Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/09/05 20:45:00 GMT+2

Helmuga

Maratoiak ez narabil jada. Iritsi naiz helmugara eta Ameztiren bloga ixteko garaia da.

Gorputza eta burua elkar hartu ezinik ibili dira azken hamabi asteetan, nahi eta ezin batean: kilometro gehiago egin nahi eta ezin, azkarrago ibili nahi eta ezin... Eta maratoia bera ere hala izan zen; nahi eta ezina.

Nahi eta ezin

Giro kriminala izan genuen. Beroa eta hezetasuna dira maratoilariaren etsairik zitalenak eta txarragoa ezin zuen egin larunbatean. Zuhurtziaz jokatu nuen: hasi baino lehen ondo hidratatu, proban asko edan, pultsometroari jaramon egin, hauspoa gehiegi berotu gabe hasi... Ez zen nahikoa izan.

Oinaze gozoaz gozatzeko asmoarekin irten nintzen eta 28 kilometroko gozamena baino ez nuen izan. Hor hasi zen gurutze-bidea eta azken 7 kilometroak sufrikario hutsa izan ziren. Gorputzak ezetz esaten zidan, eskuineko hankak ez zion ezkerrekoak erakusten zion bideari jarraitu nahi. Larunbatean, ordea, gorputzak ezin zuen burua garaitu, kosta ahala kosta iritsi behar nuen helmugara, estadioaz, jendearen beroaz gozatu nahi nuen. Heldu zen une hura, iritsi nintzen helmugara, bukatu nuen maratoia eta ez nuen ezer ikusi, ez nuen ezer entzun, ez nintzen ezertaz jabetu. Etsigarria izan zen.

Maratoian zertan pentsatzen dugun jakin nahi zenuen, Luperka. Honatx:

Pentsamenduak

Lehenengo kilometroetan ez nuen ezer pentsatu, aldez aurretik pentsatutako gauzak behar bezala egin behar nituela baino ez: gorputzari kasu egin, taupadak zaindu, edan... Kilometroak ahalik eta errazen egitea zen helburua eta guztiz konzentratuta joan nintzen. Salataria eta ni harmonian ibili ginen bitartean, asko gozatu nintzen maratoiaz; horrela 17 bat kilometro. Halako batean, ustez ondoen nenbilenean, pultsometroak zer pentsa utzi ninduen. Erritmoa bizkortu gabe taupadek gora egin zuten nabarmen. Deshidratatzen hasia nintzela pentsatu nuen eta kezkatu egin nintzen. Baina, jendea harrapatzen ari nintzen, gozatzen, eta pentsamendu hori burutik kentzea erabaki nuen. 28. kilometroan lehen karranpa nabaritu nuen eskuineko hankan, izterraren atzealdetik behera; kuadrizepsa minduta nuen ordurako. Maratoia bukatu zitzaidala pentsatu nuen, asko edan arren, nire gorputzak gehiago behar zuela eta kaltea egina zegoela, erritmo horretan ez nintzela helmugara iritsiko. Helmuga esanda: 30. kilometroan Anoetatik igaro ginen eta erretiratzeko une egokia zela pentsatu nuen, ez nuela zertan ibili behar alferrik sufritzen. Segundo batzuetako ahulaldia izan zen aurrera egitea erabaki bainuen berehala. Ez nuen beste ezer pentsatu. Gorputzaren ezintasunari aurre egiteko behar nuen buruko indarra, gorputza xaxatzeko, karranpari karranpa zebilen eskuineko hankari gogorarazteko ezkerrekoari txanda eman behar ziola. Azken 7 kilometroetan errepidea ez zen ia mugitu ere egin nire hankapean. Helmugara iristeko gai izango ez nintzela pentsatu nuen. Azken 2 kilometroetan oinez hasi nintzen, ura behar nuen, autoren bateko erradiadoreko ura ere edango nukeen. Korrika hasi nintzen berriz ere, korrika edo. Estadioan sartu nintzen, eta atzera begiratu eta argentinar bat zetorrela ikusi nuen. "Honek ez zidak irabaziko" pentsatu nuen. Erritmoa aldatzen saiatu nintzen eta eman zidan astinduarekin, eskuineko hanka ni baino lehen iritsi zen helmugara ia; argentinarra nire aurretik sartu zen noski. Helmugaratuta, azken pentsamendua obsesioa bihurtua: ura edan behar dut, ura mesedez!, ez al da urik?

Eskerrik asko, lehenik eta behin, Goiena.neteko lagunei blog hau egiteko aukera eman didatelako eta berau kudeatu dutelako.

Eskerrak

Eskerrik asko hamabi aste hauetan bidelagun izan zaituztedan guztiei. Maratoia zer den eta egunez egun sentitu dudana adierazi nahi izan dut eta zuek asebete izana espero dut. Eskerrik asko zuen animoengatik, indarra eman didazue ahul ibili naizenetan.

Eskerrik asko entrenamendutan lagundu didatenei: entrenatzaileari, bidegorri taldekoei, kiroldegiko Ekaitzi, Juan kiropraktikoari eta Juankar masajistari.

Eskerrik asko larunbatean ni animatzera joan zineten guztiei. Entzun zintuztedan, tarteka ikusi ere bai eta sentitu berriz une oro. Hunkigarria izan zen, maratoi honek utzi didan oroitzapenik onena.

Eskerrik asko hiri, Xabier, proba guztian nire alboan izateagatik. Maratoiaren erraiak ikusi gabeak omen hituen eta modurik gordinenean ikustea egokitu zitzaian. Gozatu omen hintzen eta ni pozik horrekin. Batek bada ere gozatu behar zian!

Eskerrik asko zuri ere, Jon, maratoia bukatu orduko niregana etorri zinelako. Une larria pasatu nuen eta nire onera etorri nintzen arte ez zinen albotik mugitu. Asko lagundu zenidan eta neure burua babestuta ikusi nuen.

Azkenik, eskerrik asko bihotz-bihotzez zuri, Xole. Maratoi hau egin nahi nuela aipatu nizunean ezezkorik esan ez zenidalako, lau hilabete hauetan gutxi hartu eta dena eman didazulako eta zulotik irteten lagundu didazulako. Nik baino gehiago sufritu duzu, zain dagoenari orduak luze egiten baitzaizkio. Bihotza eman didazu eta jakizu, zahartzen hasia den bihotz hau zurea dela.

Nork: amezti.2005/09/05 20:45:00 GMT+2
Etiketak: 11 astea | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

mila esker amesti. Zorionak, markatutako helburu nagusia, alegia, helmugara iristearena lortu zenuelako. Eta gainera, espero zenuen baina gehiago sufrituta izan bazan ere, aurrenekoetako bat izan zinelako. Eta bereziki zorionak, maratoilari baten gora bera guztiak zure ikuspuntu pertsonaletik hain ondo kontatzeagatik. Benetan oso erakargarria izan delako niretzat blogan bitartez jarraitzea. Oraingo gazteek esango luketen bezala, engantxatu egin didazu amezti. Horregatik eta beste hainbat gauzagatik, zorionak eta eskerrik asko amezti. Jarraitu horrela, oraindik beste maratoi asko gelditzen direlako. Eta horietan ere, amets egin ahal izateko, amezti egotea espero eta desio dut. Beraz, animo eta segi horrela.

Nork: Berdin du.2005/09/06 11:59:15.275 GMT+2
Zorionak eta ......

Zorionak Amezti, lortutakoa ez da makala eta! Larunbateko giro "kriminal" hartan, zutik mantentzea zuek animatzeko "gogorra" zenez, zer izango zen 42 kilometro korrika egitea! Gozatu-sufritu egin nuen!

Nire jakinmina ere asebete nuen, Amezti nor zen jakitea alegia. Gogoan eman nuen blogan baten batek botatako izena (letraren bat erantsita) eta zu pasa orduko "Aupa Amezti!" oihukatzen nuen, zu jiratzeko; baina zure benetako izena besterik ez zen entzuten. Denak zu animatzera joanak zirela zirudien. Ni egoskortuta ikusirik, Amezti, gora, Amezti behera, hirugarren bueltarako aldamenekoak serio-serio esan zidan: "Es Juanan ------". Dudatan joan nintzen etxera, baina eskerretan aipatu duzun txirrindulariaren izenarekin lotuta, orain ez dut dudarik.

Badakit Amezti nor den. Baina izenarekin baino gehiago izanarekin gelditzen naiz. Oso uda polita pasa det zure gorabeherak irakurtzen; zorionekoak gu, zure noblezia eta eskuzabaltasunagatik.

Nork: Txomin.2005/09/07 13:36:14.811 GMT+2

Zorionak eta eskerrik asko zuri, Amezti, zure bizipen guztiak, gazi eta gozoak, gurekin partekatu dituzulako.

Txalo zartada asko jo genituen larunbatean zu nor zinen asmatu ezinik (hobe soberan faltan baino!)

Hainbat lekutatik (Alemania, Frantzia, Espainia, Australia, Euskal Herria...) etorritako maratoilariek hunkitu ninduten, bereziki, berari txalo batzuk jo ondoren txapela guri begira kendu zuen aitonak. Ez nuen inoiz hainbeste gozatu!. Dena zure blogari esker Amezti!

Zorionak "zure" garaipenagatik, 30. kilometroan amore ez emateagatik eta Argentinarrari irabazten uzteagatik ;)

Ondo segi. Adio, ikusi arte!!!!!!

Nork: Nora.2005/09/07 14:45:08.701 GMT+2

Bejondeizula Amezti!

PASADA, PASA DA; ze larunbatean PASATAKOA, PASADA izan zen eta. Eguraldiak PASA egin zuen eta bere eraginez, kristoren ERREPASOA eman zenion gorputzari; burua berriz, PASO egin nahian eta ezin.

Baina PASATAKOA ezin da PASARATU, nahiz eta agian emaitza PASAGARRIA ez iruditu, eta bizitzako liburuan, orrialdeak PASA egin behar dira. Horretarako PASAHITZA, zoriontasuna da: galdu nonbait zure neskarekin eta anatomiako gai batzuk ERREPASATU, PASODOBLEA dantzatu edota PASAKA jokatu... Nahi duzuna egin, baina aurrera eta animoso. Bizitza PASAKORRA da eta konturatzerako, asko gozatu gabe PASA egiten zaigu, PASO egiten ez dakigulako.

Esker anitz zure blogarengatik, oso gustura irakurri ditut Joko Olinpikotako edo Munduko Txapelketako PASARTEAK eta zure PASADIZOAK prestakuntza honetan. Zure kontakizunak PASA-MARRA guztiak gainditu ditu!

Ez adiorik, nahi duzun arte eta MARATOIARA, P A S O!!!!!!!!!!!!!

Nork: Azkonarra.2005/09/08 14:42:18.350 GMT+2

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi goiko irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko Captchas.net zerbitzuari esker




Estatistikak