Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/06/15 23:30:00 GMT+2

1. kilometroa

Entrenamenduak ni menderatu nau gaur. Aurreko astean, bat zela eta bestea zela, egurra eman nion gorputzari eta aste honetan ezpalduta nago. Astelehenean nire onera etorri nintzen apurren bat, baina atzoko entrenamendu luzeak (21 km bi erritmotan) izterrak harri-koskorrak bezela utzi zizkidan. Eta gaur, hankek, ez dute bete nire buruak agindutakoa. Gaur bakoitza bere aldetik ibili da: burua eskean eta zangoak ezinean. Entrenatzaileak agindu didana erdizka osatu dut; distantzia bai (18 km) baina erritmoa ez. Zaputza harrapatuta joan naiz etxera, mendeku gosez, nere buruari esanez, datorren astean ni garaituko natzaiola entrenamendu honi.

"Irteera"koan esan nuen, udan Beteranoen Munduko Atletismo Txapelketa izango dela Donostian. Atzo jakin genuenez 5.800 parte-hartzaile izango gara. Zaharrenak: 95 urteko emakumea (jauzilaria-jaurtitzailea) eta 97 urteko gizonezkoa (jaurtitzailea). Bejondeila!. Bere garain elitean ibilitako batzuk etorriko omen dira: Javier Sotomayor agian, Tibor Gesek, Willy Banks... Banksek, jauzi hirukoitzeko munduko marka izan zuen hamar urtean, 17 m 97 cm. Biharko egunez, baina duela hogei urte jarri zuen Indianapolisen. 49 urterekin etorriko da Donostiara. Ikustekoa izango da!

Orain 20 urte, bi baino ez zituen Asafa Powellek. Ez egitekoa egin zuen atzo jamaikarrak, 9"77 ehun metroko proban. Agindu eta bete. Eta bere lasterketa behin eta berriro ikusita, neure buruari egiten diodan galdera zera da: noiz joko du mutil honek goia?

Batzuk tximista baino bizkorrago, eta beste batzuk (ni horien artean) barea baino motelago!

Nork: amezti.2005/06/15 23:30:00 GMT+2
Etiketak: 1 astea | Permalink | Erantzunak (7) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Asafa dela eta. Irakurri dut altua dela (1,88) eta gorpuzkera egokiagoa duela 400 metrorako 100erako baino. Hori ez dut oso ondo ulertzen: pentsa liteke, zenbat eta hanka luzeagoak izan, orduan eta oinkada handiagoak egingo dituela.

Dena dela, "adituek" aztertuta edukiko dute ze gorpuzkera den egokien proba bakoitzerako. Zein da maratoilariaren eredua?

Nork: musterle.2005/06/17 07:39:16.092 GMT+2

Barea baino motelago izan arren, mugitu egiten zara sikiera. Beste batzuk lurrean errotuta gaudela ematen du! Urrats bat egiteko ere, gauza ez! Beraz, lasai hartu eta animo Amezti!

Nork: ogigazta.2005/06/17 11:46:46.906 GMT+2

Marathoilariaren eredua asmatzea ez da oso zaila izango! Oso altua ez, txanpi samarra, hezur eta azal hutsa baina gihartsua. Hau da, putz eginda lurrera erraz eror zitekeenaren ahul itxura faltsua duena baina gero ..ostia hi! Ah! Ahaztu zait esatea Etiopiako edo Kenyakoa izatea lagungarria gerta dakiola holako atleta bati. Herri horietako azpiegiturak, errepide eta garraio eskasiak entrenatzeko aukera paregabeak eskaintzen ditu.

Nork: azkonarra.2005/06/17 19:40:07.602 GMT+2

Ez neuke esango, ba, "azpiegitura, errepide eta garraio eskasia" izatea ezertarako "aukera paregabea" izan leikela. Aukera baino gehiago, aipatzen dan kasu horretan derrigorra ez eta dan nago ni! Eta Etiopiarra edo Kenyarra izatea lagungarri izatea ere... ez dakit ba! Atzenean, atleta guztiok penaz, Kenyan jaio ez garelako!

Nork: firue.2005/06/18 10:52:18.176 GMT+2

Hau mustelido pila sartu da maratoiaren basoan!

Firue, ados zurekin. Eskasia ez da aukera. Baina beharra, akuilu ezin hobea da. Guk ez duguna. Eskasiak ordea, grina piztu baino ez du egiten. Keniarren eta etiopiarren talentua, berezkoa delakoan nago.

Maratoilaria, "txanpi samarra" omen. Hala dio azkonarrak. Asafa Powellen neurrikoak gutxi dira baina Paul Tergatek (munduko markaren jabe da) 1,85eko garaiera du. Hori bai, hezur eta azal hutsa da.

Zabalagoa eta gihartsuagoa da Asafa Powell. Eta musterlek, galdera bota du Powellen inguruan. Hanka luzeak = pauso luzeagoak? Ez beti eta ez inondik inora, Powell hizpide hartuta. Hona datu batzuk: Carl Lewisek eta Asafa Powellek antzeko garaiera dute. Sendoxeagoa eta gihartsuagoa da Powwell. Lewisek 43 pausotan osatzen zituen ehun metroak. 43,5ean egindakoak ere baditu eta garairik onenean (Seul 88) 42,5 urrats egiten zituen. Powellek, 45,5 pauso egin zituen joan zen asteazkenean Atenasen. Alde ederra ez? Potentzia eta frekuentzia dira jamaikarraren ezaugarriak. Zango luzeak ditu baina ez ditu asko luzatzen. Oro har uste dut hauxe dela azken urteetako joera abiadura probetan.

Ogigazta ez da ba geldirik egotekoa. Bareak lasai hartzen ez badu jai du. Zakua bete animo nabil.

Nork: Amezti.2005/06/18 14:40:12.263 GMT+2

Suspentse hau gustukoet, Amezti. Zai nao falta diren 2 kilometro 195 metro horiek nundik ateako.

Nik baino atletismo gutxiago ikusi duena badabil inguru hauetan, eh firue? Nongoak direla ustezu Bekele, Tergat, Gebreselassie eta iraupen luzeko atleta gehienak? Afrika baino harrobi hoberik ezagutzen? Hamburgesa janda eta gameboy jolastuz korrikalari gutxi sortuko da gure artean. Ala, apapa!

Nork: azconarra.2005/06/18 18:44:26.516 GMT+2

Ez dakit zuk zenbat atletismo ikusiko zendun, Azconarra (ala azKonarra?). Nik baino gehiago bai, seguru. Eta ez dot dudatan jarri gura izan Kenya eta Etiopiako, edo orokorrago esanda, Afrikako atletek badaukela aparteko gaitasuna horrelako kiroletarako. Arraroa egin jat esateko modua, beste barik. Barkatu, mintzeko modukorik ulertu badozu. Eta bai, zuri kasu eginda APAPA noa, giro ederra datorrela emoten dau-eta!

Nork: firue.2005/06/19 10:56:50.831 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak