Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/09/05 20:45:00 GMT+2

Helmuga

Maratoiak ez narabil jada. Iritsi naiz helmugara eta Ameztiren bloga ixteko garaia da.

Gorputza eta burua elkar hartu ezinik ibili dira azken hamabi asteetan, nahi eta ezin batean: kilometro gehiago egin nahi eta ezin, azkarrago ibili nahi eta ezin... Eta maratoia bera ere hala izan zen; nahi eta ezina.

Nahi eta ezin

Giro kriminala izan genuen. Beroa eta hezetasuna dira maratoilariaren etsairik zitalenak eta txarragoa ezin zuen egin larunbatean. Zuhurtziaz jokatu nuen: hasi baino lehen ondo hidratatu, proban asko edan, pultsometroari jaramon egin, hauspoa gehiegi berotu gabe hasi... Ez zen nahikoa izan.

Oinaze gozoaz gozatzeko asmoarekin irten nintzen eta 28 kilometroko gozamena baino ez nuen izan. Hor hasi zen gurutze-bidea eta azken 7 kilometroak sufrikario hutsa izan ziren. Gorputzak ezetz esaten zidan, eskuineko hankak ez zion ezkerrekoak erakusten zion bideari jarraitu nahi. Larunbatean, ordea, gorputzak ezin zuen burua garaitu, kosta ahala kosta iritsi behar nuen helmugara, estadioaz, jendearen beroaz gozatu nahi nuen. Heldu zen une hura, iritsi nintzen helmugara, bukatu nuen maratoia eta ez nuen ezer ikusi, ez nuen ezer entzun, ez nintzen ezertaz jabetu. Etsigarria izan zen.

Maratoian zertan pentsatzen dugun jakin nahi zenuen, Luperka. Honatx:

Pentsamenduak

Lehenengo kilometroetan ez nuen ezer pentsatu, aldez aurretik pentsatutako gauzak behar bezala egin behar nituela baino ez: gorputzari kasu egin, taupadak zaindu, edan... Kilometroak ahalik eta errazen egitea zen helburua eta guztiz konzentratuta joan nintzen. Salataria eta ni harmonian ibili ginen bitartean, asko gozatu nintzen maratoiaz; horrela 17 bat kilometro. Halako batean, ustez ondoen nenbilenean, pultsometroak zer pentsa utzi ninduen. Erritmoa bizkortu gabe taupadek gora egin zuten nabarmen. Deshidratatzen hasia nintzela pentsatu nuen eta kezkatu egin nintzen. Baina, jendea harrapatzen ari nintzen, gozatzen, eta pentsamendu hori burutik kentzea erabaki nuen. 28. kilometroan lehen karranpa nabaritu nuen eskuineko hankan, izterraren atzealdetik behera; kuadrizepsa minduta nuen ordurako. Maratoia bukatu zitzaidala pentsatu nuen, asko edan arren, nire gorputzak gehiago behar zuela eta kaltea egina zegoela, erritmo horretan ez nintzela helmugara iritsiko. Helmuga esanda: 30. kilometroan Anoetatik igaro ginen eta erretiratzeko une egokia zela pentsatu nuen, ez nuela zertan ibili behar alferrik sufritzen. Segundo batzuetako ahulaldia izan zen aurrera egitea erabaki bainuen berehala. Ez nuen beste ezer pentsatu. Gorputzaren ezintasunari aurre egiteko behar nuen buruko indarra, gorputza xaxatzeko, karranpari karranpa zebilen eskuineko hankari gogorarazteko ezkerrekoari txanda eman behar ziola. Azken 7 kilometroetan errepidea ez zen ia mugitu ere egin nire hankapean. Helmugara iristeko gai izango ez nintzela pentsatu nuen. Azken 2 kilometroetan oinez hasi nintzen, ura behar nuen, autoren bateko erradiadoreko ura ere edango nukeen. Korrika hasi nintzen berriz ere, korrika edo. Estadioan sartu nintzen, eta atzera begiratu eta argentinar bat zetorrela ikusi nuen. "Honek ez zidak irabaziko" pentsatu nuen. Erritmoa aldatzen saiatu nintzen eta eman zidan astinduarekin, eskuineko hanka ni baino lehen iritsi zen helmugara ia; argentinarra nire aurretik sartu zen noski. Helmugaratuta, azken pentsamendua obsesioa bihurtua: ura edan behar dut, ura mesedez!, ez al da urik?

