Gaitz asko, onerako. Orain hiru aste gerrian izan nuen arazoak on egin didala uste dut. Korrika ibiltzeari utzi behar izan nion sei egunez, eta gogoz kontra hartu nuen atsedenak gorputza indartu dit. Pultsometroa eta biok pakean gabiltza azken bi asteetan. Ez gara haserretzen, eta salatari baino bidelagun dut une honetan.
Aurreko astea orain arteko onena izan bada, atzoko eta gaurko egunek ez dute gutxiago izan nahi izan. Atzo 17 kilometro egin nituen bi erritmotan. Erritmoak taupaden arabera finkatu ditugu. Atzoko bigarren erritmoak zerikusi gutxi du duela lau astekoarekin. Orain taupada berak harrapatzeko, bost bat segundo azkarrago ibili behar dut kilometroko. Hori da, hain zuzen, entrenamenduekin lortu nahi dena, eta bilakaera ikusita, bide onetik noala uste dut. Gaur 20 kilometro egin ditut 3 erritmotan, eta gaur ere, sufrituz gozatu naiz. Izterretako giharrak ditut minduta. Ea biharko masajeak goxatzen dizkidan!
Emil Zatopek txekiarrak, Nurmiren aberrian handitu zuen mitoa. Giza lokomotorak 1952an Helsinkin egin zuen balentria ez du inork gainditu eta ezta gaindituko ere. Hiru urre eta gehiago irabazitakoak badira, baina 5.000 metro, 10.000 metro eta maratoian gailentzea ezinezkoa da gaur egun. Zatopekek astebetean lau lasterketa egin zituen. 10.000 metrokoa irabazi zuen lehenik, Olinpiar Jokoetako marka 42 segundo hobetuta. Gero bi 5.000 metroko egin behar izan zituen, finalaurrekoa eta finala. Zatopek berez zen traketsa, okerra eta itsusia korrika, baina 5.000 metroko finalean marka guztiak hautsi zituen azken 150 metroetan. Hurrengo pausoa lurrera erori aurreko azkena izango balitz bezala iritsi zen helmugara.
Mitoa: Emil Zatopek
Handik hiru egunera debuta egin zuen maratoian. Keinuak eta trakeskeriak hotelean utzi zituen, maratoian indar guztiak behar izaten dira eta. Hamabigarren kilometroan jarri zen aurrean, eta probaren erdialdera, alboan zituen bi atletei begiratu eta zera esan zien: -Maratoia ez dut ezagutzen, baina ez al zaizue iruditzen azkarrago joan beharko genukeela?- Esaldi horrekin hautsi zituen arerioak. Bi minutu eta erdiko aldearekin nagusitu zen. Helmugara iritsi eta berehala, Dana Zatopkova emazteak urrezko domina irabazi zuen xabalina jaurtiketan. Emil, emaztearengana hurbildu, musu bat eman, zoriondu eta sagar bat janez kontrarioen zain egon zen.
Gerora maratoia zer iruditu zitzaion galdetuta, hauxe erantzun zuen: -Oso lasterketa aspergarria da-
Idatzi artikulu bat