Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2011/03/25 12:42:53.580 GMT+1

Atez atekoa eta ikusten ez zen zaborra

Gure etxian aitxa izan da zaborra birziklatzeko arduraduna: yogurran potia uretan pasau, olixua zeuken latak ondo hustu, saltsaren baten enbasia garbitxu, papera eta kartoia txukun-txukun doblau, kristal boteiei beira etzana kendu... Hori dana etxian txukun-txukun ipinitxako bidoi baten sartzen zeban eta handik gero, selekziñua egin ostian, edukiontzietara eruaten zitxuan danak.
Edukiontziak beteta ala hutsik egoten ziren etzeuan jakitzerik lehen.
Orain ordia, atez ateko zerbitzuakin, zaborra etara bihar dan egunian bista bistan dago etxe bakoitzak sortzen daben zabor kopurua. Gure aitxak segitzen dau birziklatzen eta bere ardura da etxian. Baina argazkixak atara eta imeilez bidali dozt, neuk pe ikusi neixen zenbat zabor sortzen dan etxe bakoitzian.
Horrekin konturatzeko balixo dau bai atez atekuak. plastiko bilketa

Nork: marijo.2011/03/25 12:42:53.580 GMT+1
Etiketak: zaborra atekoa atez | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/03/22 16:49:51.643 GMT+1

Sexu iragarkiek nori egiten die mesede?

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 26. artikuluak dioenarekin lehenbailehen bete dezala agindu zion Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari joan zen urriaren 22an. Artikulu horrek dioena oso zehatza da: Debeku da pertsonek, sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun gutxiago edo gehiago dutela edo sexu-objektu soilak direla adierazten duen publizitate-iragarki oro egin, eman edo erakustea, eta baita emakumeen aurkako indarkeria justifikatu, horri garrantzia kendu edo horretara bultzatzen duen oro ere”.

Lopezen gobernuak indargabetu zuen Defentsoriak ikerketa txostena egin zuen 2008an, EAEn argitaratzen diren eta era horretako iragarkiak publikatzen dituzten egunkarien jokabidea aztertzeko eta salatzeko. Defentsoriak jakinarazi egin zien bai komunikabideei, eta baita Emakunderi eta Gobernuari ere txostenak jasotzen zuena eta baita jasotako ebazpenenak ere. Izan ere, gobernuari dagokio, legez, arau-hausteak eta zehapenak betearaztea. Hala esaten da 2005eko Berdintasun legean ere.

Hala ere, gaur gaurkoz iragarki mota horiek egunkarietako orri asko betetzen segitzen dute. Diru iturri garrantzitsua dira egunkari horientzako eta, enpresa pribatuak direnez, badirudi legearen gainetik daudela. Estatu kontseiluak ere iragarkiak debekatzearen aldeko jarrera erakutsi du. Ia urtebete beranduago bada ere, azkenean esan du “autoerregulazio” eskariak ez duela ezertarako balio izan eta “lakra horrekin amaitzeko, arautzea ezinbestekoa dela”. Gertatzen dena da, EAEn araututa egon badagoela, eta Berdintasun legeak ere arau-hausteak egoten badira zigorrak ere definitzen dituela, baina, borondate politiko garbirik gabe, legeak egin bai, baina sarri askotan adornurako izaten dira.

Euskal sozialistek, gaia Legebiltzarrean eztabaidatu zenean adierazi zutenez, era horretako iragarkiak debekatuz prostituzioaren aurka jotzen zen eta, hori dela eta, prostituzioaren inguruko lan talde bat sortzea zela zioten eman beharreko lehenengo pausua. Ez nago ados. Iragarki horiek, kasurik gehienetan, ez dira prostituzioan lan egiten duten emakumeek sortutakoak. Ez daiteke izan emakume batek era horretako hizkuntza erabiltzea bezeroa erakartzeko. Ez naiz inozoa. Badakit gizon askok era horretako lizunkeriak (zerbait esateagatik) gustuko dituztela, baina iragarki horietan erabiltzen den hizkuntza iraingarria baino askoz ere gehiago da. Muga guztiak gainditzeraino iritsi da eta ez nabil moralinaz, pertsonarekiko errespetuaz ari naiz.

Prostituzioan ari diren emakume eta gizon asko ere kexu agertu dira, sexu iragarkiak euren negozioaren erakusleiho direlako eta debekatu ezean euren negozioa iragartzeko modurik ez dutela izango esaten baitute. Horrekin ere ez nago ados. Iragarkiak sexistak dira baita “ohiko” merkatuan ere eta egiten segitzen dira, beraz, hain hedatua dagoen “doble moral” horrek bide ematen dio sexuaren negozioari.

