*Atzo arratsaldean idatzitako artikulua Hego Euskal Herriko hiru probintziak gurutzatu ostean...
Atzo larunbatean Aloña Mendiko igeriketa sailean era batera edo bestera parte izan garenok oso egun berezia bizi izan genuen. Atzo larunbatean Aloña Mendiko igeriketa sailak bere hogeita bostgarren urteurrenaren jaia ospatzen zuen eta era batera edo bestera sail honen inguruan egon garenok oso egun berezia bizi izan genuen.
Txapelketa eta herri bazkaria
Ospatu beharra zegoen hogeita bost urte hauek. Arrazoi ugari zeuden. Bat azpimarratzeagatik Aloña Mendi Kirol Elkartea talde bat baino gehiago delako Oñatiko herriarentzat eta sail bakoitzaren baitan azken finean iragan garenok, iragaten ari direnak eta iragango dutenak herri honetako kirolaren historiaren zati bat osatzen dugulako familia handi bat osatuz.
Pixka bat originalak izateagatik eta ordu alai batzuk igarotzeko igerilariak izandakoak eta orain taldean daudenak goizeko hamarretan ordua hartua genuen Oñatiko Zubikoa kiroldegian txapelketa herrikoi batean parte hartzeko. Han Aloña Mendiko igeriketa saileko iragana, oraina eta geroa elkartu ginen (emakumeren batek bere barrenean eraman zuen etorkizunerako igerilariren :D ). Oso ondo atera zen dena. Zerbitzari bat beste igerilari ohi batekin epaile lanetan aritu ginen (zerbaitetarako baikara publienpleatuak eta epaile titulua noizean behin erabili egin beharra dago). Baina ez ginen libratu igeri egitetik. 50 bular, 4x50 libre eta 4x50 estiloetako probetan parte hartu nuen. Esan bezala han bildu ginen iragana, oraina eta etorkizuna eta aukera izan nuen lehendabizikoz nire aurretik egon ziren kirolariekin batera igeri egiteko gure bigarren edo hirugarren etxean izan zen igerilekuan. Zerbait berezia izan zen. Bizitzan izaten dugun situazio horietako bat hitzik gabe gelditzen garela hori deskribatzeko.
Igeri ondoren eta kaloria batzuk erre ostean Aloña Mendi Kirol Elkarteak antolatutako Garagardo feriako karpan herri bazkaria izan genuen igeri egitera joan ginenok eta era batera edo bestera igeriketa sailera lotuta egon ziren pertsona guztiak geunden gonbidatuta.
Musutruk lan ugari
Bazkari on baten ostean hitzen eta hitzaldi motzen ordua iritsi zen. Galaren gidatzaile bezala Oñati irratiko kirol korrespontsala izan genuen, Aratz Losada. Bertan zenbait omenezko plaka banatu ziren Aloña Mendiko Igeriketa sailarengatik egindako lanarengatik. Lehenik eta behin sortzaileei eta sailak izan zituen presidenteei omendu zitzaien. Ondoren hogeita bost urteetan nabarmendu diren igerilariei ere beraien oroigarria eman zitzaien, hauek Espainiako txapelketara iristeagatik jaso zituzten plakak. Azkenik lan asko eta urte asko itzalean lan egiteagatik oroigarri bereziak jaso zituzten hiru pertsonek igeriketa sailaren eskutik. Lehenengo biak Juan Mari Andueza eta Anjel Maiztegi, bolondres bezala urte askoan lan eta lan aritu ostean sailari eman dioten guztiarengatik.
