Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/06/17 23:50:00 GMT+2

2. kilometroa

Paul Tergat keniarrak esana da: "Maratoia zeure buruari uko egitea da". Bai horixe! Zeure buruari, gorputzari, umoreari... Dena beretzat! Arima herratuaren antzera nabil aste honetan. Entrenatu entrenatzen naiz baina gero arrastaka nabil, arrakasta handirik gabe.

Atzo 14 km egin nituen, lasai, poliki. Indarberritzeko eguna zen ustez. Gauean jota nengoen. Gaur ez naiz animo handiarekin hasi korrika, baina, gorputzaren misterioak, entrenamendu ederra egin dut: 18 km hiru erritmo desberdinetan. Alde ederreko poza eramango dut gaur ohera!

Hemen gabiltza egun hauetan, maratoia gora eta maratoia behera. Baina zer da maratoia? Nola sortu zen? Noiz? Zergatik 42 km eta 195 m? Norak zabaldu digu bidea, historiako lehengo lasterkaria aipatuta.

1896an, Coubertingo Baroiaren ekimenari esker Olinpiar Jokoak jaio ziren Atenasen. Eta Olinpiar Jokoekin batera, beste mito handi bat: maratoia. Kondairak dio, greziarrek persiarrak Maratongo Batailan mendean hartu zituztenean, Filipides izeneko soldadua korrika joan zela Maratondik Atenaseraino, herritarrei garaipenaren berri ematera. Hiriburura iritsi, garaipenaren berri eman eta bertan hil omen zen. Frantziako historialari batek, Filipidesen omenez lasterketa bat egiteko eskatu zion Coubertingo Baroiari. Maraton eta Atenasen artean izan behar zuen. Baroiak onartu zuen proposamena, baina lasterketa luzea (40 km) zela irudituta, boluntarioak eskatu zituen aproba egiteko. Bi azaldu ziren aprobara eta bakarra iritsi zen helmugara. Coubertingo Baroiak maratoia Olinpiar Jokoen egitarauan sartzea erabaki zuen. Antolatzaileek, arerioak ikaratze aldera, probaren gogortasunaren berri ematen zieten behin eta berriro atzerritarrei. Distantzia zela, beroa zela, etxekoentzat hil edo biziko proba zela... Apirilaren 10ean arratsaldeko ordu bietan, 18 korrikalari (historiako lehen maratoilariak) abiatu ziren Maratondik. 14 greziar eta 4 atzerritar. 9 iritsi ziren helmugara. Denen buru...

Etzi gehiago! A, eta nik bihar 28 km!

Nork: amezti.2005/06/17 23:50:00 GMT+2
Etiketak: 1 astea | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Fresko samar egin dauenean, tarraz eta narras. Zer egingo zenduan gaurko bero sapan? Etiopiarrak usauta egongo dira; eta zu? Hurrengo kilometroaren begira naukazu.

Nork: potoxa.2005/06/18 22:14:02.113 GMT+2

Arraioa! Ni ere zai nago ba, aurreneko irabazle haren izena jakiteko! Ez zen euskaldun bat izango, nonbait?! Portzierto. Maratoi lasterkaria baina gehiago, Hamelingo txirularia ematen duzu! Zenbat arratoi arrimatu zaizkizun! Segi jotzen, eta laister dira gurekin ipurtatx, pututxe, pitos eta potix, besteak beste.

Nork: ogigazta.2005/06/19 18:29:01.110 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak