Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2010/05/21 18:16:24.399 GMT+2

Hirukoaren bila eguraldi onarekin

Aste bukaera interesgarria daukat/daukagu aurretik. Gure herrian auzo bateko jaiak dira, lehenengo urtetik fama handia hartu zutenak eta oraingoan ere indarrez datorrena nobedade ugariekin. Zorionez edo zoritxarrez ezingo dut ehuneko ehunean disfrutatu giro horretan sortzen den parrandaz baina igande arratsaldean zerbait hartzera eta hango bizigiroa usaintzera hurbilduko naiz. Esan bezala ezingo dut jai horietaz disfrutatu baina bestalde gehien gustuko dudan kirolaz gozatzeko aukera izango dut hiru bider.

Larunbatean Hondarribian Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak sprint distantziako triatloiean jokatuko dira. Han izango gara arratsaldeko hiruretatik aurrera Oñatiko Triatloi Taldeko kideak hiru talderekin. Lehenago ordea triatloi herrikoi bat ospatuko da leku berean. Herrikoian 350 metro igerian, 10 kilometro inguru bizikletan eta 2,5 kilometro korrika egin beharko dugu. Lasterketa hori beroketa gisa hartuko dut, adibidez neopreno gabe sartuko naiz uretara eta bestalde bizikletako zirkuitua ezagutzeko okasio emango dit. Sprint distantzian berriz distantziak bikoiztuko dira, 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika.

Igande goizean berriz Bizkaira hurbilduko naiz Zierbenako triatloi olinpikoan parte hartzera. Hor ere Oñatiko Triatloi Taldeko zenbait kide egongo gara. Distantzia olinpikoan 1500 metro igerian, 40 kilometro inguru bizikletan eta 10 kilometro korrika egingo dugu, hau da, bi ordu eta erdi inguruko lan bat ibilbidearen gora beheren arabera.

Hiru lasterketak entrenamendu bezala hartuko ditut Gasteizen ospatuko den distantzia luzeko Europako Txapelketari begira. Errespetu gehien ematen didana igandekoa da, hala ere beste biak ezin ditut mespretxatu eta taldekakoan daukadan mailarik onena ematea izango da helburua taldekideei ahal dudan heinean laguntzeko. Baina Senpereko aste bukaerarekin alderatuta (han larunbat arratsaldean taldekakoa egin genuen eta igande goizean berriz olinpikoa), eguraldi ona izango dugu lagun: beroa. Hori da aurten behar dudana, ekainean ziurrenik horrelako eguraldia edo beroagoa egingo digulako Salburuako inguruetan. Beraz alde horretatik pozik nago. Gustura nago gauzatutako entrenamendu guztiekin, psikologikoki bikain sentitzen naiz eta edozeri aurre egiteko indarrarekin.

Kirolaren historian zehar hirukote edo triplete interesgarriak suertatu dira: egungo Boston Celtics-eko hirukote magikoa (Garnett, Pierce eta Allen) edo Alberto Contadorren Giro, Vuelta eta Tourraren garaipenak urte batean etortzen zaizkit burura. Aste bukaera honetan nire hirukotea propioa lortzera noa!

Nork: piban.2010/05/21 18:16:24.399 GMT+2
Etiketak: salburua errekaldekojaixak oñatikotriatloitaldea triatloia hondarribia europakotxapelketa gasteiz errekalde zierbena araba gipuzkoa bizkaia euskadi | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak