Uste eta nahi baino beranduago iritsi naiz 8. kilometrora. Asteartean 20 km egin nituen harmonia ederrean. Atzo ere ez nintzen gaizki ari, halako batean ez atzera eta ez aurrera geratu nintzen arte. Eta ez da belauna, aspaldiko lesio zaharra baizik. Gaur ezin izan dut ezer egin eta bihar ere atseden hartu beharko dut. Ez dut etsiko, baina maratoiko ametsa, amets hutsean gera liteke.
Ezbeharretan mukurua izan zen Felix Carvajal postari kubatarra. San Luiseko Olinpiar Jokoetan jarraitzen dugu. Carvajal, New Orleansen lehorreratu orduko iruzurgileen atzaparretan erori zen. Kartetan hasi eta konturatzerako larrutu zuten. Soinean zeraman arroparekin autostopean iritsi zen San Luisera. Estatu Batuetako jaurtitzaileek maskotatzat hartu zuten kubatar txikia. Carvajalek horri esker jan zuen lasterketa iritsi bitarteko egunetan. Heldu zen ba eguna, eta han azaldu zen gure gizona apain, galtza luzeak eta zapatak jantzita. Epaileek ez zioten parte hartzen utzi. Hantxe geratuko zen Carvajal, Martin Sheridan disko jaurtiketako txapeldun olinpikoa errukitu ez balitz. Bere galtzak utzi zizkion, ondo moztuta noski! Lasterketa hasi zen eta ez zirudien Carvajal lehiatzen ari zenik: tarteka zaleekin hizketan hasten zen. Hori bai, lasterketaren buruari begirik kendu gabe. Domina irabaziko zukeen baldin eta gosetu eta baratze batean geratu izan ez balitz sagar batzuk jatera. Sagarrak heldugabeak izaki, beherakoak jo eta larri iritsi zen helmugara.
Larri, baina laugarren.
Erantzunak
Gora Kuba libre!! Hau irakurri ta geo ez dakit Pernando Amezketarrak inoiz maratoi batean parte hartu izan balu hainbeste komeri entzungo genituzkeen, miamol. Cantinflasek, barkau, Carvajalek ezbehar ugari bai, baina gehienetan sekulako potra! Honek bai egiten zuela dena txiripaz. Istorio honetako "moraleja" edo irakaspena: Ezina ekinez egina. Zaindu gerra zauri horiek Amezti, batzuetan ezer ez egitea asko egitea da eta!
Nork: Azkonarra.2005/07/01 12:34:10.338 GMT+2