Hamar urte joan dira! Atzo hainbati gogorarazi nien, Mikel Irizarrek esan zigula orain dela 10 urte "kazetari multifunzionalak" izango zirela Goienakoak. Orduko langileetako batzuei "susto" aurpegia geratu zitzaigun, zer zen asmatu ezinda. Atzokoa ikusita, ordea, bidea ondo ikasi dela azpimarratu behar dut. Lankide ohiak Goiena berriaren lehenengo zenbakia amaitzen ari ziren Amaia antzokiko hallean; Goiena TBkoak, berriz, fotokolean elkarrizketak egiten, Arrasate Irratia zuzenean saioa emititzen eta Interneten ere ekitaldi guztia jarraitzeko aukeran lanean besteak. "Multifuntzionalak"; Itxaro Zubillagak esan zidan moduan, ondo ikasi genuen hura. Eta, Amaian hitza hartu zutenetakoei entzunda ere, Debagoiendarren artean batetik, eta erakundeetako ordezkarien artean bestetik, zabaldu da mezua, egin du bidea proiektuak eta arrakasta izan du "komunitateak".
Zer litzateke euskarazko komunikabideen sektorea Goiena modukoak balira eskualde guztietan?
Bere egunean bazegoen Goienaren asmoaren atzetik, eredua zabaltzearen esperantza. Eredua beste eskualde batzuek ere bere egin zezatela. Goiena, baina, Debagoienean geratu zen; saiakera bat izan zen Durangaldean Anbotorekin, baina ez da osatu komunitate gisa. “Goienak lortu du eskualdeko herrien arteko harremanak sendotzea, euskaraz informatzea normal-normala izatea, komunitate handi bat izatera heldu da”, esan zuen Estepelan Plazaola Goienako Mr. President-ek.
Gipuzkoako kultura diputatu Maria Jesus Aranburuk esan zuen “ezinbestekoa dela eguneratuta egotea, baina zertarako jakitea ere garrantzitsua da”. Eta Goienak badaki, Goiena proiektura orain hamar urte batu zirenek jarri zuten giza baliabideak eta talde esfortzuak, argi zuela zertarako zen bazekitela: eguneratu egin ziren orduan Debagoieneko herriz herriko komunikabideak, eguneratu egin zen komunikatzeko modua eta eguneratu egin ginen guztiak, baita herritarrak ere, informazio hartzaile eta informazioaren protagonista gisa. Eta hori dena, euskaraz, gure hizkuntzan. “Euskara gure hizkuntza da eta egon nahi dugun guztietan egongo da euskara”, esan zuen Aranburu andereak eta beste hedabideek ere ispilu honetan begiratu beharko luketela ere.
Garrantzitsua da erakundeek ere era horretako egitasmoak babestea. Debagoieneko Udalak hasieratik inplikatu ziren Goienan, bazkide dira. Lourdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea ere Amaia izan zen atzo. “Interesarekin jarraitzen du Sailak hau guztia, euskararen aurrerapausoetan guztiz garrantzitsua delako”, adierazi zuen Auzmendi andereak. “Hizkuntzaren erabileran bete-betean asmatu duzue, zuzentasuna zaindu, baina baita ere tokiko ñabardurak mantentzen dituzuelako”, gehitu zuen. Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren 2011ko aurrekontuak 1,6 milioi gutxiago izango ditu. Espero dezagun, benetakoa izatea “interesarekin jarraitzearena”, komunitateak, euskal komunitateak, era horretako proiektuak behar-beharrezkoak dituelako eta, HPSkren aurrekontuaren murrizketak kalterik ez eragitea Komunitatean, beste erakundeen kasuan gertatu den moduan
Idatzi artikulu bat