Atzo irakurri nion goiena.net blog komunitateko beste kide bati bere udaren gora beherak. Inspirazioa piztu dit eta nik ere nire udako nondik norakoen berri emango dizuet. Gainera uste dut 2010-2011 blog kurtsoa hasteko era polit bat izan daitekeela (noski post hau publiko guztiei zuzendua dagoenez eszenarik gogorrenak eta erotikoenak beste baterako utziko ditut, edo agian intimitatean kontatzeko ;) ).
Lehen uda izan da kotxeko gidabaimena edo sorosle titulua izateko aukera dudanetik ez dudana lan egin. Beno, baten batek galdetzen badit ea udan lan egin dudan baiezkoa emango diot baina soilik 18 egun izan dira. Lau egun uztailean, Oñatiko igerilekuan, eta 14 Usakoko errekan. Bietan sorosle lanetan eta inoiz leku horietan aurretik lan egin gabe. Esperientzia bezala esan beharra daukat ez dela erraza izan (kontuan izanda zer nolako erantzukizuna dugun pertsonen biziekin) baina aldi berean ez da batere zaila izan (aurretiko sei udatan Aiegiko Iracheko igerilekuan lan egin izanak esperientzia asko eman dit bi leku hauetan lanari aurre egiterakoan). Ondorioz esan dezaket uda bat gehiago egindako lanarengatik emaitza positiboak ateratzen ditudala.
Uztailean hasi zen nire oporraldia. Ekainean askok jakingo duzuenez Europako txapelketan egon nintzen eta ez zen nire egunik onena izan baina hala ere bizitzan aurrera egin beharra dagoela dakit. Beraz hori egitea tokatu zitzaidan. Uztailaren 7an Iruñean izan nintzen. Oso ondo pasa nuen lagun baten urtebetetzea ospatzen baina sentsazioa daukat urtetik urtera San Ferminen herrikoitasun maila jaisten doala eta atzerritarrentzako festa bat bilakatzen ari dela gero eta gehiago (zoritxarrez).
San Ferminak atzean utzita Donostiara hurbildu nintzen uztailaren 10 eta 11ean EHUk antolatzen dituen udako ikastaroen barruan Euskara 2.0 ikastarora. Bertan Sustatuko bosgarren urtemugan ezagutu nuen Gorka Julio berriro ikusi nuen eta Maite Goñi bezalako pertsonak ezagutu eta aldi berean eramaten duen proiektu berritzailea Ordiziako ikastolan batxilergoko ikasleekin teknologia berriak erabiliz. Balorazio oso positiboa egin nuen bi egun horien baitan, gauza berri batzuk ikasi nituen eta konpainia onean egoteko aukera izan nuen. Datorren urtean ez ditut beharko aukera askeko kredituak (arrazoietako bat zergatik hurbildu naizen azken bi urteetan Miramar jauregira) baina agian bisitaren bat Donostiara egingo dut aukera polita izaten delako Gipuzkoako probintzian egun batzuk igarotzeko.
Uztaileko azken astean kokaturik Alpeetara joateko ordua iritsi zitzaidan Gasteizko lagun batekin Alpe d´Huez-eko distantzia motzeko triatloian parte hartzeko (1,2-30-7). Joan aurretik Aloña Mendiko igeriketa saileko 25. urteurrenaren festa izan nuen eta han bizitakoa aurretik esanda daukat iadanik. Alpeetan astebete egon ginen, 7 egun. Aspertzeko betarik ez genuen izan, lasterketa oso ondo joan zen. Bizikletako zatiak zuen zailtasunik handiena, lakutik irten Bourg d´Oissan herrira jaitsi eta Alpe d´Huez igotzea baizen. Goian zazpi kilometro izango genituen aurretik korrika egiteko. Hango parajeetan txirrindularitza usaintzen zen leku guztietatik zehar eta egon ginen kanpinean bost izarretako hotel batean bezala egon ginen. Oso gustura eta tamalez gauza onenekin gertatzen den bezala oso motza egin zitzaigun.
Horrela abuztura iritsi ginen. Alpeetatik bueltan Gasteizetik Lizarrara joan behar nintzen, lagun on bati esker igande arratsalde-gauen Nafarroara joatea ahal izan nuen. Han Lizarrako jaiak gori-gori zeuden. Abuztuak 1eko eta 2ko gauetan lagunarekin irten nintzen parrandan. Primeran pasa genuen. Bigarren egunean behietara joan ginen goizean goiz (beno egia esanda goizeko entzierroa ia kale erdian harrapatu zigun). Ez naiz oso oker ibiliko giroa Iruñekoa baino hobeago zela esaten badut.
Jaiak amaitu ostean hamar eguneko astebete inguruko deskantsua ilobarekin Aiegin. Uste dut ez naizela hainbeste nekatu ume baten atzetik inoiz (eta hori aurten igerilekuan monitore lanetan nengoela ume batzuk energia asko xahutzen zidaten). A zer nolako energia daukan iratzarrita dagoen bitartean!!!
Iloba bere herrira itzuli ostean Malagara joatea tokatzen zitzaidan. Hamabi egun izan al ziren? Ala hamahiru egun? Ez naiz oso ondo oroitzen baina azpimarratu beharra daukat Malagako giroa asko aldatzen dela hemen bizi dugunarekin. Normala kontuan izanda goizeko lau eta erdietan 27 gradu egiten badu.
Malagako erritmoa laburtu dezakegu esanez bazkariarekin hasten dela arratsaldeko bostetan, afariarekin jarraitzen du gaueko hamarrak-hamaikak aldera, lan egiten da ondoren eta amaitzeko goizeko seiak aldera gosaldu egiten da egunari amaiera emanez eta ohera lotara joanez.
Han bizi izandako esperientzia oso aberasgarria izan da. Ezusteko handia eraman nuen feria deskubrituz eta datorren urtean ziurrenik handik egun batzuk egingo ditudala abuztuaren erdialdean.
Uda amaitzeko egun gutxi falta zirela itzuli nintzen Andaluziatik. Udaren amaierarekin batera nire oporretako garairik gogorrena bizitzea tokatzen zitzaidana. Alde batetik hasieran aipatutako lana Oñatiko txokorik politenetakoan eta beste alde batetik iraileko azterketak.
Guzti hori igaro da... zoritxarrez. Orain garai berri bati ekingo diot ikasturte berriaren hasierarekin. Ikusten duzuenez idazteko gogoz nago eta ea jarraipena ematen diodan. Denborak bakoitza bere tokian jarriko du... eta gainera berriro hasi naiz korrika egiten (alpeetatik ez ditut berriro korrikako zapatilak jantzi).
Idatzi artikulu bat