Kontua, beraz, beste bat da. Defentsoriaren txostenak jasotzen duenez, 2007an Gipuzkoako egunkari batek “sailkatutako iragarkiengatik jasotako urteko zenbatekoa 4.117.180 euro izan zen, eta horietatik 1.023.788 euro harremanetarako iragarkiak argitaratzearen ondoriozko diru-sarrerak ziren (%24,9). 2008ko urtarrilaren eta ekainaren artean, sailkatutako iragarkiengatik jasotako zenbatekoa 1.787.000 euro izan zen eta horietatik 432.576 euro relax-atalean iragarkiak argitaratzetik lortu ziren (24,2)”. Bizkaiko egunkari batek, berriz, Defentsoriaren txostenak dioenez, “2007an sailkatutako iragarkiengatik jasotako urteko zenbatekoa 9.266.180 euro izan zen, eta horietatik 1.305.788 euro harremanetarako iragarkiak argitaratzearen ondoriozko diru-sarrerak ziren (%4,1)”. 2008an, relax-iragarkiekin 663.792 euro irabazi zituen egunkari horrek.

Beraz, zertaz ari gara? Hemen ere argi dago interes ekonomiko pribatu batzuen kontrako neurriak direla hartu beharrekoak. Baina, zoritxarrez, horrelako askotan gertatzen den bezala agintariak ez dira ausartak izaten.

Berdintasunak beharrezko ditu errespetuzko jokamoldeak eta era horretako iragarkiak ez daukate lekurik jokamolde matxisten deslegitimazioan (hitz horrek RAEn sarrerarik ez badu ere). Leire Pajinek adierazi duenez talde parlamentarioekin eta komunikabideekin bilera egingo du iragarki horien debekua aztertzeko. Berriro diot: debekuak debeku, arauak guztiontzako berdinak badira, neurriak bete arazteko borondatea da behar dena; ausardia politikoa.

Nork: Desplazatua.2011/03/22 16:49:51.643 GMT+1
Etiketak: berdintasuna feminismoa sexu iragarkiak komunikabideak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/01/12 17:56:49.980 GMT+1

Su-etena benetakoa da? (mmmmmm) bai, uste dut

Hamar laguni bidali nien astelehenean ETAren su-etenaren adierazpenera lotura. Hamar lagunetatik, ordea, bakarrak egin zidan kasu.
Erantzun laburra bota zidan bueltan bakar harek: "Una noticia buena! Por fin! Ia iñok ez badeu jodiduten".
Halaxe idatzi zidan lagunak; berak bakarrik, hamarretik batek bakarrik. Horren aurrean, eta gaur arteko esan eta idatzi direnetako denak ezin, baina asko irakurri ostean, ondorioztatu dudana da: ilusiorik ez digula egin herritarroi orokorrean ETAren erabakiaren berri izateak. Bai, berri ona dela onartu dugu, orokorrean; ezin besterik pentsatu, su-eten aldarrikapen baten aurrean. Baina, zergatik ez diogu elkarri deitu? Zergatik ez dugu ingurukoekin komentariorik egin? Nola daiteke hain "hola" geratzea, tamaina horretako albiste baten aurrean?
Asperraldiak eraginda izango da, segurutik. Hainbeste aldiz esan ziguten bazetorrela, ze, iritsi orduko, pasa da eta ohartu gabe askorentzat ikasturte berriko lehenengo lan eguna zena ere beste barik pasa da.
Hala ere, eta hamar haietatik bakarrak bidali zidan erantzunari eutsiko diot eta: "Una noticia buena! Por fin! Ia iñok ez badeu jodiduten".

Nork: marijo.2011/01/12 17:56:49.980 GMT+1
Etiketak: su-etena eta politika | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2010/11/12 13:31:45.223 GMT+1

Goiena, komunitate multifuntzionala

Hamar urte joan dira! Atzo hainbati gogorarazi nien, Mikel Irizarrek esan zigula orain dela 10 urte "kazetari multifunzionalak" izango zirela Goienakoak. Orduko langileetako batzuei "susto" aurpegia geratu zitzaigun, zer zen asmatu ezinda. Atzokoa ikusita, ordea, bidea ondo ikasi dela azpimarratu behar dut. Lankide ohiak Goiena berriaren lehenengo zenbakia amaitzen ari ziren Amaia antzokiko hallean; Goiena TBkoak, berriz, fotokolean elkarrizketak egiten, Arrasate Irratia zuzenean saioa emititzen eta Interneten ere ekitaldi guztia jarraitzeko aukeran lanean besteak. "Multifuntzionalak"; Itxaro Zubillagak esan zidan moduan, ondo ikasi genuen hura. Eta, Amaian hitza hartu zutenetakoei entzunda ere, Debagoiendarren artean batetik, eta erakundeetako ordezkarien artean bestetik, zabaldu da mezua, egin du bidea proiektuak eta arrakasta izan du "komunitateak".

