Orain urtebete, erronka hauxe jarri nion neure buruari: "2005ean, beteranoen munduko atletismo txapelketako maratoia egingo dut".
Beteranoen munduko atletismo txapelketa bi urtetik behin egiten dute. Aurten Donostian izango da, abuztuaren 23tik irailaren 3ra bitarte. Maratoiak emango dio amaiera txapelketari. Mundu osotik etorritako 5.700en bat atleta elkartuko gara bertan. Emakumeak 35 urtetik gora dira beterano, eta gizonezkoak 40 urtetik aurrera. Ez dago adin mugarik; ehun urtetik gertu dabilen bakarren bat ikusiko dugu datorren udan gure artean, korrika ez bada, jauzika edo jaurtiketaren bat egiten.
Hamabi aste falta dira oraintxe maratoiaren egunerako. Aste batzuk badaramatzat gorputza egokitzen eta maratoiari dagozkion entrenamenduak egiten hasi berria naiz. Nire hanka-zainek igarri dute. 100 km egin nituen orain bi aste eta 110 aurrekoan. Hasi berria dugun hauxe da hirugarrena eta entrenatzaileak, nitaz errukituta, entrenamendu arin samarra jarri dit gaur. Datozen egunak hain gozoak balira!
Izango duzue horren berri.
Erantzunak
Ehun kilometro eta gehiago astean... Asfaltoa gastatu ere egingo duzue! Animo, eta zaindu giharrak.
Nork: Jon.2005/06/15 17:24:03.427 GMT+2
Ttipi ttapa, ttipi ttapa, korrika, 12 aste bezain luze izango lirateke niretzat karrera egunean beharko dituzuen 2 ordu edo horiek. Asko jota historiako lehenengo lasterkariaren antzera bertan ziplo geratuko nintzateke helmugara iritsi bezain pronto, puf..Hori meritua zuena, ttippi, ttapa, ttipi ttapa..Emakume beteranoak 35 urtekoak.. Orain hasteko berandu samar niretzat..Lastima.
Nork: Nora.2005/06/15 19:05:21.627 GMT+2
Nora, hasteko berandu? Ehun urtetik gertu dabilen bakarren bat ere ikusiko dugu eta!
Ziur urrunago nagoela ni: berrogei urte ez, baina kilo dexente gorputzean. Halere, aukeran nahiago 100 metroak 9"77an egin, saria batu eta libre. Garagardo batekin nekea kendu gero.
Nork: vicinay.2005/06/15 21:32:45.038 GMT+2
Nora, hasteko berandu? Ehun urtetik gertu dabilen bakarren bat ere ikusiko dugu eta!
Ziur urrunago nagoela ni: berrogei urte ez, baina kilo dexente gorputzean. Halere, aukeran nahiago 100 metroak 9"77an egin, saria batu eta libre. Garagardo batekin nekea kendu gero.
Nork: vicinay.2005/06/15 21:38:28.125 GMT+2
Jon, Nora eta vicinay, hartu ditut zuen animoak. Eskerrik asko. Nora, Vicinayk arrazoi du baina erdizka. Kirola egiten hasteko adin mugarik ez dago, baina vicinay, gehiegizko kilorik ere ez. Gogoa behar da. Alimo beraz!
Nork: Amezti.2005/06/17 17:13:19.187 GMT+2
Eskerrik asko biei alimoengatik, nik askoren antzera kilo pare bat soberan baditut jirabueltan, oinarrizko "flotadorea" deritzona, vicinay. Aitortu behar det inbiri pixka bat ere sentitzen detela jendea korrika ikustean -azkarki ala astiroki-. Ameztik egiten duenak korrikalari edota bidaiari baten egunkaria dirudi. Korrika kilometroka eginda gero kalbario hori idazteko astia eta gogoa badu, ez da gutxi gero. Ondo bizi!!
Nork: Nora.2005/06/17 19:08:32.846 GMT+2
Neska-mutilok, nik hartu det erabakia: 65 urte betetakoan entrenatzen hasi, eta 95etik aurrera markak hausteari ekin. Donostiara etorriko ote zaigu Kozo Haraguchi?
http://www.informativos.telecinco.es/cienmetros/record/japones/dn_6796.htm
Nork: Txabarri.2005/06/21 17:52:39.038 GMT+2
Txabarri, zure galderari erantzunez: antza denez ez da Donostiara etorriko. Izena eman dugunon artean ez da ageri.
Nork: Amezti.2005/06/21 22:33:58.240 GMT+2
Kaka zarra! 100 metroekin egin nuen okerra egin dut 22 segundoekin. Parrafoa ezin da zenbakiekin hasi!!!!
Beraz, berriro : 22.04 segundo 95 urterekin! Eta onena ba al dakizue zer den? Takoetatik irten zela! Galanta egin du "Haragigutxik"!
Nork: Amezti.2005/06/21 22:53:43.134 GMT+2