Aipatu bezala hirugarren pertsona batek ere jaso zuen oroigarri berezia. Igeriketa saileko aurpegirik ezagunena baina protagonismoa hartzea gustatzen ez zaion pertsona bat. Argazkitan maiz agertzen dena baina beti ere bere igerilarien atzetik. Saila sortu zenetik urtero lanean kirol emaitza onargarriak lortzeko eta lortzen hamar mila biztanleko herri batentzako. Berak putakume bezala deskribatu zuen bere burua. Igerilariok badakigu bigarren aitatzat har dezakegula. Bigarren aitatzat eta lagun on bat bezala (kirol honek eta talde honek duen bereizitasun onenetakoa: bakarkako kirola izan arren lagunak erraz egin daitezkeela eta loturak urte luzeetan irauten dutela). Txalo zaparrada handiena eta hunkigarriena jaso zuen Xabier Infante “Artza” jaunak. Lehen aldiz ikusi nuen nire entrenatzailea izandakoa negar malkotan (han bilduta geundenen artean ez zen bakarra izan). Zirrarra berezi bat sortu zitzaigun sabeletan irudi hura ikusi genuenean, oilo ipurdia jarri arte. Saileko zuzendaritzaren partetik bere oroigarria jaso zuen eta igerilariok ere, sail honetako historiaren parte izan garenok, opari bat egin nahi genion guregatik egindako lan guztiarengatik esker ona emateko. Hala ere badakigu gasteiztar honek egin duen lana igeriketatik haratago doala eta inoiz ezingo diogula behar bezala ordaindu. Bertso bat eta luxuzko Hotel batean egonaldia oparitu genion.
Bertsoa (Doinua: Habanera):
Burubelarri jardun da
25 urte hauetan
diziplinari helduta
gure entrenamenduetan
gurekin zabiltzanean
ondo dakizu zuk zertan
nahiz uretatik kanpora
eta berdintsu uretan
zurekin gu beti pozik
lehiatzen herri denetan
zure izaera baita
goraipatzekoa benetan
jaso ditzazula gure
eskerrak gaurko honetan
segi ezazu kementsu
aurrera igeriketan.
Aloña Mendik badauka
entrenatzaile bakarra
bere lana egiteko
inork ba ahal du indarra
goizeko seietan beti
hasten du bere beharra
nahiz udaberria izan
edota negu zatarra
nahiz ta guk zurekin pasa
pistinan egun bat txarra
entrenatzaile bezala
guretzat zara izarra
zu ezagutzea baita
izugarri edarra
belarritik tira eginez
gora Artza Gasteiztarra.
Besarka eta muxu handi bat
zure igerilarien partez
Oroigarria
Goizean igeri ostean kamiseta bat eman ziguten oroigarri bezala, bazkarian eraman beharrekoa. Gaur egun edozein lekutara edozein ekintzetara zoazela, batez ere kirol probei eta jaiei buruz ari naiz, kamisetak edonon ematen dizute. Hamaika proba egin ostean azkenaldi honetan aukeraketa bat egin behar izan dut armairuko espazio faltarengatik eta asko ez ditudalako jartzen. Horiek ziurrenik Argentinarako bidea hartuko dute beste batzuek, ni baino behartsuagoak, erabil dezaten. Horregatik uste dut ditudan kamisetak momentu berezietan lortutakoak izan direla. Hor ditut adibidez Calellan lortutakoa helmuga zeharkatu ostean nire aitaren eta lagunaren alboan edo orain berritsuki Europako txapelketan lortutakoa parte hartzeagatik adibidez. Beraz atzoko kamiseta nire armairuan luxuzko leku bat aurkitu du eta ikusten dudan guztietan gogoratuko naiz atzo bizi izandako egun ederraz.
Eskerrik asko Igeriketa Sailekoei atzo antolatutakoagatik, eskerrik asko Artzari hamaika arrazoiengatik baina garrantzitsuena beti disponible egoteagatik bere igerilekuko garitan eta eskerrik asko atzo hurbildu ziren guztiei uste dudalako giro benetan ederra eta polita lortu genuelako guztion artean.
Beste 25 urteren buruan ikusiko garelakoan,
Aloña Mendi goratutzen dugu, pozez bete leku bakoitzean!!! Aliron, aliron, aliron... ALOÑA MENDI TXAPELDUN!!!
P.d. Post hau kikuz beterik dago :D Orain dela astebete entzun nuen bezala, euskaldunok gure barnean dugun euskal filologoa akabatu egin dut eta beldur gabe eta lotsagabe aritu naiz artikulua hau idazteko. Batzuek gogoko izango dute beste batzuek ez hainbeste... beraz soilik esan goza dezazuela ahal duzuen neurrian artikulu honekin!!!
Idatzi artikulu bat