Zer litzateke euskarazko komunikabideen sektorea Goiena modukoak balira eskualde guztietan?

Bere egunean bazegoen Goienaren asmoaren atzetik, eredua zabaltzearen esperantza. Eredua beste eskualde batzuek ere bere egin zezatela. Goiena, baina, Debagoienean geratu zen; saiakera bat izan zen Durangaldean Anbotorekin, baina ez da osatu komunitate gisa. “Goienak lortu du eskualdeko herrien arteko harremanak sendotzea, euskaraz informatzea normal-normala izatea, komunitate handi bat izatera heldu da”, esan zuen Estepelan Plazaola Goienako Mr. President-ek.

Gipuzkoako kultura diputatu Maria Jesus Aranburuk esan zuen “ezinbestekoa dela eguneratuta egotea, baina zertarako jakitea ere garrantzitsua da”. Eta Goienak badaki, Goiena proiektura orain hamar urte batu zirenek jarri zuten giza baliabideak eta talde esfortzuak, argi zuela zertarako zen bazekitela: eguneratu egin ziren orduan Debagoieneko herriz herriko komunikabideak, eguneratu egin zen komunikatzeko modua eta eguneratu egin ginen guztiak, baita herritarrak ere, informazio hartzaile eta informazioaren protagonista gisa. Eta hori dena, euskaraz, gure hizkuntzan. “Euskara gure hizkuntza da eta egon nahi dugun guztietan egongo da euskara”, esan zuen Aranburu andereak eta beste hedabideek ere ispilu honetan begiratu beharko luketela ere.

Garrantzitsua da erakundeek ere era horretako egitasmoak babestea. Debagoieneko Udalak hasieratik inplikatu ziren Goienan, bazkide dira. Lourdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea ere Amaia izan zen atzo. “Interesarekin jarraitzen du Sailak hau guztia, euskararen aurrerapausoetan guztiz garrantzitsua delako”, adierazi zuen Auzmendi andereak. “Hizkuntzaren erabileran bete-betean asmatu duzue, zuzentasuna zaindu, baina baita ere tokiko ñabardurak mantentzen dituzuelako”, gehitu zuen. Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren 2011ko aurrekontuak 1,6 milioi gutxiago izango ditu. Espero dezagun, benetakoa izatea “interesarekin jarraitzearena”, komunitateak, euskal komunitateak, era horretako proiektuak behar-beharrezkoak dituelako eta, HPSkren aurrekontuaren murrizketak kalterik ez eragitea Komunitatean, beste erakundeen kasuan gertatu den moduan

Nork: Desplazatua.2010/11/12 13:31:45.223 GMT+1
Etiketak: goiena | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/11/02 15:30:08.794 GMT+1

Komunikabide “publikoak”

ASTELEHENEKO GOIENKARIA 2010-11-01

Ez dira lirikarako une goxoak; askotan entzundako leloa, baina, hala da. Jasone Agirre eta Maite Zurikarairi galdetu bestela; doala nire elkartasuna ETBko kazetari bientzako. Gure telebista publikoan Asier Odriozolak eta Andrea Arrizabalagak aurkezten duten gaueko albistegian, eguenean, esaterako 13 bideo agertu ei ziren sozialisten bozeramaileak berbetan; horri aniztasuna deritzo, bai horixe. Suriok kargua onartu zuenean Donostiako DV lagata joan zen Bilbo Handira; Urumeako ur lasaiak laga eta Ibaizabalgo ur handitan ez ote zen sartu, susmoa hartuta nabil. Berak igarriko dio, baina baita beste batzuek ere; Viloriak politika arduradun kargua hartu besterik ez du egin eta dagoeneko ETBko bi kazetariri espedientea zabaldu diete.

