Hogeita lau ordu inguru igaro dira atzo Distantzia Luzeko Europako Triatloi Txapelketan nire parte hartzea amaitu dudanetik. Denbora izan dut gogoeta batzuk egiteko eta jarraian han igarotako azkeneko egunen inguruan idatziko dut.
Ostirala. Egun bat falta
Deskantsu eguna. Ondo lo egin genuen. Gosaldu eta pixka bat irakurri ondoren Buesa Arenara hurbildu ginen bazkaltzera. Han parte hartzaileontzat bazkari bat zegoen probaren agendaren baitan. Zorionez pisukidea eramateko aukera izan nuen. Handik Landara gerturatu ginen bizikleta hango boxes-etan uztera. Ondoren Buesa Arenara bueltatu ginen hango boxes-etan korrikako zapatilak uztera. Guzti hori egin eta gero etxera. Ongi afaldu eta ohera hurrengo egunean goizeko seietan alarmak joko baitzuen.
Larunbata. Txapelketa eguna, D eguna
Goizeko seiak eta gosaltzera ekin nion. Ongi elikatu nintzenez aurreko egunetan gosari normal bat egin nuen: yogurra zerealekin, pare bat tostada eta platano bat. Txapelketara bidean litro erdi ur hartuko nuen ongi idratatzeko. Landara goizeko zortziak inguruan iritsi ginen. Jende ugari bildu zen baina batez ere Hiru Handien lasterketako bigarren etaparen amaiera han zelako. Kasualitatea.
Lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago bizikleta utzi genuen lekura joan ginen. Guztia ondo zegoela ziurtatu eta uretatik irtendakoan jantzi behar nituenak utzi nituen nire bizikletaren inguruan.
Gizonezko elite maila goizeko bederatzietan abiatu zen. Bost minutu beranduago emakumezko elite maila eta bederatziak eta hogeietan gu. Julen Kortabarria, Oñatiko Triatloi Taldeko kidea, irteera berdinean abiatu zen. Igeriketa nahiko garbia izan zen, ez ziren kolperik egon gure artean. Berrogeita hamar pertsona inguru irten ginen eta laku guztia genuen guretako. Uretatik sentsazio oso onekin irten nintzen. Ordubete eta hiru minutu. Bizikleta hartu eta aurrera. Lehenengo ehun kilometroak hiru ordutan burutu nituen baina hor hasi zen sufrimendua. Edaria sartzen zitzaidan baina ez zidan onik eragiten. Botaka egiteko gogoak gero eta handiagoak ziren. Agurainetik Gasteizera ez nuen oso ondo igaro baina bizikletako sektorea amaitzea lortu nuen. Korrikako lehenengo kilometrotan gorputzak erantzun zidan baina bigarren anoa gunetik hirugarrenera benetako infernua pairatu behar izan nuen. Bostgarren kilometroan gorputzak gehiago ezin zuela esan zidan. Hor amaitu zen zoritxarrez nire lasterketa. Uste dut erabakirik onena hartu nuela. Nire osasunarentzat uste dut onena egin nuela. Buruak kontrakoa esan arren. Zorionez Julen Kortabarria taldekideak amaitzea lortu zuen eta han egin nituen lagun batzuk ere beraien helburua lortu zuten.
Gogoeta eta eskerrak emateko garaia
Lehenik eta behin eskerrak eman nahi diet bidai honetan alboan egon diren guztiei eta Buesa Arena ingurura animatzera hurbildu zirenei, ezin zirenei egon, hilabete hauetan behin edo beste animoak eman didatenei, beti hor egongo direnei... Esperientzia oso ederra bizi izan dut, amaiera ona lortu ez arren. Ikasteko asko balioko dit honek. Berriro profesional bat bezala bizitzea aste oso batean agian ez zait suertatuko: lasterketa gunean kontzentratu, entrenamenduak burutu eta deskantsua zaintzeaz soilik arduratu, Europako triatletarik onenekin lasterketa batean parte hartu... Ziurrenik berriro errepikaezina izango da, horregatik gozatu dut zazpi egun hauetan zehar.
Sasoi onean nengoen baina zoritxarrez korrikako lehenengo kilometroetan gorputzak gelditzeko esan zidan. Espero nuen sufritzea, agian korrikako azken biran baina hain goiz... Horregatik uste dut gaztea naizela, esperientzia honetan asko ikasiko dudala eta hurrengo batean ziur lortuko dudala distantzia hau menperatzea.
Besterik gabe, ESKERRIK ASKO.
Erantzunak
Animo!!! triatloi horretan parte hartzea hori sari nahiko delakoan nago! Inguru hauetako onenekin aritu zara lehian!
Eskerrik asko zuri, gurekin hau guztia partekatzearren!!
Animo!
Nork: ezezagun ezaguna.2010/06/27 21:02:40.416 GMT+2