Bihar ziurrenik Diario de Noticias de Alava edo El Correo, Arabako edizioa, hartzen baduzue eta kirolen atarian Gasteizko Maratoi Erdiko kronika irakurtzen hasten bazarete ziurrenik irabazleen izenak eta denborak aipatuko dute eta egin duen hotza azpimarratuko dute. Baina Gasteizeko Maratoia hori baino askoz gehiago da. Zaila da azaltzea zer den abenduko igande hotz bateko ia 3000 korrikalariz osatutako lasterketa bat, baina saiakera txiki bat egitera noa.
Ia 3000 korrikalariz osatutako lasterketa bat komunikabideentzako muturreko tenperatura batzuetan burututako ekintza bat izan daiteke, baina bere barrenean hamaika istorioren sorleku da. Istorio bat izan daiteke pertsona batek azken lau hilabeteetan burutik ezin kendurik egon dela egun honekin bere marka onena gauzatuko duelakoan eta aste batean bere itxaropen guztiak bertan behera gelditzea gaixorik egon delako eta baldintzak ez direlako izan egokienak korrika egiteko. Edo izan daiteke pertsona batek ezin korrika egitea eta lagunei animatu behar izatea errepide aldamenetik. Edo...
Hamaika istorio aurki daitezke ia 3000 pertsonako pelotoian. Antolatzaileena ere liburu batean idaztekoa izan daiteke. Urte guztian prestatzen egon abenduaren 20an guztia bikain irteteko eta izozteen ondorioz hamaika buruhauste pairatu behar. Baina urte pila dira dagoeneko eta hartutako premiazko neurriak ondorio positiboak izan ditu lasterketan.
Istorio pertsonala zein den? Aurten zoritxarrez edo zorionez errepide aldamenean egon behar izan naiz. Argazki ederrak atera ditut, eta ez hain ederrak. Maratoi Erdian beste era batera parte hartzeko aukera izan dut eta izango dut. Bezperan parte hartuko zuten lagunekin igaro nuen arratsaldea. Gaur goizean korrikalariei animatzen aritu naiz erabiltzen duten ibilbidea oso ona delako ikusleentzat eta hurrengo egunetan atera ditudan uneen artean hiruzpalau aukeratuko ditut antolatzaileek sortu duten Gasteizko Maratoi Erdiko argazkilaritza lehiaketan parte hartzeko.
Oso ondo igaro dut aste bukaera hau Siberia Gasteiz inguruan eta pozik nago lortutako emaitzez. Datorren urtean ere lasterketa honetara hurbilduko naiz, ez dakit parte hartzaile bezala edo ikusle bezala, baina argi daukat abenduko aste bukaera batean Gasteizen egongo naizela maratoi erdiaren inguruan.
Idatzi artikulu bat