Erraza bezain merkea da askotan jendeari irribarrea eragitea. Bi hitz finlandieraz esan eta aurrean duzunak begiratu egiten dizu zein zaren jakiteko; irriarekin eskertzen dizute ahalegina.
"Kiitos" (eskerrik asko) esaten ikasi dut eta besterik ez darabilt egun hauetan. Honelaxe osatu dut 28. kilometroa: finlandieraz hitz bi ikasi, begiak zabal-zabalik eduki, hau eta hura ezagutu, atletismo asko ikusi... eta atletismoa egin noski, maratoiak banarabil eta oraindik. Txango honek on egingo dit. Orain ez nabil egun guztian nire maratoiarekin bueltaka, burua beste gauza batzuetan ere badaukat. Goizean goiz jaiki (bostak aldera argitzen du hemen), entrenatu eta aire!
Atzo 50 minutu egin nituen rotexean eta gero gerrikoa hartu eta uretan sartu nintzen. Harrituta begiratu zidan igerilekuan zegoen finlandiarrak. Hau pagotxa! Hotel honek orotarik du, aukeratzen jakin behar! Gauza bat du txarra: Helsinkitik 25 kilometrora dago. Autobusean gabiltza batera eta bestera, eta larunbat arratsaldean konturatu nintzen, goizean, 31 kilometro, zeinen ibilbide gogorrean egin nituen. Eta gaur antzeman diot larunbateko nekeari. Hobe beharrez beste bidegorri batera joan naiz, baina ez dut asmatu. Txar-txarrean, larunbatekoa izango da onena. 17 kilometro egin ditut hiru erritmotan, ondo luzatu gero eta gosaltzera. Alde ederreko grazia dute hoteletako gosariek, eta kirola eginda joanez gero...!
Justin Gatlin da munduko gizonik azkarrena. Assafa Powelek egin berri du munduko marka, baina jamaikarra ez da Helsinkira etorri. Gatlinek, Powel mendean hartu zuen iaz Olinpiar Jokoetan eta atzo 42 urrats eginda gailendu zen. Azken 30 metroetan besteak urtzen hasi zirenean, Gatlin aparra bezala igo zen. 9.88 egin zuen, marka bikaina da tenperatura kontutan hartuta.
Azkarrena eta alaiena
Eta Carolina Kluft heptatleta suediarra pistako alaiena da. Atletismoak gainbehera egin du eta izarrak behar ditu, zalea erakartzen dakiten atletak. Kluftek inork baino hobeto egiten du hori. Oso lehiakorra da baina alaia, atsegina eta maitagarria da pistan. Ostiralean, korrika ari zela erori eta orkatila bihurritu zuen. Gutxituta lehiatu da Helsinkin, baina urrezko domina irabazi zuen zaleen gozamenerako.
Eta euskaldunok ere badugu norekin gozatu. Marta Mendia nafarra ez zen gorako jauzian finalean sartu, baina herenegun, Naroa Agirrek handia egin zuen pertika jauziko sailkapen proban. Azken bi hilabeteetan ez du berak nahi beste entrenatzerik izan. Min hartu zuen eta garairik txarrenean entrenamendu asko galduta etorri da Helsinkira. Kluften antza hartzen diot: irekia, alaia eta adeitsua da, baina pertika eskuetan hartzen duenean ez du txantxarik. Beste asko kokiltzen diren unetan, Naroa hazi egiten da. Etzi da emakumezkoen pertika finala. Gozatu!
Idatzi artikulu bat