Orain dela aste batzuk Iban Arantzabalek aipatzen zuen bere blogean blogosferan sorkuntza gutxitu dela eta geroz eta gutxiago idazten dela. Horren arrazoi nagusi adibidez bizitza erosoago egin dezaketen tresnak asmatu direlako izan da, twitter web guneaz hitz egiten dugu. (gutxi gora beherako sintesi labur-laburra, zerbaitetan huts egin badut Ibanek berak zuzendu dezala).
Arrazoia ematen diot aipatzen duenean idatzizko sorkuntza hori gutxitu egin dela baina aldi berean gizartearen parte hartzea interneteko leku ezberdinetan areagotu egin da (sare sozialak, foroak, blogak...).
Niri ere gertatu zait. Orain egia da gehiago egon naitekeela bai facebook-en (hemendik aurrera bihotzez aurpegi-liburua deituko diot batzuetan) eta baita twitterren ere. Ez naiz maiz egoten leku honetan azkenaldian, horren froga nagusia blog honetako artxiboa ikustea besterik ez dago.
Zergatik batzuetan maizago idazten dudan eta beste batzuetan aldiz ematen du desagertu egin naizela lurretik... musikan egon daiteke erantzuna. Gaur Nahikarik idatzi du aspaldian ez dela agertu goiena.net-eko blogosferatik, nik neuk antzerakoa aitortu dut orain... Idazten dudanean musika ikusten dut. Beethoven-ek izugarrizko sinfoniak sortu zituen gorra izanda. Piano baten aurrean ez zuen musika egiteko tresna bat soilik ikusten musika baizik. Testu prozesatzailearen pantaila txuriaren aurrean ez dut ikusten pantaila txuri bat, erregela batekin albo batean eta goian beste bat, hainbat aukera letra motak aldatzeko edo zutabeak jartzeko... Partituraren hasiera dago hor. Batzuetan rock gogorra edo heavy metal-a egiten dut gogor kritikatuz egunerokotasunean ikusten ditudan zenbait gauzetan, beste batzuetan rap-aren bitartez ironia erabiltzen dut zenbait gauza salatzeko, El sobrino del diablo izan naiz behin edo beste humorea erabiliz egunak alaitzeko... Baina idazten dudan oro melodia batean amaitzea nahi dut. Batzuetan kanta hobeagoak egiten ditut, beste batzuetan altxorren oroitzapenean gordetzekoak eta inoiz gehiago berriro ateratzekoak. Baina bizitza bera ere horrelakoa da. Batzuetan ahaztu ezinezko egunak izaten ditugu eta beste batzuetan berriz ohera sartu bezain pronto ahaztu nahi ditugunak.
Momentuz leku xume honetatik ez gara Bruce Springsteen izatera iritsiko, baina edonori iribarre bat ateratzen badiot edo gogoeta prozesu bat bultzatzen badut hastera, horrekin konformatuko naiz. Eta bitartean kantautore bakarlari bat izango naiz munduan gora eta behera dabilena.
Idatzi artikulu bat