Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2009/10/16 08:11:33.776 GMT+2

Literatura etorkizunean

Atzo arratsaldean Elkarrek Gasteizen San Prudentzio kalean duen dendan izan nintzen. 111 akademiak Literaturaren bideak etorkizunean jardunaldien barruan mahai inguru bat antolatu zuen. Hizlarien artean Katixa Agirre, Patxi Zubizarreta eta Iban Zaldua zeuden. Moderatzaile lanetan berriz Ibon Egaña aritu zen.

Hasieran pentsatzen nuen Elkar dendakoek areto propio bat zutela eraikinaren barruan horrelako ekintzak jorratzeko baina hara iritsi nintzenean harritu egin nintzen mahaingurua dendaren ia erdian kokatu zutelako (pare bat apal mugitu behar izan zituzten). Agian kokapena estrategia hutsa izan zen hurbildu ginenok hitzalditik ateratzen ginenean dendako zerbait erosteko, batek daki. Antza denez ez zuten espero jende asko, soilik zortzi aulki baitzeuden jarrita mahai nagusiaren aurrean. Azkenean dozena bat pertsona inguru egongo ginen idazleek zer esaten zutena entzuten. Harrituta sentitu nintzen baina asko gustatu zitzaidan han egotea. Dendari beste erabilera bat eman genion han bildu ginenok. Hori izan beharko litzateke liburu denda bat, biltzeko gune bat eta literaturari eta arteei buruz hitz egiteko toki bat. Baina agian gai hori beste baterako utziko dut eta goazen harira.

Gauza asko esan ziren atzo arratsaldean. Gehienak (denak ez esatearren) zentzuzkoak eta iritzi pertsonalak batez ere. Gai ugari azaldu ziren mahai gainean: editoreen lana, euskal irakurlea, egungo euskal literaturaren egoera, zer egin beharko litzateke euskaraz irakurtzen sustatzeko... Zaila da atzo ukitutako gaien artean aukeratzea garrantzitsuena, guztiek dutelako protagonismo apur bat. Katixa Agirrek hasieran esan zuenarekin geldituko naiz. Non ikusten da irakurri egiten dela? Erantzuna oso erreza: autobusean. Hau da, bidaietan jendeak zerbait egin behar du bidaiak irauten duen bitartean. Bidaiari gehienak garraio publiko batera igotzen direnean eskuetan liburu bat edo zerbait dute irakurtzeko. Irakurtzen denaren seinale (entzuletako batek adierazi zuen metodo ona izan daitekeela ligatzeko edo bakoitzaren burua goresteko Stieg Larsson idazlearen liburu potolotako bat eskuan izatea, irudia soilik izan arren). Hemendik aurrera agian gehiagotan jabetuko naiz jendeak zer egiten duen bidaietan.

Atzokoaren ondorioz esan dezaket euskal literatura ez dagoela krisian. Hala dirudien arren eta gaztelaniazko literatura nagusiagoa den pertzepzioa izan arren, errealitate hori ez da oso zuzena. Euskal literatura orain dela hamarkada batzuk baino osasuntsuago dago, inoiz baino gehiago irakurtzen da euskaraz, inoiz baino idazle gehiago daude eta inoiz baino gehiago sortzen da... Galdera agian bi izan daitezke. Lehena zer egin daitekeen gehiago sustatzeko euskal literatura edo euskarazko literatura. Bigarren berriz etorkizunak zer dakarren digitalizazioaren munduarekin.

Literaturaren bideak etorkizunean. Hurrengo jardunaldiak:

Iruñea – Urriak 22:

Parte hartzaileak: Aingeru Epaltza, Juango Olasagarre eta Patziku Perurena.

Moderatzailea: Patxi Gaztelumendi.

Elkar aretoa: Comedias, 14.

Baiona – Urriak 29:

Parte hartzaileak: Itziar Madina, Eneko Bidegain eta Itxaro Borda.

Moderatzailea: Juan Luis Zabala.

Elkar aretoa: Arsenal plaza.

Nork: piban.2009/10/16 08:11:33.776 GMT+2
Etiketak: elkar literatura katixaagirre euskalliteratura patxizubizarreta gasteiz ibanzaldua | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak