Azaroan izan zen sailburua azalpenak ematen eta orduan eman zituen Aranzadikoak egiten ari ziren ikerketaren ondorioen gaineko xehetasunak. Han, agerraldi hartan bertan, Aranzadikoek azaldu zuten ez zutela inolako txostenik aurkeztu "ofizialki" lana amaitu barik zegoelako.
Agerraldiaren ondoren Aralarrek, PSEk eta EHAKk aurkeztutako legez besteko proposamena onartu egin zuen legebiltzarraren osoko bilkurak, abenduaren 13an: Jaurlaritzak babes dekretua alda zezala, jarduera guztiak geldiaraz zitzala eta lege esplizituagoak gara zitzala horrelako guneak benetan babesteko eskatzen zen ekimen hartan. (Testu osoa hemen).
Gaur, atzera ere, oraingoz ahoz eta aurrerago-edo idatziz jasoko duen txosten batek esango duena aurreratu du kultura sailburuak. Arte arkeologikoan aditua den ikerlari britaniar baten ondorioak azaldu ditu Azkaratek batzordean eta, besteak beste, zera bota du "hay que tener cuidado con las posibles modificaciones de las condiciones ambientales causadas por las excavaciones arqueológicas".
Ikusteko dago nola jasoko duen Paul Petite britaniarrak bere ondoriak, baina zer esan nahi izan du Azkarate andereak? Praileaitzen egiten ari diren ikerketa arkeologikoek kalteak eragingo dizkiotela Praileaitzi? Ikerketa horiek ez ziren bada Praileaitzen ondare arkeologikoaren garrantzia behar den moduan aitortzeko eta babesteko behar diren neurri guztiak behar den moduan ezartzeko?
Bitxia, gutxienez, iruditu zait Azkarate andereak eman dituen azalpenen artean, lau bat bider edo azpimarratu duela, aditu britaniarrak kontatu dion apunte hori. Egia da esan ere egin duela Uraren Euskal Agentzia ari dela baita Praileaitzen malda horren inguru hori aztertzen, eta harrobiaren ustiaketa, maldari dagokionez, geratuta dagoela. Baina zergatik insistitu nahi izan du Azkarate andereak "egiten ari diren, edo egitekoak diren indusketa arkeologikoek eragin ditzaketen ingurumen aldaketak zaindu beharko liratekeela"?
Legebiltzarkideen galderei erantzunez, bigarren txanda baten, Azkarate andereak aitortu egin du dekretua aldatu behar bada aldatuko duela, baina horretarako behar-beharrezko dituela hori egiteko motibazio juridiko sendoak izatea; izan ere, ez baita gauza bera motibazioak paisagstikoak badira, edo meandroaren inguruan Ingurumen Sailaren menpe dagoen Uraren Eukal Agentzia egiten ari den ikerketaren ondorioak (Mutrikuko kultura elkarteak eskatuta), edo dekretuak babesten dituen haitzuloari kalte egiten dioten bestelako argumentazioak. Bata zein beste dekretua aldatzeko baliagarria litzateke, baina argudio juridiko sendoak izan nahi ditu Azkarate andereak, gerora ere epaiketa izango duelako harrobia ekoizten duen enpresak horrela erabakitzen badu.
"Praileaitzen lagunak"
Idatzi artikulu bat