ASTELEHENEKO GOIENKARIA 09-09-07
Krisiaren beste ikuspegi bat landu dute hainbat emakumek Maite Errok zuzentzen duen Berdintasunerako Defentsoriak antolatutako udako ikastaroetan. Katrin Ólafsdóttir islandiarrak “genero kolapsoa” aipatu zuen. Reykjavikeko unibertsitateko ekonomistak bizi dugun krisiak genero baten krisia izan dela zioen. 90eko hamarkadan Europako Iparraldeko herrialdeek bizi izan zuten krisiaren ondoren, Norvegian esaterako, enpresen zuzendaritza batzordeen %40 emakumeak izatera derrigortu zituen gobernuak, ixteko mehatxupean. Hala baieztatu zuen hango Defentsoriako kide den Mona Larsen-Aspek. Paisen Emilio Alfarori irakurri nion atzo krisiaren aurrean ZPren inprobisazioa eta beste guztien imitazioa besterik ez dugula ikusten. Gurean halaxe dabil Patxi Lopez kargura ailegau zenetik, komunikabideen aurrean Madrilgo neurriak imitatzen. Gaur beste antzezpen bat: Chaves lurralde-politikarako ministroarekin enplegu politikaren transferentziaren kontura. Juana Aranguren abokatu eta Plazandreoken kideak ikastaro amaieran gogora ekarri zuenarekin geratu nahi nuke: krisiak aukera ematen digu gizonezko-ekoizlearen figura birpentsatzeko eta berdintasuna bultzatzeko. Aprobetxa dezagun eta arriskatu gaitezen emakumeok eta gizonezkook.
Idatzi artikulu bat