Aniztasuna ez dabil izaten ETBren ezaugarri aspaldian; Radio Euskadin berdintasuna kontuan ez duten bezalaxe, bide batez. Joseba Arrutik, Deia lagata irratira pasa zen kazetariak, zuzentzen duen irratiaren azkeneko promoak bakarrik gizonezko mordo baten ahotsak batu ditu, politikan emakumerik arituko ez balitz moduan. Hortxe agertzen dira, Egibar, Pastor, Urizar… Dena gizona. Quirogak aspaldian bota dituen perlengatik ote?

Nork: desplazatua.2010/11/02 15:30:08.794 GMT+1
Etiketak: etb politika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/09/20 21:00:36.524 GMT+2

Aldaketen gobernua

ASTELEHENEKO GOIENKARIA (2010-09-20)

Felipe Juaristi idazleak zuzenduko du aurrerantzean Euskadi Irratia. Ez du askorik iraun lan horretan Rosa Diez Urrestarazuk, Suriok EITBren zuzendaritza taldean zuen emakumezko bakarrak. Iazko maiatzaren 5ean aldaketaran (edo aldaketen) gobernua osatu zenetik hainbat izan dira, batean eta bestean, kargu-aldatzeak gobernuan; guztiak aukeraketa txarraren ondorioz izan direnik ezingo dugu esan, baina ez du itxura ona ematen hainbeste izendatze-kargu kentze horrek, bere lehenengo urtean 30 sailburuordetzen %15ek aldaketaren bat izan baitu.

Orain, berriz, euskarazko irrati publikoari tokatu zaio. Ikusteko dago idazle gipuzkoarrak irrati zuzendaritza kargutik egiten dituen ekarpenak, baita zuzendari ohiak euskarazko telebistaren eduki arduradun moduan ekarriko duena ere; izan ere, kargu hori sortuko omen dute berarentzako. Oraingoz dakiguna da 5 orduko zuzeneko saioa hasiko dela irailaren amaiera aldera ETB1n.

Eta, bitartean, Migel Sanzek eta Patxi Lopezek Nafarroan euskal telebista modu digitalean ikusteko sinatu zuten akordioarekin bete gabe segitzen dute.

Nork: Desplazatua.2010/09/20 21:00:36.524 GMT+2
Etiketak: etb lopez ag | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/07/26 09:57:06.452 GMT+2

Hiru ilargi laurden

ASTELEHENEKO GOIENKARIA 10-07-26

“Herritarren baloreak adostu nahi ditu Udalak”. Holaxe irakurri neban goiena.net-en. Ta nire artian esan neban: Antzuolan erroldauta nauanez, nere “baloriak” be adostu nahiko ote ditxu Pedro Iturbek? Aurrerago baina, armarrixa aldatziaz dabitzela irakurri dot. Lepotik kate batekin lotutako errege bat, mairuan alardeko kañoiak, kaliza ta amabirjiñian ikurra eta hiru illargi laurden; antza, Baldejunkerako batalla goguan. Zeozertarako balixoko badau, nik neuk hiru ilargi laurdenak lagako nitxuzke armarrixan; beti erakarri izan nau Abderraman III.ak! Atzoko egunian, Santiagon omenezko jaixa egin biharrian, Al Andaluseko azkeneko kalifian eguna ospatuko biko zan; moruan banderiakin atzera be plazara urten, oinguan, baiña, kañoi ta bestelako arma barik. Goguan daukat oindiño Roke alkate insumiso zalako epaitxu zebenian, Antzuolako Insumiso Taldiari kañoiak bahitzeko proposau notzenekua. Antimilitaristak izango zien, baiña bakarrik geratu nitzan; lastimia. Jaixetako eguenian be baten bati kontau notzan historixia. Zelako ondo pasau neban. Amaia, Rakel, Itziar, Edurne, Amagoia ta Gotzonekin bokadillua jan ta suzko-hontza ikusten. Itziar, “zetako bitxu Donostiako suak holakuak eukitxa, ezta? E, Gotzon! Oindiño “flipatzen?”. Uda on danoi!

 

Nork: desplazatua.2010/07/26 09:57:06.452 GMT+2
Etiketak: alardea antzuola ag | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/07/05 09:39:49.344 GMT+2

Mundiala, sanferminak!

