Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/07/22 10:27:45.489 GMT+2

Hondartzako sorosleei

Hemengo iritzi-eskutitz hau Berria egunkaritik hartu dut eta larunbatean, hilaren 19an argitaratu zen. Gustatu zait irakurtzea eta horregatik zuei ere aukera ematen dizuet irakurtzeko. Alde batetik ikuspegi bat ematen duelako azken urteetan gauzak aldatu direlako eta beste alde batetik nire lanbideari buruzko iritzi pertsonal bat delako Luis Bandres, EHUko irakasleak emandakoak.

Iturria: Berria.info

Hondartzetako sorosleei

Luis Bandres, EHUko irakaslea

Udan gaude eta gure hiritarrak nahiz inguruko herrietakoak edo ez hain hurbilekoak gero eta gehiago etortzen dira gure hondartzetara. Honela, donostiarrak alde batera utzirik, pasaitarrak, errenteriarrak, hitz batez, gurekiko ekialdeko herrietakoak Zurriolara joaten dira bereziki; lasartearrak, andoaindarrak, hots, mendebaldekoak, berriz, Ondarretara doaz gehienbat; eta, azkenik, edonondik etorritakoak nahiz bertakoak, Kontxara. Gure hiru hondartzetan hainbat zerbitzu eskaintzen da, eta horien artean hor dauden sorosleak beti prest edozein arriskuri aurre egiteko. Hauek hor egoten dira ordu eta ordu mugitu gabe itsasora begira beren laguntza noiz behar den zain. Nire aldetik beraiei omenaldi gisa eskaini nahi diet gaurko lantxo hau.

Zer esanik ez, orain sorosle postu bat betetzeko, aldez aurretik prestaketa berezi bat izan behar da, baina gauzak ez dira beti horrela izan eta, orain dela urte batzuk, lanpostu hori ez zen ezagutzen eta ezbehar bat gertatzen zenean laguntza edonork eman behar zuen. Horregatik, antzinako kazetetan, urteko sasoi honetan, aholku batzuk ematen zituzten honelako ezbehar bat gertatzen zenean zer egin behar zen irakasteko edo.

Ezbehar horien artean larrienetakoa urperatzea zen (eta zenbait kasutan da). Hori, gehienbat, eguraldia bero-bero denean eta lagun asko, bero horren atzaparretatik ihes egiteko, itsasoan edo ibai batera, ia inolako prebentzio izan gabe, sartzen direnean gertatzen da, batik bat. Ikus dezagun orain dela mende bat eta ia laurden zer aholku mota ematen zen honelako egoera bati aurre egiteko. Horretarako, El Noticiero Bilbaino izeneko kazetak bere ohizko aholku higienikoen artean, 1884ko abuztuko ale batean honela zioen: (Pentsa dezakegun moduan, aholku hauek erdara batuan zetozen eta nik ahal izan dudana egin dut euskaraz jartzeko) «Oraingo urtaroan urperatze dela-eta hainbeste heriotza gertatzen denez, heriotza mota hau arriskuarekin daudenei eman behar zaien tratamendua ezagutzeko aholku batzuk eskaintzea oso egoki iruditu zaigu». Eta zein ziren aholku hauek?

Lehenengoa, gaixoa gela epel batean, bere eskuineko aldearen gainean etzanda ipini eta, orduan, sudurraren aurrean amoniakozko eta sulfuriko azidozko nahaste bat jarri. Horrekin gaixoa ez bada berehala zutitzen eta korrika ihes ez badoa, bigarren bideari helduko diogu. Honek zera dio: gaixoaren gorputza berotu eta horretarako ur beroarekin betetako maskuriak, adreilu berotuak nahiz hondarrez betetako zakuak erabili, geroxeago eskuila batekin fristi-frasta sendo batzuk eman. Horrekin ere gaixoa suspertzen ez bada, ez etsi, beste bide bat badagoelako: ipurtzulotik ozpin eta gatzarekin betetako aiuta bat sartu. Eta, azkenik, esandako honekin guztiarekin ez badugu lortzen gaixoak altxatzea eta guregandik ihes egin dezala, hor dauzkagu odol-ateratzeak, okagarriak eta suarekin piztutako kotoizko edo iztupazko metxak bere narruaren gainean jartzeko.

Esandako tratamendu hauek guztiak leun moduan har ditzakegu, baldin garai hartan, dirudienez, erabiltzen zen beste honekin alderatzen badugu: gaixoa zintzilikatu oinetatik eta, alfonbra bat izango balitz eran, gogor astindu, tabakozko aiutak jartzen zaizkion bitartean. Baina, egia esateko, kazetariak azkeneko hau ez du gomendatzen.

Eskerrak orain bizi garen eta astakeria horiek baztertuak dauden. Gaur egun hondartzan honelako edo bestelako larritasun bat gertatzen denean denok badakigu hor aurrean badauzkagula sorosleak eta haiek ongi baino hobeto badakitela zer egin behar duten. Horregatik, hor beti prest egoteagatik eta prestakuntza egokia izateagetik: mila esker, sorosleak!

Nork: piban.2008/07/22 10:27:45.489 GMT+2
Etiketak: bilbo hondartza uda lana euskadi | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak