ASTELEHENEKO GOIENKARIA (2009-10-05)
Javier Vizcaynok zuzentzen duen Mas que palabras saioan Alakranaz aritu ziren zapatuan. Legebiltzarkideen tertulian izan zen. Aurkezlea eta Pastor, Damborenea eta Egibar Alakránaz aritu ziren, Basabe, berriz, Alákranaz. Atunontzia bahitu zutenetik hainbat bider entzun dugu barkuaren izena, baina gutxitan entzun dut, Radio Euskadiren saioan modun, barkuaren izena euskaraz ahoskatzen; baina hala behar du euskaraz, Alákrana. Gernikan zapatuan Euskal Jaia ospatu zen eta elantxobetarren ondoan tokatu zitzaidan bazkaltzea; haientzako ere Alákrana da bahitutako atunontzia. Detaile horrekin akordatu nintzen atzo arratsaldean, Pais Semanal aldizkarian Jose Luis Barberiak idatzitako erreportajea irakurtzen. Euskararen inguruan idatzi zituenak eskandalagarriak iruditu zitzaizkidan; are gehiago, bere asmoa bada asteburuan berriro ere PSEko idazkari nagusi izendatu duten Patxi Lopezek jarraitu beharko lukeen bidea markatzea. Giroa berotu nahian segitzen dute batzuek. Gure artean liskarra sortu nahian moduan dabiltzala dirudi, esaten zidan batek asteburuan. Egia da aldaketarako gobernuaren sailburu izar Ares bera bakarrik nahikoa liskar sortzen ari dela. Espero dezagun sasoiz ohartzea eta benetako elkarbizitzarako pausuak ematen hastea.
Erantzunak
Nork: Jon.2009/10/07 00:38:27.276 GMT+2