Larunbatean ez nekien harriarekin burua jo edo buruarekin harria jo. Etsita nengoen, animorik gabe, dena pikutara bildaltzeko gogoarekin.
Atzo ez lehorrik eta ez bustirik. Atseden hartzea erabaki nuen: lo-putzua egin, ondo gosaldu eta kirol arropari begiratu ere ez. Gaur ikaraz ekin diot entrenamenduari, konfiantzarik gabe, aurreko egunetako ezina nabaritzen hasiz gero saioa bertan behera uzteko intentzioarekin. Gaur, ordea, ahala izan dut bidelagun; ez hanketako minik, ez ezintasunik, ez tristurarik... Buruak eta gorputzak berehala egin dute bat eta hortik aurrera gozatu baino ez dut egin. 22 kilometro egin ditut, gustura eta neke handirik gabe, eta 40 egingo nituzkeela iruditu zait. Iragan asteko sentipenak "sentipoz" bihurtu zaizkit.
Baina ez da gaurko "sentipoz" bakarra izan. Hasi da Beteranoen Munduko Txapelketa, aurkezpenarekin hasi ere. Ekitaldiak ez du maila handirik izan eta mundu osotik etorri diren atletei ez diegu gure kulturaren eta ohituren berri eman. Denak pozik uztea ez da erraza. Desfilea ere egin dugu. Euskaldunak, Euskadiren izenean, azkenak sartu gara, espainarren atzetik eta gu azaldu orduko giroa berotu dela iruditu zait. Jendea zutitzen ikusi dut eta oso harrera beroa egin digute. Hunkigarria izan da.
Barregarri
Baina janzkerarekin ez dugu maila eman. Lehenik eta behin eskerrak eman behar dizkiogu ESAITi elastiko berde bana eman digulako. Horri eskerrak ez gara nabarmenago geratu. Beste herrialdeetako atletak uniformea jantzita irten dira, herrialdearen izena ederki asko ikusten zela. Baina guk herrialderik ez dugu eta ezin uniformerik eraman. Nora begira egon dira herri honetako agintariak? Bi sos ez gastatzeagatik utzi al gaituzte uniformerik gabe? Esan izan baligute guk erosiko genizkiokeen Euskal Herriko atletismo federazioari. Lotsa gutxirekin esango dute gero herri bat garela eta gure selekzioa izateko eskubidea dugula. Munduko txapelketa honetan baino errezago ez dute beste inon izango: arautegia azkoz ere malguagoa da eta dakienak esanda dakit Espainako Federazioak ez duela ezer egingo eta esango Euskal Herriaren izenean parte hartuz gero. Aukera ederra galtzen ari gara. Donostiara etorri diren 5.500 atzerritarrek euskaldunok Euskal Herriaren izenean lehiatzen ikusi beharrean, sei elastiko ezberdinekin ikusiko gaituzte: Espainiakoarekin, Europako Txapelketarako banatu zituzten Euskadikoarekin, ESAITenarekin, Gipuzkoakoarekin, bakarren bat Donostiakoarekin eta norberaren klubeko kamisetarekin.
BA-RRE-GA-RRI!
Erantzunak
Lehenik eta behin, mila esker Juana atzoko desfilean parte hartzeagatik eta euskal selekzioaren aldarrikapenarekin bat egiteagatik. Eta zorionak noski, horrelako desafioari, alegia, bloga idazteko hartu duzun konpromisoagatik. Zuk egindako kilomotreko guztiak agiteko aukera ez dut izan baina begibistakoa da, ondo entrenatuta zaudela eta gauzak argi dituzuela. Benetan oso lan txukuna eta interesgarria iruditu zaidalako irakurri ahal izan ditudan azkeneko bi kilometroetan egindakoa. Eta seguru nago gainera, bukaera ere ona emango diozula. Ea ba Munduko Beteranoen txapelketako maratoi ofizialean ere, horren txukun ibiltzen zaren eta denok amesten dugun gure nazio honen izena ordezkatzeko aukera izaten duzun, lehenik podiumean dominak hartzeko garaian eta gerora idazten ari zaren blogan. Animo eta eutsi goiari.
Nork: Martxel.2005/08/23 16:59:15.251 GMT+2
Utzi gorputzari bere baitan, bere erara. Lana egina daukak eta emaitza onak, ondo bidean, hirekin behar dik. Pentsa ezak atzo gorputzak izan zuen aldartea hor duela gordeta maratoi egunerako. Bienbitartean har ezak gozo, gero eskatzeko ere.
Gure selekzioarena berriz, betikoa. Herri epelagorik! Gipuzkoako elastikoa jantzi? Bai eta DV hizkiak ere jarriko zizkioagu. Ñoñokeriak, doazela Espainiaren izenean, españolak dituk eta.
Nork: niaur.2005/08/23 20:25:19.072 GMT+2
Igoal Reyno de Navarra idatzita pozago, Niaur?
Nork bere betaurrekoekin ikusten dituela gauzak esaten da, eta Ameztiren kexa jakin eta gero irakurri nuen Berrian aurkezpen ekitaldiaz esandakoa. Han ondo iritzi zioten Euskadiko selekzioaren itxurari, ESAITen elastikoa jantzita eta.
Nork: Leire.2005/08/24 09:24:33.197 GMT+2
Hauek kolonizatzaile sena izan dute beti eta Reyno de Castilla dagokiela uste dut Leire. Nafarrok otzanagoak izan gara.
Nork: niaur.2005/08/24 10:05:22.434 GMT+2
Genuen itxura da gutxienekoa, Leire. ESAITen elastikoa berez da polita, baita kalean eramateko ere. Txapelketa ofizial batean parte hartzen ari diren atletak janztea ez dagokio ESAITi, erakunde ofizialei baizik; Euskadiren izenean desfilatu genuenez, Jaurlaritzari. Jaurlaritzak, dirudik ez duela argudiatuta, biluzik utzi gaitu. ESAITek ez dakit zenbat diru izango duen, baina Munduko Txapelketan parte hartuko dugun ehundik gora laguni bina kamiseta eman digu, euskaldun gisa lehiatzeko eta nazio bat garela aldarrikatzeko.
Nork: Amezti.2005/08/24 23:25:24.634 GMT+2
ESAITek ez du diru askorik baina duen guztia kamisetak salduta ( lanean ) ateratakoa da, Eusko Jaurlaritza, zentimorik ez digulako ematen. Baina ala ere, horrelakoetan, borondate guztia jartzen dugu itxura ematen, gure ustetan, herri honek eta kasu honetan, euskal atleta beteranoek merezi dutelako. Horrregatik ez dugu ulertzen nola Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak ( Joserra Garai eta Cia.)ez dien euskal atletei (nai zuenari jakina) nazio honen izena zeraman ekipaje konpletoa eman. Diru arazo diote, ez dut sinesten, niretzat borondate arazo gehiago da, ez dutelako Madrilgo agintariek ( PSOE eta PP )haserre egon nahi. Hauteskundeen garaian egon baginen, ez dut zalantzarik beste modu batera erantzungo zutela, baina nola oraindik kanpainan ez gauden,...
Nork: Martxel.2005/08/26 12:56:10.592 GMT+2