Eskerrik asko, lehenik eta behin, Goiena.neteko lagunei blog hau egiteko aukera eman didatelako eta berau kudeatu dutelako.

Eskerrak

Eskerrik asko hamabi aste hauetan bidelagun izan zaituztedan guztiei. Maratoia zer den eta egunez egun sentitu dudana adierazi nahi izan dut eta zuek asebete izana espero dut. Eskerrik asko zuen animoengatik, indarra eman didazue ahul ibili naizenetan.

Eskerrik asko entrenamendutan lagundu didatenei: entrenatzaileari, bidegorri taldekoei, kiroldegiko Ekaitzi, Juan kiropraktikoari eta Juankar masajistari.

Eskerrik asko larunbatean ni animatzera joan zineten guztiei. Entzun zintuztedan, tarteka ikusi ere bai eta sentitu berriz une oro. Hunkigarria izan zen, maratoi honek utzi didan oroitzapenik onena.

Eskerrik asko hiri, Xabier, proba guztian nire alboan izateagatik. Maratoiaren erraiak ikusi gabeak omen hituen eta modurik gordinenean ikustea egokitu zitzaian. Gozatu omen hintzen eta ni pozik horrekin. Batek bada ere gozatu behar zian!

Eskerrik asko zuri ere, Jon, maratoia bukatu orduko niregana etorri zinelako. Une larria pasatu nuen eta nire onera etorri nintzen arte ez zinen albotik mugitu. Asko lagundu zenidan eta neure burua babestuta ikusi nuen.

Azkenik, eskerrik asko bihotz-bihotzez zuri, Xole. Maratoi hau egin nahi nuela aipatu nizunean ezezkorik esan ez zenidalako, lau hilabete hauetan gutxi hartu eta dena eman didazulako eta zulotik irteten lagundu didazulako. Nik baino gehiago sufritu duzu, zain dagoenari orduak luze egiten baitzaizkio. Bihotza eman didazu eta jakizu, zahartzen hasia den bihotz hau zurea dela.

Nork: amezti.2005/09/05 20:45:00 GMT+2
Etiketak: 11 astea | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

2005/09/03 06:50:00 GMT+2

195 metro

Bidearen bukaera. Azken 195 metroak, gogorrenak, luzeenak. Halakoxea izan da gaua. Gaur Morfeok ez nau berehala altzoratu, baina magalean hartu nauenean loaldi lasaia izan dut.

Seietan jaiki naiz, gosaldu, dutxa freskagarria hartu prestatu eta katea askatu dut. Barruko otsoa ez da Nepalera abiatu, ez du ihes egiteko tentaziorik izan. Grinatsu dago eta Anoetara abiatu da, alai, serio, urduri, pentsakor, ikaratuta, sufritzeko gogorik gabe, baina sufritu behar duela jakitun, gozatzeko gogoz, baina gutxi gozatuko ote duen beldurrez. Honelakoetan dena izaten da zalantza eta kezka. Anoetara joan eta berotzen hastean otzanduko da otsoa.

Lagunok, irakurri ditut zuen animoak. Ondo kargatuta noa. Eskerrik asko den-denoi.

Nork: amezti.2005/09/03 06:50:00 GMT+2
Etiketak: 12 astea | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2005/09/02 22:00:00 GMT+2

42. kilometroa

Katean lotutako zakurra bezala nago. Dena den, askatuz gero, nire barruko otsoa Anoetara joan beharrean Nepalera joango litzatekeela uste dut.

