Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2007/06/11 10:53:00.367 GMT+2

Hauxe duk hauxe

Espaloia, 2007-06-8

Larrialdietarako irteeratik atera ginen bariku goizaldean Elgetako Espaloitik. Lehenago egiterik ere izan genuen, baina azkeneko ordurarte itxaron genuen… Hark esaten zuen moduan, “beti aritzen gara zerbait gehiagoren bila”. Eta, Espaloitik hango lagunen Elgetako txoko batera joan ginen. Intxaurrak, urrak eta oliba gaziak atera zizkiguten. Handik aurrerakoak, Pettiren karta jokoak eta Gaizkaren lehengusinaren lagunaren kontuak, gogoan izango ditugu.

Larrialdietarako irteeraren bila ez nintzen aritu, baina biharamonean harekin gogoratu nintzen; batez ere nire gorputzaren erantzun gaitasun ezaz ohartu nintzenean. Hala ere, aitortu behar dut Txuma Murugarrenek “Larrialdietarako irteera” oparituko zidala esan zidan arren, goizalderarte ez ginela liburu bila joan eta harrezkero, gainera, Espaloiko larrialdietarako irteeratik pasata ginen guztiok. Beraz, ez zegoen atzera egiterik! Jada berandu zen, edo goizegi, bestelako hauturik egiteko. Alkoholaren lurrinek aspaldi hartu gintuzten eta aitzakiarik ez zegoen.

Beraz, Txuma bere autoan lagata –Sopuertara joan behar zela aitortu zidanean, flipatu egin nuen; non dago hori?– txokora bueltatu nintzen; gure ganberroen hirukoa, bikote bilakatua zen ordurako. Baina, horra iritsi bitartean, eta zintzoa izate aldera, eta Maiteri zer irakurria emateko, Espaloian Hauxe ikusi genuela kontatuko dizuet.

Txuma Murugarren, Rafa Rueda eta Pettiren Hauxe diskoa Durangoko Azokan erosi nion Ubaneri. Lauaxetaren omenezko lanari esker ezagutu nituen hirurak eta harrezkero, euren lanen bat edo beste eskuratu dut kotxean egiten ditudan kilometro mordoa alaitze aldera. Kontzertua Elgetako Espaloian eman zuten; alai zeuden hirurak eta tarteka, gitarrak afinatzeko aitzakiarekin, txiste eta komentario “sinpatikoak” egiten aritu ziren hirurak. Gu, bitartean, Mireia eta biok, lehenengo lerroan eserita, gustura, barreka, hizketan, abesten… Maitek esan zigunez larregi entzuten zitzaigun, baina marijaia bi elkarren ondoan eseritzearen ondorio, Maite!

Kontzertuko abestien ordena gogoratzeko zailtasunak ditudala aitortu beharra daukat. Hala ere, eta oker ez banago, Txuma Murugarrenek ekin ziola uste dut; “lokal horretan, ez dakit nor zaren, etzaitut ezautzen” abestuz. Neuk ere ez nuen ezagutzen, baina ezagutu nuen. Berriketan aritu ginen kontzertu ostean, bizitzaz, bakoitzaren gogonahiaz eta asmoetaz, aukeretaz, bere aitaz eta nireaz. Pozten naiz ezagutu izanaz, Txuma; zintzo diotsut eta goizaldean agindutako moduan, liburua irakurri ostean “dedikatoria” eskatzeko geratuko gara.

Txumak ekin zion zuzenekoari eta ondotik bina abesti jo zituzten Rafa Ruedak eta Pettik. Hauxek kanta gutxi dituenez, euretako bakoitzaren kanta banakin jarraitu zuten, Espaloian sortu zen etxeko giroa berotze aldera. Jende askorik ez ginen elkartu eta etxean moduan ginen guztiok. Atera kontuak: sarrera kobratzen alkatea eta alkarte-ordea aritu ziren! Elgeta, is diferent, esango luke nonork, baina zin dagizuet, badela. Han haizeak beste modu baten jotzen du; edo niri eragin egiten dit behintzat.

Gau ederra izan zen, niretzako. Oso gustura izan nintzen eta lagun berriak egiteko aukera izan nuen. “gernikatik etorri zara gu ikustera?” galderari ere erantzun nion, baina Elgetako fan kluba aspaldi eratu zen: Ehungarrenean hamaika estreinatu zenean, alegia. Hortaz, zer da ba Gernikatik Elgetara joatea gustuko artista koadrila entzun eta haiekin gozatzeko? A, ta, anfitrioiei ere besarkada bat. Eta, gorantzia Ekain eta Rafa Acevesi eta honen buruarekin sinbiosian bizi den txanoari.

