzen dira, beraz, hain hedatua dagoen “doble moral” horrek bide ematen dio sexuaren negozioari.
Kontua, beraz, beste bat da. Defentsoriaren txostenak jasotzen duenez, 2007an Gipuzkoako egunkari batek “sailkatutako iragarkiengatik jasotako urteko zenbatekoa 4.117.180 euro izan zen, eta horietatik 1.023.788 euro harremanetarako iragarkiak argitaratzearen ondoriozko diru-sarrerak ziren (%24,9). 2008ko urtarrilaren eta ekainaren artean, sailkatutako iragarkiengatik jasotako zenbatekoa 1.787.000 euro izan zen eta horietatik 432.576 euro relax-atalean iragarkiak argitaratzetik lortu ziren (24,2)”. Bizkaiko egunkari batek, berriz, Defentsoriaren txostenak dioenez, “2007an sailkatutako iragarkiengatik jasotako urteko zenbatekoa 9.266.180 euro izan zen, eta horietatik 1.305.788 euro harremanetarako iragarkiak argitaratzearen ondoriozko diru-sarrerak ziren (%4,1)”. 2008an, relax-iragarkiekin 663.792 euro irabazi zituen egunkari horrek.
Beraz, zertaz ari gara? Hemen ere argi dago interes ekonomiko pribatu batzuen kontrako neurriak direla hartu beharrekoak. Baina, zoritxarrez, horrelako askotan gertatzen den bezala agintariak ez dira ausartak izaten.
Berdintasunak beharrezko ditu errespetuzko jokamoldeak eta era horretako iragarkiak ez daukate lekurik jokamolde matxisten deslegitimazioan (hitz horrek RAEn sarrerarik ez badu ere). Leire Pajinek adierazi duenez talde parlamentarioekin eta komunikabideekin bilera egingo du iragarki horien debekua aztertzeko. Berriro diot: debekuak debeku, arauak guztiontzako berdinak badira, neurriak bete arazteko borondatea da behar dena; ausardia politikoa.
Idatzi artikulu bat