Ondo lo egin dut eta goiza lasaia izan da. 20 minutuko footinga egin dut eta 100 metroko trote batzurekin osatu dut saioa; 30 minutu denera. Giharrak berotu, izardia mugitu eta barrua lasaitzeko baino ez. Arratsaldean Anoetan izan naiz. Jauzi hirukoitza ikusgarria izan da: ez du Banksek irabazi alemaniar batek baizik eta munduko marka kendu dio gainera. 400 metroko proban, Jon Lopetegi lezoarrak zilarrezko domina irabazi du. Xanti Auzmendi lazkaotarra laugarren sailkatu da 1.500 metroko proban. Txokolatezko domina, baina ederki gozatu diagu, Xanti.

Iritsi garenerako Anoetako inguruak hesitzen hasiak ziren. Maratoia nondik barrena izango den ikus ahal izan dut. Irteera inbutu itxurakoa da. 700 bat izango gara irteeran eta erne ibili beharko dugu. 5 kilometroko itzuli txiki bat egin ondoren, 3 aldiz osatu beharko dugu 12 kilometroko itzulia. Nekez uler litezke horrelako erabakiak. Donostiak badu lehendik homologatutako zirkuitoa, itzuli txiki bat eta bi handi eman behar zaizkiona. Bada, ez du balio! Donostiako Udaleko trafiko sailak behartuta beste bat sortu dute. Nik dakidala, Munduko Txapelketa hau Donostiak eskatu du eta eskatu badu, duen onena emateko da. Maratoiarekin iseka egin digute. Beraiek jarriko nituzke nik korrika. Gauza bakarra ikusten diot ona: ikusleek asko gozatuko duzue, gutxi mugituta zortzi aldiz ikusiko gaituzue eta.

Maratoiko ibilbidea

Arratsalde ederra pasa dut eta ez dut inor gaztez mozorrotuta ikusi.

Nork: amezti.2005/09/02 22:00:00 GMT+2
Etiketak: 12 astea | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/09/01 23:15:00 GMT+2

41. kilometroa

Bai luzeak azkeneko bi egunak! Ez dut maratoian pentsatu nahi, baina maratoian baino ez dut pentsatzen; inoiz baino gehiago narabil maratoiak.

Entrenamendua, beroketa besterik ez da izaten ari azken egun hauetan: atzo 40 minutu lasai, gaur 30 minutu poliki eta bihar beste horrenbeste. Gorputza indartu behar dut etzirako, baina gogor entrenatzen ari nintzenean baino nekatuago nagoela iruditzen zait.

Hidrato karga egiten ari naiz. Barazkiak, fruta, arraina eta esnekiak jaten aritu naiz gaur arte. Ez ogirik, ez arrozik, ez patatarik, ez pastarik... Gaur, ordea, gosaritik hasi naiz gozatzen: betiko zereal aspergarriak mundialak iruditu zaizkit. Bazkaltzeko orburuak eta espagetiak, eta afaltzeko zopa, arraina eta patata-purea. Larunbatean dena beharko dudala eta, karbohidratoak, gainezka egin arte!

Afaldu eta gero ari naiz hau idazten eta atzo ordu honetan baino alaiago nago; hidratoen eragina izango da. Poz horrekin noa ohera. Beste bi "lo" eta maratoia. Gaur arte primeran egin dut lo eta ea gaur ere Morfeok berehala hartzen nauen altzoan.

Nork: amezti.2005/09/01 23:15:00 GMT+2
Etiketak: 12 astea | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

2005/08/30 23:00:00 GMT+2

40. kilometroa

Marka jakin bat egiteko asmoarekin hasi nintzen maratoia prestatzen iragan ekainean. Bide luzea eta gogorra izango zela banekien, baina ez nuen uste hain nekeza izango zenik.

Behar baino kilometro gutxiago egin dut eta entrenamendu garrantzitsu batzuk ez ditut osatu. Ondorioz, orain bi aste burutik kendu nuen ekaineko asmoa. Gaur testa egin dut lasterketako erritmoa zehazte aldera eta nire uste guztiak baieztatu dira: ez nago hasieran nahi nuen marka egiteko. Zer egingo diogu! Marka bigarren helburua zen, irteerara iristea zen aurrenekoa eta pozik nago hori lortu dudalako.

Juan Kruz Lakasta, gaztez mozorrotuta nabilela esan duzunetik, ni eta zahartzen hasia den nire bihotza erretxinduta gaude. Barkatuta zaude, baina nire argudioak azaldu nahi dizkizut. Beste atletak Munduko Txapelketan zergatik dabiltzan ez dakit, nik nireaz baino ezin dezaket hitzegin.

Beti gazte

Atletismoak orain urte asko harrapatu ninduen eta harrezkero elkarrekin gabiltza. Izan ditugu gure haserrealdiak, nola ez, baina elkarren ondora itzuli izan gara beti. Orain hilabete batzuk, ez ustean, soineko berri eta dotorea jantzita etorri zitzaidan. Oso ederra zegoen eta bihotza astindu zidan. Taupadak ez zitzaizkidan elkar ezagutu genuenean bezainbeste bizkortu, urteak ez dira eta alferrik pasatzen, baina garai bateko ilusioa berreskuratu nuen. Inoiz baino motibatuago nabil orain, urduriago, biziago. Neure burua engainatu gabe, noski, bai baitakit nire bihotza ez dela lehengoa, zahartzen hasia dela eta ezin duela garai bateko indarrarekin bidali odola giharretara. Baina, ahulago bada ere, odola badabil nire zainetan eta zuk pentsatzeko eta idazteko erabiltzen duzun odol hori, nik egunero korrika egiteko eta tarteka pentsatzeko erabiltzen dut. Mozorrorik gabe.

Nork: amezti.2005/08/30 23:00:00 GMT+2
Etiketak: 12 astea | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/08/28 23:45:00 GMT+2

39. kilometroa

Eta erbia lo dago oraindik. Azken aldapan zarata atera nuen, baina ez da esnatu.

Atzo urduri nengoen. Azken entrenamendu gogorrean gerriak huts egingo zidala pentsatzeak urduritu ninduen. Maskuria ederki hustuta ekin nion saioari. 10 minutu berotu ondoren, 40 minutu egin nituen %108ra. Amaitzeko beste hamar minutu lasaiago; 17bat kilometro denera. Hauspoa berotu zitzaidan, baina aurreko larunbatean ez bezala, atzo ez zen erre.

Gaur ordubeteko saioa egin dut uretan. Gizonezko bat niri begira egon da. Bukatu dudanean hizketan hasi gara eta munduko txapelketara etorri den atleta brasildarra dela esan dit. 5.000 metrokoan hartu zuen parte eta 1.500 metrokoan arituko da datozen egunetan. Zorte ona opatuz agurtu dugu elkar.

Agur eta ohore Belen Azpeitiari, Euskal Herriak eman duen atleta onenetakoari. 52 urte zituen Belenek eta herenegun hil zen gaixotasun luze baten ondorioz. Emakumeak kirola egiteko zailtasunak eta oztopoak baino ez zituenean hasi zen korrika. 17 urterekin Espainiako kros txapelketa irabazi zuen eta ondorengo hiru urteetan ere ez zion inork itzalik egin. Pistan, Espainiako txapeldun izan zen beste bitan 800 metroko proban. Belauneko ebakuntza egin behar izan zioten eta handik gaizki geratuta, 23 urterekin utzi zuen atletismoa.

Agur eta ohore

Agur eta ohore Kenenisa Bekeleri. Herenegun Bruselan, hiru segundo ondu zuen munduko errekorra 10.000 metrokoan. 26.17.53 da marka berria. Besteak beste, Tariku anaiak lagundu zion probaren erdiraino. 13 minutu eta 9 segundoko denbora egin zuten aurreneko bost kilometroetan eta handik aurrera Kenenisak bakarlanean egin zituen falta ziren bostak. 13 minutu eta 8 segundotan osatu zuen bigarren erdia. Proba gehiago xehatzen hasiko bagina, hona datuak: 2 minutu 37 segundo eta 75 ehunen kilometroko. 100 metroak, 15 segundo eta 70 ehunenetan; ehun aldiz, jakina. Minutu bat 2 segundo eta 80 ehunen pistari buelta osoa emateko (25 aldiz). Harrigarria.

Emil Zatopekek beheratu zuen 29 minutuko langa, Ron Clarkek 28 minutukoa, Yobes Ondiekik 27 koa. 25 minutura jaitsiko al du Kenenisa Bekelek? Kostako zaigu hori ikusten.

Nork: amezti.2005/08/28 23:45:00 GMT+2
Etiketak: 11 astea | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2005/08/26 23:00:00 GMT+2

38. kilometroa

Bidearen bukaerara iristen ari naiz, 38. kilometroa atzean utzi eta helmuga begiztatu dut. Orain astebete etsita nengoen, baina azken egun hauetan asko aldatu dira gauzak. Gorputza indartzen ari zaidala sumatzen dut eta buruak ere uxatu ditu zalantzak.

Entrenaldiak askoz arinagoak dira, nola kantitatez hala kalitatez. Atzo ordubete eta hamar minutuko saioa egin nuen bi erritmotan. Gaur 45 minutu baino ez, lasai-lasai. Taupadei eusten izaten ditut lanak. Gorputzak azkarrago joan nahi du eta salataria (berria hartu dut) berehala hasten da pi-pi-pika.

Helmugaratu baino lehen azken aldapa gainditu behar dut: biharko entrenamendua. Flakiak jotzen ez banau, bihar zortzi irteeran izango naizela uste dut. Baina ez harrotzea hobe, gutxien uste dugun tokian egoten baita erbia lo.

Nork: amezti.2005/08/26 23:00:00 GMT+2
Etiketak: 11 astea | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2005/08/24 23:46:43.436 GMT+2

37. kilometroa

Astelehenean hartu nuen olatua muturraren aurrean lehertuko zitzaidala uste nuen, baina ez. Olatu ona hartuta ederki noa oraintxe, balantzarik egin gabe eta zuzen, hankak eta besoak ondo pausatuz. Ea olatu horren gainean iristen naizen Kontxako banderako lehenengo jardunaldiraino.

Atzo 19 kilometro egin nituen, aurreneko zortziak lasai eta beste hamaikak maratoiko erritmoan baino azkarrago. Gogotik eskatu behar izan nion gorputzari eta eskatu nion guztia eman zidan, ez zuen ezer gorde. Badago zer edo zer oraindik barru honetan! Oso pozik bukatu nuen saioa. Gaur ordubete egin dut uretan eta aspaldian ez bezalako txisparekin aritu naiz. Bost kilometro baino ez zaizkit falta helmugara iristeko. Horma atzean utzi eta banoa bizi-bizi helmugaraino.

Nork: amezti.2005/08/24 23:46:43.436 GMT+2
Etiketak: 11 astea | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2005/08/22 23:15:00 GMT+2

36. kilometroa

Larunbatean ez nekien harriarekin burua jo edo buruarekin harria jo. Etsita nengoen, animorik gabe, dena pikutara bildaltzeko gogoarekin.

Atzo ez lehorrik eta ez bustirik. Atseden hartzea erabaki nuen: lo-putzua egin, ondo gosaldu eta kirol arropari begiratu ere ez. Gaur ikaraz ekin diot entrenamenduari, konfiantzarik gabe, aurreko egunetako ezina nabaritzen hasiz gero saioa bertan behera uzteko intentzioarekin. Gaur, ordea, ahala izan dut bidelagun; ez hanketako minik, ez ezintasunik, ez tristurarik... Buruak eta gorputzak berehala egin dute bat eta hortik aurrera gozatu baino ez dut egin. 22 kilometro egin ditut, gustura eta neke handirik gabe, eta 40 egingo nituzkeela iruditu zait. Iragan asteko sentipenak "sentipoz" bihurtu zaizkit.

