Di-da eta Gunegrafik diseinu enpresek antolatutako kom’09 komunikazio jardunaldietan SUMMAko Conrad Llorens eta Innobasqueko Pili Kaltzada entzuteko aukera izan dut. Durangoko Landakogunean jende talde polita elkartu ginen lehenengo kataluniarra eta gero euskalduna entzuteko.
Gunegrafikeko Xabik aurkeztu zuen Llorens, emozioari ezin eutsita, aitortu zigun moduan. “Gaztea nintzen hartan adi-adi jarraitzen genituen SUMMAk egiten zituen lanak; Internet ez zegoen sasoi hartan horrela aritzen ginen ez baitzen batere erreza beste leku batzuetan egiten zen diseinu lana eskuratzea eta urtero Katalunian ateratzen zen bildumaren zain izaten ginen. Horregatik gaur niretako ohore handia da Conrad zuei aurkeztea”.
Eta benetan gustura egon nintzen marka-identitatean aditua den SUMMA aholkularitza taldeko kidea entzuten. “Geroz eta pisu gehiago hartzen ari da besteek norberari buruz daukan iritziak” eta horregatik da ezinbestekoa enpresarentzako bere identitatea, bere marka, ondo definituta izatea eta enpresak berak eman nahi duen irudia eta sortu nahi duena definituta izatea; izan ere, “produktu-markaren esanahia da ezagutzera ematen saiatzen garena, hori da balio duena”.
Horretarako lau arlo jorratu behar dira:
1/ Kontzeptua: jendeak zerekin identifikatu nahi gaituen definitu behar dugu; legitimoa, bereizgarria, nabaria eta iraunkorra behar du izan.
2/ Adierazpena: estilo propioa sortu behar dugu; ikuspegi estrategiko bati zuzendu behar gatzaizkio.
3/ Kultura: kontzeptuaren barneratzea; enpresa barruko jendeak ulertu egin beharra dauka kontzeptua eta bera adierazteko aukeratuko bidea eta honek bere lanpostuak eragingo dituen ondorioak
4/ Kudeaketa: ideiak, ekimenak, betebeharrak; lan arlo guztietan berrantolaketa eskatzen du.
SUMMAk egin dituen lanetako batzuk aipatu zituen Llorensek, adibide gisa. Horietako bat RTVEk egin duen irudi korporatibo berria da. Markaren itxura berritzeaz gainera, kontzeptua ere berritu nahi izan dute: talde multimediaren irudia indartu eta TALDE legez funtzionatu arazi erakunde horretako lan arlo guztiak. “Egia da 3.000 langileren kaleratzearekin bat egin duela denboran eta hori ez dela onena enpresaren irudiarentzako” gogorarazi zigun kataluniarrak. Horretan ere, Abanderado markarekin egiten ari direna egin behar izan dutela, “narcisismo kolektiboa” bultzatu behar izan dute. "Abanderako etxeko saltzaileak motibazio barik ateratzen ziren euren kantzontzilo eta bestelakoak saltzera maioristei, baina sinistuta merkatua galdua zutela erosleek Calvin Klain edo 3 euroko kantzontzilo txinatarrak aukeratzen dituztela; baina merkatu azterketa batek esan digu erosleen %80k ez duela ez bata ez bestea erosten, beraz, uste dugu Abanderadok baduela joko-zelaia eta horretarako "gizon errealarentzako barruko erropak" proposatuko ditugu eta saltzaileak motibatzeko “Positiboa da narcisismo kolektiboa sustatzea”. Eta, ez zaio arrazoirik falta. Azken baten, komunikazioa “benetakoa” izan dadin, jendearengana “naturaltasunez” iritsi nahi izan ezkero, eta jendea “zintzotasunetik” erakartzea helburu izanda, zinez, norberak sinistu beharra dauka egiten duen eskaintzak merezi duela, eta nolabaiteko korrespontsabilitatea eskatzen duela identitate horren parte izateko orduan.
Pili Kaltzadak berrikuntzaren kudeaketan komunikazioa tresna estrategikoa dela esaten hasi zen. Aurretik Llorensek esan zuenaren haritik, Kaltzadak zioen “proiektuarekiko identifikazio falta komunikazio estrategia faltak eragiten duela”. Bai Kaltzadak zein Lloresek ezinbesteko jotzen zuten barne komunikazioa, kanpo komunikazioa egin aurretik. Proiektu, marka, produktu edo dena delako egitasmoaren inguruan lanean ari direnek argi izan behar dute zer lortu nahi duten, zer eragin nahi duten gizartean, merkatuan, nola identifikatuak izan nahi duten merkatuan elkartzen garen pertsonengatik. Izan ere, “taldeko edo enpresako guztiok gara komunikazio agenteak eta hori barneratu beharra daukagu”.
Hori lortzeko, Pili Kaltzadak hainbat tresna aipatu zituen, teknologia berriak hizpide hartuta:
1/ cruetrain manifestua: merkatuak elkarrizketak dira
2/ blogak: enpresa-hizkuntzak ez du erakartzen, elkarrizketa pertsonalek bai
3/ hizkuntza: enpresen eraginkortasunetik begiratuta hizkuntzak hurbildu egiten du eta gure esparruan, euskarak egiten du hori. Kaltzadak ahaztu egin zuen (nahita egingo ote zuen) arlo guztietan behar duela horrek, baina Legebiltzarrean eta Eusko Jaurlaritzan euskaraz egiten ez duten bi lehendakari jarri behar dituztenean.
4/ iritziak: asko dira merkatu horretan gertatzen diren elkarrizketetatik informazio praktikoa jaso nahi izaten dituzten enpresak eta hainbat teknika erabili izan dira horretarako, ohiko inkestaren gainetik; izan ere, iritzi-emaileak atendituta izan behar dira, eraginkorrak izan daitezen.
Nire lanari dagokionez ere, datu esanguratsu eta, era berean, kezkagarriak ere aipatu zituen Pili Kaltzadak:
- erredakzioetara iristen diren prentsa-oharren %85 baztertu egiten da
- egunero, batez beste, 69 prentsa ohar iristen dira erredakzioetara (handienetara 160ra iritsi daiteke kopuru hori)
- erredakzioetan %12 prentsa ohar erabiltzen dira (horrez ez du esan nahi argitaratzen direnik)
Garbi dago komunikazioaren gizartean komunikazio estrategiarekin asmatu ezean ez dagoela norberaren mezua gizarteratzerik eta geroz eta zailagoa dela, gainera, identitate marka hori web 2.0 teknologiari esker sortutako iritzi trukaketa leku edo elkarrizketa guneen bidez zabaltzen diren iritzietatik kanpo geratzea. Merkatuan elkarrizketak gertatzen dira, pertsonen arteko elkarrizketak, eta komunikazioa ona izateko, ezinbestean pertsonen arteko elkarrizketa horietan egon beharra dago, parte hartu beharra dago.
Idatzi artikulu bat