ASTELEHENEKO GOIENKARIA, 2010-07-05

Patxi Lopezek atzo Zaldieroan adierazten zuen “bajoia” Maradonak, eta ia Argentina osoak, dutenaren parekoa dela esango nuke; jakina, arrazoiak ez dira inondik ere berdinak. Lehendakaria, antza,  ez du inork maite. Argentinarrenak, Alemania dauka izena. Bitxia da gero mundialari begira egin daitezkeen irakurketak. Ziur naiz, Espainiako estatuarekin izan beharreko konfrontazio bidean ere, norbaiti barretxoa atera zitzaiola zapatuan Xabi Alonsok bigarrenez jaurti behar izan zuen penaltia sartzerik izan ez zuenean. Zaldieroan ikusiko ote ditugu? Igual ez; honezkero den-denak “pañuelikoa” prest izango dutelako, benetako santuaren omenez, krisia ahaztu, eta parrandan ateratzeko. Etzi izango delako gorriz janzteko eguna; jakina, San Ferminetarako, ez beste “gorriak” ikusteko.  Norbaitek, baina, izango du tentazioa Gora San Fermin esateaz gainera, beste norbait ere gogora ekartzeko. Behin hementxe idatzi nuen bezala, eta Lendakaris Muertos taldea omenduz, “mi conciencia me da igual, no puedo dejar de gritar, Gora España”. Denetakoa behar delako egon, gora san ferminak eta gora peñak, Barcinari gustatu ez arren!

Nork: desplazatua.2010/07/05 09:39:49.344 GMT+2
Etiketak: futbola ferminak san ag | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/06/07 07:15:12.031 GMT+2

Primeran

ASTELEHENEKO GOIENKARIA, 2010-06-07

Hala egongo da Reala berehala -Betisek bereak egingo zuela, eta jada primeran ginela, baina Victor Fernandezen sevillanoek graziya bereziya ere badute eta ez dute Numanciaren kontra kale egin-. Hala ere, Martin Lasarteren mutilek Anoetan ospatuko dute igoera primeran egotearekin hainbeste amestu duten realzale guztiekin batera. Tarte baterako, krisia eta Lopezen murrizketak ahaztuko dituzte baten batzuk. Zapaterok ere, antza, horixe pentsatu du; hala diote “gaizki-pentsalariek”: lan erreformaren onartzea eta Del Bosquek zuzentzen duen larojaren mundialeko lehenengo partidak kointziditzea ez dela kasualitatea.

Ainhoa Etxaidek esateko asmoa zuena ere ez omen kasualiatea, asteon Luis Aizpeoleak Paisen idatzitakoak irakurrita. Eta Rubalcabak, hori ikusita, “ironizatu” ere egin du: “(Batasunak) hauteskundeetan egon nahi badu ETArekin apurtu duela esan nahi du” bota du asteon. Txarli Prieto sozialistak ere, “manualetik” tiratu du, Vizcaynoren irratsaioan, atzera alderdien legearen aldeko aldarrikapena egiteko. Primerako zerbait badabil hortik. Oraingoan izan daiteke; txuri-urdinena izango den moduan, zergatik ez bestea?

Nork: Desplazatua.2010/06/07 07:15:12.031 GMT+2
Etiketak: reala politika goienkaria 2010 | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/05/10 11:36:52.936 GMT+2

In-presionaaaaaaaante!!!

ASTELEHENEKO GOIENKARIA (2010-05-10)

Zetan daukate antza Txiribitonek, Mister Beanek eta Patxi Lopezek? Hitz erdi bat bera ere ez dutela esan ETB1en. Andoni Agirregomezkortak zuzentzen duen Vaya Semanitan eguenean entzun nuen eta, aizue, barreka hasi nintzen! Batez ere, gure lehendakari jaunak aitortu berri duenean piper egiten duela guri guztiori 73.000 euro kostatzen zaizkigun euskara eskoletatik. Txiribitonek eta Mister Beanek aitzakia daukaten, baina Patxik? Legebiltzarrean, kontroleko plenoan: “Egun batetik bestera aldatzen den agendak piper egitera narama batzuetan, baina, lasai, hurrengo egunean nire gurasoen egiaztagiria aurkezten dut”. Wazemankeko Joseina Etxeberriak esango lukeen moduan: in-presionaaaaaaaante!!!

Urtebete egin dute sozialistek Jaurlaritzan. Komunikabide guztietan baten eta bestearen balorazioak ikusi eta entzun ditugu; CQC telebista saioko Esti Gabilondo bera ere Legebiltzarrean izan da “koalizio gobernuaz” galdezka; hala zioen idatziz bidalitako eskarian. Aresek eta Basagoitik ukatu arren, Espainian horixe da ikusten dutena. Onena: 4-1= 3.

Nork: Desplazatua.2010/05/10 11:36:52.936 GMT+2
Etiketak: euskara goienkaria gobernua | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak