Eta erbia lo dago oraindik. Azken aldapan zarata atera nuen, baina ez da esnatu.
Atzo urduri nengoen. Azken entrenamendu gogorrean gerriak huts egingo zidala pentsatzeak urduritu ninduen. Maskuria ederki hustuta ekin nion saioari. 10 minutu berotu ondoren, 40 minutu egin nituen %108ra. Amaitzeko beste hamar minutu lasaiago; 17bat kilometro denera. Hauspoa berotu zitzaidan, baina aurreko larunbatean ez bezala, atzo ez zen erre.
Gaur ordubeteko saioa egin dut uretan. Gizonezko bat niri begira egon da. Bukatu dudanean hizketan hasi gara eta munduko txapelketara etorri den atleta brasildarra dela esan dit. 5.000 metrokoan hartu zuen parte eta 1.500 metrokoan arituko da datozen egunetan. Zorte ona opatuz agurtu dugu elkar.
Agur eta ohore Belen Azpeitiari, Euskal Herriak eman duen atleta onenetakoari. 52 urte zituen Belenek eta herenegun hil zen gaixotasun luze baten ondorioz. Emakumeak kirola egiteko zailtasunak eta oztopoak baino ez zituenean hasi zen korrika. 17 urterekin Espainiako kros txapelketa irabazi zuen eta ondorengo hiru urteetan ere ez zion inork itzalik egin. Pistan, Espainiako txapeldun izan zen beste bitan 800 metroko proban. Belauneko ebakuntza egin behar izan zioten eta handik gaizki geratuta, 23 urterekin utzi zuen atletismoa.
Agur eta ohore
Agur eta ohore Kenenisa Bekeleri. Herenegun Bruselan, hiru segundo ondu zuen munduko errekorra 10.000 metrokoan. 26.17.53 da marka berria. Besteak beste, Tariku anaiak lagundu zion probaren erdiraino. 13 minutu eta 9 segundoko denbora egin zuten aurreneko bost kilometroetan eta handik aurrera Kenenisak bakarlanean egin zituen falta ziren bostak. 13 minutu eta 8 segundotan osatu zuen bigarren erdia. Proba gehiago xehatzen hasiko bagina, hona datuak: 2 minutu 37 segundo eta 75 ehunen kilometroko. 100 metroak, 15 segundo eta 70 ehunenetan; ehun aldiz, jakina. Minutu bat 2 segundo eta 80 ehunen pistari buelta osoa emateko (25 aldiz). Harrigarria.
Emil Zatopekek beheratu zuen 29 minutuko langa, Ron Clarkek 28 minutukoa, Yobes Ondiekik 27 koa. 25 minutura jaitsiko al du Kenenisa Bekelek? Kostako zaigu hori ikusten.
Erantzunak
Txapelketa honetan partu hartu dugunok giro oso ederra topatu dugu korri egiteko. Kontua da prestakuntza ikaragarria behar dela mundu osotik etorri diren atleta honenen pareko egoteko. Ez genuen uste, beste askok baiaztatu didaten bezala, honelako maila altuarekin etorriko zirenik. Zure entrenemenduak irakurriz, oraingoz nere taldekoek lortu dutena baino zertxobait gehiago egiteko aukera ikusten dut: jubilatua bazara, lehenengo hamarretan eta bestela lehenengo 25etan. Ni bigarren talde honetan nago eta uste baino esfortzu handiagoa eskatu dit helburu hori lortzen. Baina tira, beste aukera bat gelditzen zait eta dudan guztia emateko prest nago. Beste serie batean nere ezagun bati "Euskal Herriko" kamiseta jazteagatik antolatzaile batek kexa azaldu arren, kamiseta berbera garbitu eta jantziko dut. Pentsatzen dut oraingoan ere, aurrekoan bezala, ez didatela ezer esango. Eta azkenik, ea gu bezala egoten zaren, entrenamentu lasaiak egiten korri gose izateko. Animo eta aurrera.
Nork: kilometrolaria.2005/08/29 01:19:59.661 GMT+2
Lehenik eta behin eskerrak eman "kilometrolariari" Euska Herria jartzen duen kamiseta erabiltzeagatik. Badakigu bai, aurretik ere jakinan gainean ginelako, epaile batzuk, maltzur batzu esango nuke nik, horrelako oztopoak jarri dituztela. Kontua da, antolatzaileekin hitz egin dugula eta ez dagoela inungo arazorik bakoitzak nahi duen jantziarekin korritzeko. Beraz, orduan zergatik arazoak jarri euskadun izan eta bere nazioaren aldarrikapena egin nahi duenari?. Bihotz bihotzetik, mila esker, eutsi eta aurrera.
Nork: ESAIT.2005/08/29 13:04:19.524 GMT+2