Zer zen atzokoa! Goizeko zazpi eta erdietan atera nintzen etxetik eta hura bufada! 25º alajainkoa! Korrika hasi eta sua ahotik biriketara.
Ez naiz bero zalea, atzo ordea, subilingariak bezain erraz ibili nintzen eguzkipean. Neronek ez dut ulertzen. Osteguneko gorputzaldi txarraren ondoren, astea hain ondo bukatzea ere! Kezkatuta nengoen atzoko entrenamenduarekin, baina gorputzak ezin hobeto erantzun zidan. 28 kilometroak ondo osatu nituen. Saioa bukatu nuenean, 30º ez ziren aparte izango. Gero badakizue: ito arte, edan. Ahaztu baino lehen: atzo ez nintzen bakarrik ibili. Oskar, Raul, Aitor ..., eskerrik asko.
Ta gaur ordubetetxo, lasai, jolasean, solasean. "Zelan hasi, halaxe amaitu" dio esaerak. Zorionez, beti ez. 125 km aste honetan. Hamaika aste falta dira irailaren 3rako.
Herenegun, Maratondik Atenasera bidean utzi genituen historiako lehenengo maratoilariak. Ez dakit guk atzo adina bero izan zuten, baina nolanahi ere, gorriak ikusi zituzten. 40 kilometroko ibilbide gogaikarria bete behar izan zuten (42 km eta 195 metroko maratoia geroagokoa da). Greziarrak negargarri aritu ziren ordurarte atletismoan eta huraxe zen ordaina hartzeko azken aukera. Australiar bat eta frantziar bat aurreratu ziren. Australiarrak probaren erdian amore eman zuen. Frantziarra bakarrik geratu zen. Estadio Olinpikoan bildu ziren 65.000 ikusleak atsekabetuta zeuden. Eta halako batean, zaldizko batek eman zien albiste ona atenastarrei: greziar batek helmugatik 6 kilometrora hartu zuen probaren burua. Spiridon Louis zen, Marussiko artzaina. Spiridon Louisek ondo neurtu zituen indarrak. Lasterketaren erdian gainera, geratu eta baso bat ardo edan zuen. Gero, aurretik zituen guztiak harrapatu, atzean utzi eta 7 minutuko aldea atera zion bigarrenari.
Louisek 23 urte zituen, eta lasterketa bakarra eginda erretiroa hartu zuen. Greziako gobernuak lursaila, zaldia eta orga oparitu zizkion eta jakiak eta ile-apainketa doan izan zituen bizitza osoan. Zertarako korrika jarraitu?
Spiridon Louisen istorioak eta antzeko beste batzuek eman zieten arnasa Olinpiar jokoei.
Marussiko artzainak 40 kilometroak zenbat denboran osatu zituen jakin nahi? 2 ordu 58 minutu eta 50 segundotan. Ez zen hanka-motza!
Erantzunak
Spiridonek bai jakin! Ziur baso ardoa izan zula gasolina! Baina susmoa det Ameztik ez dula halakorik egingo. Dopaje baino gehio, beretzat antidopajea litzatekela esango nuke.
Nork: Txabarri.2005/06/20 09:35:05.317 GMT+2
Hau zoologikoa! Tira, azkenean greziar batek irabazi. Garaipen horregatik sari ederrak eskuratu zituen, bai. Ordainaz ari garenez, New Yorkeko maratoian emakume irabazlearentzako saria 130.000 dolar izango direla entzun dut, gizonezkoarentzat berriz, 30.000 dolar gutxiago. Ez da hau oso ohikoa izango, Amezti?. Oro har, emakumezkoen sariak txikiagoak zirela irakurrita neukan.
Nork: Nora.2005/06/20 17:54:12.841 GMT+2
Oro har, eta ez atletismoan bakarrik, emakumezkoek sari txikiagoak izaten dituzte. New Yorken nolanahi ere, sari berberak banatu izan dituzte: 100.000$ lehenengoari, 45.000$ bigarrenari, 30.000$ hirugarrenari eta 20.000$ laugarrenari. Aurten, INGk (maratoiaren babesleak) beste 65.000$ emango ditu aurreneko lau emakumeen artean banatzeko. Ekimen honekin emakumezkoen parte-hartzea sustatu nahi dute. Nora, hasi beraz!
Nork: Amezti.2005/06/20 20:47:50.211 GMT+2