Amaitu dira urtero gure artean ikusmina sortzen duten bi ikuskizun; bata atzo bukatu zen; Jeanne Moreau Donostiako Zinemaldiko epaileen zuzendariak aurtengo film sarituak iragarri zituenean, “Mon fils a moi" eta "Half moon". Bestea, berriz, egubakoitzean: Espainiako armadak maniobrak amaitu zituenean. Horren bueltan aritu dira asteon egunkarietako albiste eta irratietako esatarien komentarioak, besteak beste. Neuk, ordea, amari bisita egin diot eta bestelako kontuak entzun ditut herrian: lehenengo zapatuko ordubietako autobusaren kontura, Lurraldebusek autobus zerbitzua gehitu duela herrian; bazen ordua! Eta gero, Moxeko kanpoaldean nintzela, koadrilako lagunekin, oinezkoendako zubitik Marijo Garciak agurtu gintuen. Marutegiko zubia izena dauka eta orduan galdera: zergatik Marutegi? Rakel Parraren teoriaren arabera, “marujen topaleku” izan delako ingurua. Barregura eragin zigun komentarioak; ona litzateke lantzean behin, kaleko berriemaileei horrelako omenalditxoak aitortzea. Baina ez; Cristina Pavok herriko toponimia moda-modan jarri zuenez, Marutegi lekuari berari omenalditxoa da zubia. Hala ere, aitortu behar dut Rakelena hobea zela. Txutxumutxu zale asko dago gurean; guztiok ere badugu gure kotillatxoa barruan. Niri esaterako, orain dela pare bat aste kontatu zidaten Athleticeko lehendakari ohi Fernando Lamikiz Klubeko jantzi denda bateko saltzaile batekin ateratzen dela. Egunero gertatzen diren kontuak dira, baina ez didazue ukatuko baduela kontu honek morbo apur bat, batez ere Sarriugartek zuzentzen hamaikakoaren klubak izan duen azkeneko astebetea ikusita. Ba hori, neu ere Marutegiko zubiko klubera gehitu behar naizela!
2006/10/02 12:20:04.211 GMT+2
Marutegiko zubipetik: Asteleheneko Goienkaria, 2006-10-02
Nork: Desplazatua.2006/10/02 12:20:04.211 GMT+2
Etiketak:
lagunak
antzuola
ag
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Idatzi artikulu bat