Pettiren karta jokoa

Aukeratu karta bat; hauxe! Ondo da, orain sartu ezazu seigarrenaren eta zazpigarrenaren artean, baina ez kontatu kartak. Hau al zen zuren karta? Ez, baina zergatik dago nik aukeratutako karta birritan?

Eta, holaxe zen, ezpatazko jota bi zeuden Pettiren eskuarteko karta sortan. Hauxe bai, hauxe karta jokoa! Bai, horixe! Txalo, txalo…

Txumaren amonaren ohitura zaharrak

Gure amona zenak bazeukan ohitura bitxi bat bere biloba mutilezkoekin; gantzontziloetako gomak mozten zizkigun eta xingolakin lotzeko egokitu. Nola baina, zertarako? Erosoagoa izan zedin gantzontziloa gerri bueltan, era horretara norberaren gerri bueltaren arabera lotzeko edo askatzeko xingola; beti ere eroso.

Rafa eta Fernando

Nik ez nekien, baina Iban gogoratu zen: Marijo bazenekien Rafa Fernando Saundersekin egon zela Madrilen jotzen? Zuk ere ezagutzen duzu Fernando, ala? Bueno, esto, bai: behin elkarrizketa egin genion Asteleheneko Goienkarirako. Hori baino gehiago, Marijotaz maitemindu zen Fernando. Baina, zu ere maitemindu zinen, bestela ezingo dut kontatu gogoratu dudana. Ez, lasai, kontatu, ez zen hain sakona izan. (Amona ez dudanetik nire burua gehiego maite dudala sinesten hasia nago).

Blogariak

Baina zuk ere bloga duzu? Berrian? Ez, nik Goienaneten. Ba irakurriko zaitu, bai horixe! Hortaz, ordu txikietan esandakoak gogora ekartze aldera eta nire burmuineko putzuak sakonegiak direnez, ia nork ekiten dion kronika osatzeari.

Nork: Desplazatua.2007/06/11 10:53:00.367 GMT+2
Etiketak: espaloia laguna kontzertua hauxe | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Putzu sakonak izateko memoriarekin ez zabiltza bat ere txarto. Besarkada handi bat majisima.

Nork: gurpil.2007/06/11 15:08:25.359 GMT+2

Txuma fenomeno egon zen. Ahots berezi hori, letra onak, giroa berotzen hasi zen. Kanta eta kanta artean ere ondo, eta eskertzen da ze denak ez dira ondo aritzekoak azalpenetan. Izigarria. Oso ondo, Txuma.

Rafa klasiko bat da neretako. Ni gero eta poperoago izatearen kulpa handia du Rafak. Izugarri gustatzen zaizkit dituen diskoak eta egiten duen lana jarraitzen dut. Zuzeneakoetan ondo. Oso ondo, Rafa.

Petti ostera... Pettik bikain bat merezi du. Kanta batean beheko ahotsetik, hurrengoan goitik erregistro zabala duela erakusten. Gitarran fenomeno bat, fenomenoa erritmoan eta punteoetan ere bai. Ez da ona diskoetan bakarrik, hazi egiten da zuzenekoetan. Benetako animalia! Oso ondo, Petti.

Eskerrik asko Hiruroi eta zelan ez Ekain (bateria), Ekaitz (gitarra apala), Rafa Acebes (teklak), Pello (soinua) eta Gorkari (argiak). Bakoitza berean oso ondo.

Hurrengo eguna destinu petrala! Hori bai, bariku gaua ederra. Biba!

Nork: Iban Arantzabal.2007/06/11 20:20:17.565 GMT+2
http://www.espaloia.com

Bien, bien, bien... Goizeko ordu txikiak arte segi zenuten, e? Inbidixa apur bat ematen diazu Marijo, bai horixe!! Horrelako kontzertu eder baten ostian neri ere, kriston gorputz parranderoa jartzen jata.

Ze gozatu hartu genduan, oraingoan ere, Espaloian! Ez naiz luzatuko Ekaitz bajista zeinen perfektua bintxatzen jatan esaten, Pettik barruak zelan aztoratzen dizkidan kontatzen, batzutan Rafaren Jainko hila faltan botatzen dudala onartzen edo eta Txumak, ai Txumaren gauak nola mozkortzen nauen aitortzen.

Seguru hurrengoan ere Espaloia dan paraiso txiki hortan ikusiko degula elar. Paraisoa entzuleontzak eta ikusten dudanez baita artistentzat ere. Ordura arte, opari txiki bat: Aitorrek bideo batzuk grabatu zitxuan nere mobilakin eta google-era igo ditut. Kalitate eskasekoak dira baina baina seguru balio dutela momenturen bat berriz gogora ekartzeko.

http://video.google.es/videoplay?docid=6848532859567472250
http://video.google.es/videoplay?docid=-893384865306073148
http://video.google.es/videoplay?docid=-4016488114134612381

Nork: Etiam.2007/06/11 22:13:50.154 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak