Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/08/24 23:46:43.436 GMT+2

37. kilometroa

Astelehenean hartu nuen olatua muturraren aurrean lehertuko zitzaidala uste nuen, baina ez. Olatu ona hartuta ederki noa oraintxe, balantzarik egin gabe eta zuzen, hankak eta besoak ondo pausatuz. Ea olatu horren gainean iristen naizen Kontxako banderako lehenengo jardunaldiraino.

Atzo 19 kilometro egin nituen, aurreneko zortziak lasai eta beste hamaikak maratoiko erritmoan baino azkarrago. Gogotik eskatu behar izan nion gorputzari eta eskatu nion guztia eman zidan, ez zuen ezer gorde. Badago zer edo zer oraindik barru honetan! Oso pozik bukatu nuen saioa. Gaur ordubete egin dut uretan eta aspaldian ez bezalako txisparekin aritu naiz. Bost kilometro baino ez zaizkit falta helmugara iristeko. Horma atzean utzi eta banoa bizi-bizi helmugaraino.

Nork: amezti.2005/08/24 23:46:43.436 GMT+2
Etiketak: 11 astea | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Diok Amezti bost kilometro besterik ez direla falta helmugaraino iristeko eta berriro sentzaio honarekin aurkitzen dela hire gorputza. Bazakiat, honeraino iristeko asko sufritu behar izan dukeela, lesioa eta azken sustoa tarte, baina seguru negok ere, sufrimendu horrek balioko duela lortu nahi duken hori lortzeko. Hori nahi diat behintzat eta hori desio diat, bihotz bihotzetik

Nork: Mukurru.2005/08/26 13:08:32.316 GMT+2

Iepa Amezti. Helbide hau aurkitu nuenetik sartu-irtenean ibili naiz, maratoi korrikalari baten sentsazioak hobeto ulertu nahian. Batzuetan pentsatu izan dut, "Benetan ere kirola maite behar, eta batik bat korritzea, horrelako abentura batean sartzeko." Eta beste batzuetan, "Tipo hau zoratuta dago. Jota egon behar egunero-egunero hainbeste kilometro egiteko, gorputza lehertu arte". Baina noan harira. Denbora honetan guztian galdera bat erabili dut buruan: zer pentsatzen du maratoi-korrikalariak kilometro horietan guztietan? zer pasatzen zaio burutik? Pentsa nezake 100 metroak korritzen dituenak arnasa, pausua, bihotzaren erritmoa... erabiliko dituela. Beharbada, 400 metro edota 1.500 metro korritzen dituenak ere bai. 5.000 eta 10.000 metroko lasterketetan, ez dakit pentsaerak zeintzuk izango diren. Baina 42 km? Niretzat behintzat tarte handiegia egin eta desegin beharrekoak, bizitakoak eta bizi beharrekoak pentsatzeko.

Nork: luperka.2005/08/28 11:08:04.047 GMT+2

Luperka, pentsatzearen kontu horrekin zer pentsa jarri nauzu. Pentsatzen hasita, ez dakit zer pentsatu. Ez dakit maratoian zertaz pentsatzen dudan, ez baitakit pentsatzen dudan ere. Pentsatuko banu, gogoratuko nintzatekeela uste dut, eta gogoratzen ez banaiz, aldiro pentsamendu ezberdin asko izango ditudalako izan liteke. Igandean esango dizut zer pentsatu duen maratoi-korrikalari honek.

Nork: Amezti.2005/08/29 23:31:25.820 GMT+2

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi goiko irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko Captchas.net zerbitzuari esker




Estatistikak