Baina ez da gaurko "sentipoz" bakarra izan. Hasi da Beteranoen Munduko Txapelketa, aurkezpenarekin hasi ere. Ekitaldiak ez du maila handirik izan eta mundu osotik etorri diren atletei ez diegu gure kulturaren eta ohituren berri eman. Denak pozik uztea ez da erraza. Desfilea ere egin dugu. Euskaldunak, Euskadiren izenean, azkenak sartu gara, espainarren atzetik eta gu azaldu orduko giroa berotu dela iruditu zait. Jendea zutitzen ikusi dut eta oso harrera beroa egin digute. Hunkigarria izan da.

Barregarri

Baina janzkerarekin ez dugu maila eman. Lehenik eta behin eskerrak eman behar dizkiogu ESAITi elastiko berde bana eman digulako. Horri eskerrak ez gara nabarmenago geratu. Beste herrialdeetako atletak uniformea jantzita irten dira, herrialdearen izena ederki asko ikusten zela. Baina guk herrialderik ez dugu eta ezin uniformerik eraman. Nora begira egon dira herri honetako agintariak? Bi sos ez gastatzeagatik utzi al gaituzte uniformerik gabe? Esan izan baligute guk erosiko genizkiokeen Euskal Herriko atletismo federazioari. Lotsa gutxirekin esango dute gero herri bat garela eta gure selekzioa izateko eskubidea dugula. Munduko txapelketa honetan baino errezago ez dute beste inon izango: arautegia azkoz ere malguagoa da eta dakienak esanda dakit Espainako Federazioak ez duela ezer egingo eta esango Euskal Herriaren izenean parte hartuz gero. Aukera ederra galtzen ari gara. Donostiara etorri diren 5.500 atzerritarrek euskaldunok Euskal Herriaren izenean lehiatzen ikusi beharrean, sei elastiko ezberdinekin ikusiko gaituzte: Espainiakoarekin, Europako Txapelketarako banatu zituzten Euskadikoarekin, ESAITenarekin, Gipuzkoakoarekin, bakarren bat Donostiakoarekin eta norberaren klubeko kamisetarekin.

BA-RRE-GA-RRI!

Nork: amezti.2005/08/22 23:15:00 GMT+2
Etiketak: 11 astea | Permalink | Erantzunak (6) | Errenferentziak: (0)

2005/08/20 21:00:00 GMT+2

35. kilometroa

Datorrena hartu beharra daukat. Ez dut entrenamendu bakar bat ere taxuz egin eta aste erabakigarria ezerezean geratu zait. Hau bai izan dela nahi eta ezina. Buruari ziria sartzen saiatu naiz egunero-egunero: "ahaztu ditzagun bezperako sentsazio txarrak gaur beste egun bat da eta". Alfer-alferrik. Gorputzak ez du nahi, ezin du, eta sasitik laparrera egin dut. Zoritxarra deitu gabe etortzen da, eta salatari eta laguna ere galdu dut egun hauetan. Ez dakit ni hain gaizki ikusita nekatu den edo nirekin batera erre den, baina markapasosa hondatu zait. Hau da bakardadea!

Atzo 18 kilometro egin nituen hiru erritmotan. Bezperan poliki ibili nintzenez atzo sasoiko nengoen, ustez. Usteak erdia ustel. Hasi bai sasoiko, baina bukaeran larri ibili nintzen. Ordubetera inguratzen naizenean hasten naiz ezinean. Hala ere, atzo osatu nuen entrenamendua. Gaur ezta hurrik eman ere. 32 kilometro egin behar nituen eta nekez iritsi naiz 25.era. Eskerrak maratoia ez den gaur izan! 15 egun falta dira eta nahiko lan badut gorputza indartzen.

Ez dut hamarrekoa hain erraz emango.

Nork: amezti.2005/08/20 21:00:00 GMT+2
Etiketak: 10 astea | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak