Joan zen barikuko Goienkarian irakurri dio Xabier Legorburu antzuolarrari, Sagastin parkearen aldeko plataformako kideari, “Alderdi politiko bati udal hauteskundeetan emandako botoak ez du boto emailearen adostasunik adierazten alderdi honek agintaldian egiten duen guztiarekin”. Antzuolako Sagastin parkea nahi dutenek 756 aldeko sinadura aurkeztu zituzten udaletxean, baina alkateak “berandu zabizte” esan ei zieten. Horregatik dio Xabierrek “Antzuolako Udalak osatzen duten alderdi politikoek erroldaren %46,52 osatzen dute, normala den bezala, sinadura bilketan lortutako %36,26a gaindituz. Baina bi datu hauek ez dugu uste konparagarriak direnik. Izan ere, gauza bat da Udal bat osatzeko egiten diren hauteskundeak eta beste bat, proiektu konkretu baten aldeko herritarren iritzia”. Eta, hain justu, horri, herritarren iritziari, ematen zaion garrantzi eskasak eragiten du politikoekiko, eta orokorrean politikarekiko, herritarren jarrera negatiboa. Iban Arantzabalek Goienkari berean idatzi du “sigla guztien gaiñetik politikari ahalik eta onenak gura dittugu gure herrixetako udaletan agintzen”, eta horrela beharko luke, baina zoritxarrez ez da hori gertatzen; Antzuolan gertatu dena, Debagoieneko beste hainbat proiektu eta udal erabakiekin gertatu denaren adibide bat gehiago baino ez da. Baliteke hurrengo urteko udal eta foru hauteskundeetan boto emaileek kontuan hartzea euren ordezkari politikoek aurreko legegintzaldietan hartu dituzten erabakiak eta egindako gestioa kontuan izanda aukeratzea. Baina, susmoa daukat, berriz ere, alderdikeria gailenduko dela, nahiz eta udal hauteskundeak izan.
Atzo bertan, esaterako, Gipuzkoako Batzar Nagusietan erraustegiaren gaineko erreferenduma egiteari uko egin ziote EAJ, EA, PSE eta PP alderdiek.
Idatzi artikulu bat