Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2006/12/14 13:32:25.267 GMT+1

Bost urteren buruan, errepaso laburra

5 urte igaro dira eta horren inguruan berriz ere lagunak ikusteko aukera Arrasaten. Bost urte Iban Arantzabal sustatun idazten hasi zela. Goienak papera, telebista eta irratia eta bazeuzkala eta bestelako jauzi bat egiteko ordua zela. Atzo Ibanek berak azaldu zuen urteurren jaian zergatia eta Codesyntaxeko Luistxo Fernandezek ere azaldu zuen nola ekin zioten hari. Bideoa ere eskaini zuten sustatukoek euskarazko lehenengo blogaren ibilbidea zein izan zen kontatzeko. Han agertu ziren Mikel Irizar sasoi hartan Goienaren gurdiari tiraka hasi zitzaion orotarikoa, Joxe Arantzabal bere gaixotasunaren berri sustatun ematea erabaki zuenean bultzada bikaina ematen asmatu zuen Arrasate Presseko jefe ohia, Uxoa Agirre sustatuko editore lanetan aritu zena, Maite Rementeria Codesyntaxeko diseinatzailea eta sustaturen itxuraren “erruduna”, Garikoitz Araolaza Codesyntaxeko programatzailea eta ziurrenik ahaztuko dut norbait, baina intentzio txarrik barik izan da.

Ba esaten hasi naizela jada bost urte igaro direla eta atzo Ibanek esan zuen moduan, sustaturi esker gerturatu nintzen Internetera euskaraz. Ez nintzen eta horrela jarraitzen dut, teknologia berrietan batere jakituna; nire bloga bera ere Asteleheneko Goienkarian lanean hasi nintzenean sortu nuen, Goienako lagunek animaturik eta izenari buelta asmo eman ostean. Baina, aspaldi honetan segundo erdi ere ez diot eskaintzen Desplazatuari. Geroz eta desplazatuago nagoela dirudi! Ze, bost urte hauetan desplazamendu mordoa egin ditut eta atzo ere, Fatima Arantzabalek gogorarazi zidan Arrasate Press utzi nuenetik geratu barik nabilela. Lanez hainbat aldiz aldatu dut harrezkero, Durangoran joan nintzen eta han nengoela beste lan baten hasi nintzen, baita Durangon. Bilbora joan nintzen ostean eta handik Bergarara itzuli eta atzera bueltan alde egin nuen eta orain, berriz, Gasteizera joaten naiz lanera. Desplazamenduak dira nire egunerokoa!!!

Baina tarte horretan guztian Goienaren bueltan gertatzen denaren berri izaten saiatu naiz eta Debagoieneko lagunek egiten duten lan bikaina jarraitzea gustuko dut. Berritzaileak eta ausartak direla neuk esatea, jada, inora helduko ez den mezua da, baina horrela da. Goienkaria sortzeko asmoaren aurrean dudak izan nituela aitortu arren (asmo horrekin hasi zirenean Arrasate Presseko zuzendari izatea proposatu zidaten eta hainbeste denbora ez neraman han lanean ardura horri eusteko eta horregatik pentsatu nuen, desagertu egingo zela Press Goienkariak aurrera egin ezkero. Urteetik uztatu egin dira, gutxinaka egindako prozesua izan da eta era logiko baten egindako gainera), apustu bikaina izan zen hura eta erakutsi dute Enekok eta bere lan talde guztiak hartuta erabakia izan den herri aldizkarigintzak aurrera egiteko bidea. Sustatu ere erronka izan zen eta horrek ere bere emaitzak izan ditu, goiena.net, blog pertsonak eta komertzialak, gu guztiok Internetara euskaraz hurbiltzea eta blogarien arteko hartu-emanak bultzatzea.

Ausardiak lagundu egiten du, asmoak gauzatzen eta bidelagun jende aproposa izanez gero, pausoak egoki eta ondo ematen dira. Hori ikasi dut Arrasate Pressen hasi nintzenetik, eta atzo ere Maria Agirrekin komentatu nuen, labur antzean, han denetik egiten ikasi genuela eta harrezkero beti jakin izan dugula noiz eta nola ekin eta geratu edo aldatu. Mikel Irizarrek esan zidan urtarriletik aurrera ardura profesional berri bati ekingo diola eta aitortu nion “nauxittan hik modukua izan nahi juat!” eta berak “neuk pe bai” esan naostan. Adi ibili behar!

Atzo, argazkirik ez nuen atera nik Arrasateko kultura etxe berriko klaustroan, baina nahiko argazki daude jasa sarean, hortaz, aprobetxatzea erabaki dut.

Nork: Desplazatua.2006/12/14 13:32:25.267 GMT+1
Etiketak: sustatu goiena lana desplazatua | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak